Kutsu intimista duten kontzertuekin abiatuko da jaialdia, L.A. Mallorkako taldeak zabalduko du urriaren 3ko kontzertu saioa. Eleanor Friedebergen pop-artikoa eta Za! talde kataluniarra izango dira ondoren entzungai. Bill Ryder Jones kantari, multinstrumentistaren eta pianojotzailearen doinu intimoek emango diote amaiera lehen saioari.
Urriaren 4ko kartela anitza bezain luzea da: Wilhem & The Dancing Animals, Miss Caffeina, Wild Honey, Doble Pletina, Cohete, Kokoshka eta Don the Tigerrek osatuko dute bigarren eguneko egitaraua.
Eta, azkenik, urriaren 5ean doinu elektronikoak eta hip hopa nagusituko dira. Batetik, “Manchester sound” deiturikoaren puntako adibideak izango dira gaueko saioan Gasteszenan. Hala nola, The Whip, Mendetz, Deptford Goth, eta Graeme Park Dj. Bestetik, hip hop doinuez gozatzeko aukera izango da arratsaldeko kontzertuan, Mala Rodriguezek “Dirty Bailarina” jiraren azken kontzertuetariko bat eskainiko du Gasteszenan.
Urte osoko Donostikluba zirkuituaren nondik norakoen berri eman dute bestalde gaur goizeko aurkezpenean. Bertako musikari independenteak sustatzea helburu izango duela azpimarratu du Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko kultura zinegotziak, eta bestetik, Klub edo areto txikiak musika programazioaren zirkuituan integratzea izango da beste urte batez ere erronka. Euskal Herriko hainbat taldek joko dute urria hasi eta apirilera bitartean; Bide Ertzean (urriak 23), Lou Topet (abenduak 10), Anari (abenduak 13) eta Audience (abenduak 28). Amaiera kontzertua Belako taldeak eskainiko du Musikaren Egunarekin bat eginez, ekainaren 23an izango da.