'Dragoi ehiztaria' filmean zuen ardurari uko egin dio Patxi Barcok

Salatu du ekoiztetxeak ez duela aintzat hartu postprodukzioan, eta estreinaldiaren bertsioa ez du beretzat hartu

Patxi Barco eta Asier Hormaza, Dragoi ehiztaria-ren lehen filmaketetako batean, Lezon. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Patxi Barcok ez du bat egiten gaur estreinatuko den Dragoi ehiztaria-ren bertsioarekin, eta filmean edukitako ardurari uko egin dio, ohar batean zehaztu duenez.Azaldu du filmaketa lanak «pozik» amaitu zituela eta, ordurako Angel Amigok eginiko gidoia «ahul samarra» iruditzen bazitzaion arren, postprodukzioan konpontzeko asmoa zuela. Era berean, Amigo «bere hutsak itsuki defendatzen» tematu zen, haren irudiko, «askoz ere esperientzia handiagoko profesionalei kasurik egin gabe».

Postprodukzioa da «zinemagintzaren sukaldea», Barcoren ustez, eta horren arabera bihurtzen dira filmak «on ala txar». Filmaketa lanak amaituta, bi urteko geldinea egin zuten, eta Barcok dio «orain hilabete asko» saiatu zela ekoiztetxekoekin harremanetan jartzen, postprodukzio lanak egiteko asmoz. «Nire eskubide eta betebeharra zen, eta hala idatzita zegoen kontratuan ere. Ez nuen modurik izan, ordea. Lan guztia haiek egingo zutela erabaki zuten, ezkutuka». Hala, filmaren estreinaldiko kopia «esklusiboki» Zurriola Group Entertainment ekoiztetxearena dela dio: «Ekoizleak gidoiaren zatiak aldatu ditu azken kopian, eta bera arduratu da amaierako muntatzeaz, bikoizketaz, soinu zerrendak ezartzeaz, etalonajeaz eta musika kontuez ere. Horiek horrela, kopia horrek ez du inondik ere errespetatzen nire ikuspuntu artistiko eta teknikoa, eta gisa horretara zabaltzeak kalte egiten dit moralki, pertsonalki eta profesionalki».

Gogoeta luzea

Estreinaldia oztopatu? izenburua jarri dio Barcok oharrari, hain zuzen ere, bururatu zaizkion irtenbideetariko bat delako hori. «Luze eta zabal» gogoetatu du «legeak eskaintzen dizkion aukerez baliatzeaz» eta Dragoi ehiztaria-ren estreinaldia «legalki eragozteaz».

Azkenerako, ordea, atzera egin du, hainbat arrazoik bultzatuta. «Ikus-entzunezkoen sektorearen egoera ekonomikoa eta profesionala zein diren aztertuta, eta ikusirik filma estreinatuko ez balitz Zurriola Group Entertainmenten praxi txarrarekin zerikusirik ez duten errugabe asko kalteturik aterako liratekela, neurririk ez hartzea erabaki dut». Hartara, «publikoaren, kritikaren, instituzioen eta hedabideenesku» utzi du ekoiztetxearen «baldarkeria, irizpide falta eta profesionaltasuna» epaitzea.

Kontratu bakarra eta bi iritzi

Kontratuaren inguruko interpretazio desberdinak dituzte biek ala biek: Barcoren irudiko, zuzendariaren eskumena da postprodukzioko lan guztia, eta Amigok dio amaierako emaitza ekoiztetxearena dela osorik. Kontuak kontu, Barcok salaketarik egin ez duenez gero, normaltasun osoz estreinatuko da gaur zinema aretoetan. Ezagun denez, ETApm-ko militante baten istorioa kontatzen du filmak, Euskal Herrian borroka armatuan jarraitzeko arrazoirik ikusten ez duen arren Latinoamerikako gerrillei laguntzera joaten den batena. Bere barne kontraesanak erakusten dira, batez ere semeak gaztetan zer egin zuen galdetzen dionean.2,5 milioi euroko aurrekontua izan du, eta euskaraz inoiz egin den filmik garestiena da. Dena dela, jatorrizko bertsioan, euskarazko elkarrizketak pertsonaiak Euskal Herrian direnean soilik agertzen dira, eta gaztelaniaz aritzen dira atzerrian, lanari errealismoa emateko asmoz. Estreinaldiaren aurrekoa atzo egin zuten, Getxo Zinemak aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.