'Don Carlo'

Drama izugarri handia

2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Bakarlariak. A. Raspagliosi, R. Aronica, R. Scandiuzzi... Musika zuzendaria. R. Frizza. Orkestra. BOS. Lekua. Euskalduna. Eguna. Irailaren 18a.

Jesus Mari Begoña

OLBEk hasiera arrakastatsua eman dio Bilboko opera denboraldiari Verdiren Don Carlo-rekin. Izan ere, eszena eta musika zuzendariek, bai Giancarlo Del Monacok bai Riccardo Frizzak egoki islatu zuten, bakoitzak bere esparruan, Schillerren draman oinarriturik Verdik konposatu zuen opera heldua. Ordea, ez da askotan programatua izan. Beraz, Del Monacokgarai hartako Espainiako Inperioren maparekin jantzi zuen goitik behera agertoki huts eta iluna, historia gogora ekarri nahian. Horrekin batera, Carlo V.aren estatuak, Errenazimenduko condottiero-en itxura hartuta - gurutziltzatuta, biak erraldoiak- laguntza handikoak izan ziren garai hartako giro politiko katoliko-inperialistaren irudia indartzeko. Horren adibiderik argiena bigarren ekitaldiko bigarren koadroa izan zen; hau da, fede auto-arena, irudi plastikoaizan genuen. Bestalde, Frizza maisuak operak duen argien eta ilunen aberastasun harmonikoa atera zion Bilbao Orkestra Sinfonikoari eta Bilboko Operaren Abesbatzari. Baina, beharbada bakarlariek egin zuten lorpenik handiena. Aronica tenor lirikoak, esaterako, ausardiaz abestu zuen etengabean gora zihoan lerro kantua, eta egoki antzeztu Don Carloren rol zaila. Raspagliosi soprano lirikoak, berriz, gozotasuna erantsi zion Isabelen rolari. Erregulartasunez kantatu zuen. Halaber, Scandiuzzik baxuaren bolumen handiko ahots biribila eta fraseo dramatikoa erakutsi zituen Felipe II.aren rol autoritarioan. Stoianof baritonoak, berriz, fraseatze itzela; gustua eta eskarmentua dituela utzi zuen argi. Cornetti mezzoak bolumena, arnasketa eta agudoak eman zizkion Eboli maltzurraren rolari. Denak izan ziren oso txalotuak publikoaren aldetik. Faria baxuak ere ondo bete zuen Inkisidorearen rola, baita gainontzeko abeslariek euren rol txikiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.