EL DROGAS
'(Barricada 40º)'
Diskoetxea: El Dromedario Records.
Zilegitasun osoz, Enrique Villarrealek bere bizitzako banda izan zenari omenaldia egin zion 2022. eta 2023. urteetan. Bira arrakastatsu horretan, soilik Barricadaren kantuak jo zituzten, baita haietako gehienak gogortasun ezberdin batez jantzi ere. Emanaldi oldarkorrak izan ziren, kantuak El Drogasen taldearen estilora ekarri zituena. Izan ere, Brigi Duqueren atabala jotzeko estiloak zerikusia izan zuen horretan, eta Tan fácil, Campo amargo, Problemas edota Objetivo a rendir kantuetan faktore horrek eragin positiboa eduki zuen arren, beste zenbaitetan (La silla eléctrica, Lentejuelas, Víctima) zaldi eroen modura ibili zen laukotea bira osoan. Kontzertu erraldoiak, bai, baina akats batzuekin, beraz. Edozein kasutan, disko eta DVD lehergarri eta bortitza dugu, zale guztiak asebetetzeko modukoa.