Hauteskundeak besterik ez dute buruan izango hainbat alemaniarrek egunotan; izan ere, bihar izango dute hautetsontzietara bozkatzera joateko aukera. Bada, ordea, beste gairik Berlinen, zinema esaterako. Gaur izan da Berlinale festibalaren 75. aldiko sari banaketa, Berlinale Palast aretoan. Dag Johan Haugerudek zuzendutako Drømmer filmarentzat izan da Urrezko Hartza.
Bertako protagonista Johanne itsu-itsuan maiteminduko da bere frantseseko irakasleaz, eta horrek maitasunaren eta sexualitatearen inguruan esperimentatzeko aukera emango dio. Todd Haynes epaimahaiaren buruaren esanetan, maitasunaren inguruko hausnarketa bat da filma, «berezia eta ironikoki unibertsala». Trilogia baten azken partea da saritutako filma, eta, zuzendariak aitortu duenez, «edozein amets baino handiagoa» izan da harentzat Urrezko Hartza jasotzea.
Epaimahaiaren sari nagusia, berriz, O último azul-ek jaso du. Gabriel Mascarok zuzendutako lan horrek Tereza deitzen den emakume heldu baten istorioa kontatzen du. Amazoniako herri txiki batean bizi da Tereza, eta adineko jendea soilik bizi den etxebizitza multzo batera eraman nahi dute bizitzera. Hark, ordea, ez du hara joateko asmorik, eta, bere kabuz, bidaia bati ekingo dio Amazonian barna. Filmaren kutsu «probokatzailea» azpimarratu dute epaimahaiko kideek.
Haurren begiradatik
El mensaje pelikulari eman diote epaimahaiaren saria —Donostiako Zinemaldian ere izan zen—. 9 urteko haur bat da kontakizunaren muina. Argentinan zehar autokarabanan bere ama bisitatzera joango da haurra tutoreekin, ama osasun mentaleko arazoak dituztenentzako erietxe batean baitago. Road trip moduko bat sortu du Ivan Fund zuzendariak; zuri-beltzean filmatuta dago.
Hou Meng zinemagile txinatarra izendatu dute zuzendaririk onena, Living The Land lanarengatik. 1991n Txinan izandako gizarte eraldaketa eta eraldaketa ekonomikoa izan du ardatz zuzendariak filma ontzeko.
Ikuslearen saria
Eva Libertad zuzendari espainiarraren Sorda filmak jaso du Panorama saileko ikuslearen saria. Elena Irureta aktore zumaiarrak hartzen du parte bertan. Emakume gor baten —Angela— istorioa kontatzen du pelikulak. Gorra ez den gizon batekin ezkonduta dago Angela. Haur bat izatear daude, eta horrek hainbat kezka sorraraziko dizkio protagonistari; esaterako, haurrarekin modu egokian komunikatu ahal izango den ez jakiteak.
Zuzendariaren ahizpa da Angelaren rola egiten duen aktorea, eta txikitatik ikusi izan du pertsona gor baten bizitza nolakoa den. «Filma gure arteko harremanean oinarrituta dago. Horregatik esaten dugu bizitza osoa daramagula film hau egiteko prestatzen», azaldu du Libertadek.