Donostiako Zinemaldiaren artxibo osoa jarri dute ikusgai

Jaialdiaren 70 urteko historian bildutako 4.000 dokumentutik gora eta 27.000 fitxako katalogo bat apailatu dituzte 'Artxiboa' webgunean

Artxiboa atari digitalaren aurkezpena, atzo, Madrilen. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
itziar ugarte irizar
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiaren 70. urtemugarako lau urte falta ziren arren, Zinemaldia 70: historia posible guztiak izena jarri zioten Donostiako Zinemaldiak eta Elias Kerejeta Zinema Eskolak 2018an jaialdiaren historia hedatzeko abiatutako lanei. Zinemaldiaren artxibo historikoa kontserbatu, ikertu eta publiko zabalarentzat eskuragai jartzea zen haren xedea, eta lan horren lehen fase bat itxitzat jo dute orain, webgune berri baten aurkezpenarekin: Artxiboa. Atzo aurkeztu dute, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan, eta bertan izan ziren egitasmoa babestu duten erakundeetako ordezkariak ere, tartean, Euskadiko Filmategia, Medialab Tabakalera, Kutxa Fundazioa eta Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundea.

Denera, 4.000 dokumentu digitaletik gora bildu dituzte atari berrian: Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki baino gehiago, Zinemaldiko egunkarien 711 ale —1954tik gaur artekoak gordetzen dira—, ia edizio guztietako 350 bat kartel eta bestelako hemeroteketatik jasotako dokumentuak. Horrez gain, 27.000 deskripzio fitxa baino gehiagoko katalogo bat ere badakar webguneak, eta irakaskuntzarako zein ikerketarako behar dituztenek eskatu ahalko dute bilduma horretarako sarbidea.

Bost dira webgunean nabigatzeko prestatu dituzten atal nagusiak, eta, proiektuaren izenari keinu bat eginez (Zinemaldia 70: historia posible guztiak), aurkezpen orri ezberdin bat topatuko du erabiltzaileak webgunea bisitatzen duen aldiro.

Jardunaldia larunbatean

Atondutako artxiboa jendaurrean aurkezteko jardunaldi bat ere antolatu dute larunbat honetarako, Donostian. Tabakalerako zinema aretoan izango da, 16:30ean, eta Maialen Beloki, Carlos Mugiro, Arantza Mariskal, Joxean Fernandez eta Ane Abalde ariko dira hizlari, Pablo La Parra Perez proiektuaren ikerketa arduradunaren gidaritzapean. Hitzaldi labur gehiago ere egingo dituzte ondotik, eta, jardunaldia ixteko, Clara Rusen ¿Cuáles son nuestros años? film laburra proiektatuko dute, EQZEko ikasleek 2018an artxiboarekin izandako lehen kontaktua dokumentatzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.