Espetxeak libre izeneko manifestua plazaratu dute hainbat kulturgilek. Salatu dutenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan aisialdi ekintza soziokultural bat egiten duten artista, talde nahiz elkarteei aldez aurretik dokumentu bat sinatzeko eskatzen ari zaie Eusko Jaurlaritza; Euskadiko espetxeetan, aisialdirako gizarte eta kultura jardueretan tratamendu helburua eta delituen biktimen duintasuna eta sentimenduak errespetatzeko konpromisoa izeneko dokumentua, hain zuzen. Ez dutela sinatuko adierazi dute 51 sortzailek, eta erretiratzeko ere eskatu diote Jaurlaritzari. Halaber, sortzaileei manifestuarekin bat egiteko deia egin diete.
Dokumentuak kulturgileei eskatzen die zin egin dezatela bi konpromiso beteko dituztela kartzela barruko jarduera horri lotuta. Hala dio lehenak: «Jarduna eta haren edukiak, betiere, askatasunaz gabetutako pertsonak gizarteratzeko prozesuaren eta espetxe tratamenduaren xede den jokabide prosozial egokiaren aldekoak izango direla. Ildo horretan, funtsean eta forman, saihestu egingo dira Giza Eskubideen, Ordenamendu Juridikoaren eta espetxeetako tratamendu psikosozialaren aurkako balioak eta jarrerak babestea, justifikatzea eta goratzea ekar dezaketen adierazpenak». Eta bigarrenak, berriz, honako hau: «Era berean, jarduerak eta edukiek ezin izango dute inola ere iraindu edo kaltetu inolako delituren biktimen duintasuna eta sentimenduak, edozein dela ere babestutako ondasun juridikoa. Ildo horretan, delituak edo jokabide antijuridikoak egitearen aldeko edozein adierazpen saihestuko da, bai eta justiziaren ekintzaren kontrakoak, edo LGTBI+ taldeak, emakumeak, terrorismoaren biktimak, desgaitasuna duten pertsonak, atzerritarrak edo bestelako indarkerien biktimak bezalako kolektiboekiko mespretxua edo gorrotoa erakusten dutenak».
«Ez, ez dugu sinatuko, eta Eusko Jaurlaritzari dokumentu hori erretira dezala eskatzen diogu», adierazi dute manifestuaren sinatzaileek. Kulturgile horiek, dokumentuko lehen puntuaren harira, esan dute ez dutela «Huxleyren Bai mundu berria kultura sortu nahi». «Ez dugu kulturgintza bat nahi estatuen, enpresen, espetxeen eta abarren aldeko mezuak bota eta kritika oro zentsuratzeko».
Bigarren puntuaz, berriz, esan dute «bereziki mingarria» iruditzen zaiela, «dokumentuaren xedea zentsura izanik, kolektibo batzuen zapalkuntza historikoa erabiltzea espetxearen irudia garbitzeko, espetxea bera zapalkuntza horien tresna (izan) delarik». Eta galdetu dute ea kantatu ahal ote diren 564; Carcelero, carcelero; Sarri Sarri; Presos de la sociedad nahiz Pantxoa eta Peioren kantak kartzela barruan, edota bertsolari batek espetxea kritikatu ahal duen bertso batean.
«Zera nahi dute, sortzaileak autozentsura aplikatzea bere buruari, gaizki geratzen baita zuzenean debekatzea, eta aldi berean eskubidea ematen diote espetxeari erabakitzeko zer den kultura onargarria eta zer ez, nahiko modu arbitrarioan», salatu dute sinatzaileek. Haien ustez, baina, kritikak eta publikoak baloratu behar dute kultura.
«Inkisizioaren eta frankismoaren teknikak»
Kulturgileen iritziz, «kulturak balio terapeutiko bat dauka aske denean»; aldiz, «inposatua denean», balio hori galdu egiten duela ohartarazi dute. «Sakonean inkisizioaren eta frankismoaren teknika berdinak baliatzen ari dira hitz modernoagoak erabili arren. Presoek kulturarako eskubidea dute kalekoek bezala. Eta barruan nahikoa kamera eta mikro daude jardun kulturala baldintzatzen dutenak, ez dezagun mamu gehiago gehitu».
Manifestua «irribarre ironiko batekin» amaitze aldera, gogora ekarri dute Auschwitzeko sarraski esparrua askatu zuteneko 80. urteurrena dela, eta Arbeit macht frei (Lanak askatzen du) zela gunearen sarrerako goiburua. «Beharbada inoiz edo behin antzezlan, kontzertu, bertso saio edo hitzaldi batera sartzen garen kulturgileek antzeko zerbait oihukatu beharko genuke: «Espetxeak libre egingo zaituzte!».
Sinatzaileak
Manifestura kulturgile gehiago atxikitzeko deia ere egin dute. Gaur-gaurkoz, hauek dira sinatzaileak:
Xebastian Lizaso Iraola (Bertsolaritza)
Askoa Etxebarrieta Lasheras (Dantza)
Fermin Muguruza (Musika)
Unai Lopez de Armentia (Antzerkia)
Gotzon Barandiaran Arteaga (Literatura)
Javier Barandiaran Melero (Antzerkia)
Metrokoadroka kolektiboa (Antzerkia)
Manex Agirre Arriolabengoa (Bertsolaritza)
Iosu Ordoñez Fernandez (Libre bizi)
Uxue Urzelai (Euskalgintza)
Oihana Iguaran (Bertsolaritza)
Erika Lagoma Pombar (Bertsolaritza)
Aitor Bizkarra (Bertsolaritza)
Eneko Abasolo (Bertsolaritza)
Oier Azkarraga Grajales (Bertsolaritza)
Unai Iturriaga Zugaza-Artaza (Bertsolaritza)
Etxahun Lekue Etxebarria (Bertsolaritza)
Koldo Gezuraga Seijido (Bertsolaritza)
Odei Barroso Gomila (Musika)
Bingen Mendizabal Alvarez de Arkaia (Musika)
Ander Solozabal Kortabarria (Musika)
Jon Basaguren (Musika)
Txerra Bolinaga (Musika)
Aitor Valcarlos La Txama (Musika)
Xabier Lasa (Bertsolaritza)
Joseba Baleztena (Musika)
Iñaki Ortiz de Villalba Paiueta (Musika)
Josu Zabala (Musika)
Iban Zaldua (Literatura)
Perlata (Musika)
Zero (Musika)
Iñaki Urbizu Azazeta (Musika)
Victimas Club (Musika)
Uxue Apaolaza (Literatura)
Aner Peritz Manterola (Bertsolaritza)
Ramon Agirre (Zinema)
Txema Ramirez de la Piscina (Kazetaritza)
Edu Zelaieta Anta (Literatura, EHUko irakaslea)
Zigor Garro Perez (Literatura, zinema)
Arkaitz Sagasti (Musika)
Aritz Landeta Terceño (Musika)
Añube (Musika)
Xabat Ituarte (Musika)
Josu Aranburu (Musika)
Urki Gojenola Ibarloza (Musika)
Breixo Fernandez (Musika)
Garazi Arrula Ruiz (Literatura)
Lur Aranburu (Zirkua)
Kepa Arakistain (Musika)
Itziar Moreno (Ilustrazioa eta ipuin kontalaritza)
Alexander Idoeta Anakabe (Bertsolaritza)
Lee Kore (Musika)
Aitor Atxa (Musika)
Broken Legacy (Musika)
Aissa Intxausti (Bertsolaritza)