Antzerkia

Dramaturgia izango du ardatz Lautan Hiru jaialdiaren bosgarren aldiak

Otsailaren 2an abiatuko da Lautan Hiru antzerki laburren jaialdia Bilboko Zazpikaleetan. Guztira, bederatzi ekitaldi eskainiko dituzte: sei antzezlan, solasaldi taularatu bat, irakurraldi dramatizatu bat eta Ganbila bildumaren aurkezpena.

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur goizean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urtarrilaren 24a
12:29
Entzun

«Gogoberrituta eta berrikuntzaz josita» dator aurtengo Lautan Hiru: antzerki txikia, festibal handia jaialdia, Iñaki Mendizabal Euskaltzaindiko komunikazio arduradunaren hitzetan. Aurreko aldietan bezala, antzerkigintza izango da jaialdiaren muina, baina hainbat formatutan. Guztira, bederatzi ekitaldi antolatu dituzte: sei antzezlan, solasaldi taularatu bat, irakurraldi dramatizatu bat eta Ganbila bildumaren aurkezpena. Euskaltzaindiak, Bira kulturguneak, Zazpi Katu gaztetxeak eta Cafe Bar Bilbao tabernak elkarlanean antolatzen dute Lautan Hiru, eta, aurten, berrikuntza gisa, beste eragile bat gehitu zaie: AEKren Kalderapeko kulturgunea. Horiek izango dira, hain zuzen, ikuskizunak taularatzeko bost agertokiak. Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

Jaialdiaren bosgarren aldia da aurtengoa. Izatez, Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan antolatu zuten 2019an, eta, emaitzak ikusita, urtez urte egiteko erabakia hartu dute. Aurten, baina, egitarau murritzagoa prestatu dute. «Ekitaldi gutxiago antolatzeko erabakia hartu dugu, kalitatearen mesedetan», azaldu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Hala ere, hasierako helburu berberak dituzte: euskarazko antzerkia indartzea, batetik; antzerkilariei beren lanak erakusteko espazioak eskaintzea, bestetik; eta Zazpikaleetako kultur giroan eragitea, azkenik.

Bi ekoizpen propio

Otsailaren 2an izango da lehenengo emanaldia, eta datozen hiru ostegunetan egingo dituzte hurrengoak: hilaren 9an, 16an eta 23an, hain zuzen. Dramaturgia izango da, gainera, aurtengo ardatz nagusia. «Sarritan, gidoilariak ezkutuan geratzen dira, eta horiengan jarri nahi dugu arreta», adierazi du Mendizabalek.

Berrikuntza gisa, bi ekoizpen propio ere izango ditu aldi honek, lehenengoz: Dramaren komeriak deseraikitzen solasaldi taularatua eta Txizatoki bat eszenatokian antzezlana. Matxalen de Pedrok gidatuko du lehenengoa, eta Aizpea Goenagak, Jokin Oregik eta Eneritz Artetxek parte hartuko dute. «Antzerkigintzaren gakoak azalduko dituzte, modu umoretsu eta jostarian», aurreratu du Mendizabalek. Bigarren ekoizpena, berriz, Patxo Telleriak egin du: «Jaialdirako beren-beregi idatzi du gidoia».

Ekitaldiei dagokienez, askotariko egitaraua prestatu dutela aurreratu dute antolatzaileek. Horien artean egongo da, besteak beste, Cafe Bar Bilbao sariketako aurtengo sariduna: Lutxo Egiaren Hamalau antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo du Mikel Martinez aktoreak. Horrez gainera, aurkezpen bat ere egingo dute: Susa argitaletxeak kaleratzen duen Ganbila antzerki bildumaren inguruan arituko da Oier Guillan.

Era berean, iaz bezala, Ikusle kluba egingo dute aurten ere, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen elkartearekin batera. Ikusle talde batek Maren Basterretxearen Igaro antzezlana aztertuko du otsailaren 8an, eta emanaldia hurrengo egunean izango da, Zazpi Katu gaztetxean. Hala, antzerkizaleen bizipenez hitz egiteko espazio bat lortu nahi da.

Jaialdiko bonuak eta sarrerak bihar jarriko dira salgai, Cafe Bar Bilbaon eta Bira kulturgunean. Gainera, bonua erosi dutenen artean, Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura sustatzeko opariak zozketatuko dira astero.

EGITARAUA:

Otsailak 2:

- 19:00etan, Txizatoki bat eszenatokian (Patxo Telleria, 40 minutu), Euskaltzaindian.
- 20:00etan, Nire zigilua (Alain Lersundi, 35 minutu), Kalderapekon.

Otsailak 9:

- 19:00etan, Igaro (Maren Basterretxea, 30 minutu), Zazpi Katu gaztetxean.
- 20:00etan, Zuri (Goitibera konpainia: Gaizka Chamizo, Saioa Iribarren, Ander Basaldua; 30 minutu), Bira kulturgunean.

Otsailak 16:

- 19:00etan, Dramaren komeriak deseraikitzen solasaldi eszenaratua (Jokin Oregi, Aizpea Goenaga eta Eneritz Artetxe; 50 minutu), Euskaltzaindian.
- 20:00etan, Hamalau obraren irakurketa dramatizatua (Mikel Martinez, 20 minutu), Cafe Bar Bilbaon.

Otsailak 23:

- 19:00etan, Raska Nazka (Aitor Vinagret, 25 minutu), Euskaltzaindian.
- 19:30ean, Ganbila bildumaren aurkezpena (Oier Guillan), Euskaltzaindian.
- 20:30ean, Daisy Crazy (Pez Limbo konpainia: Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara), Bira kulturgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.