Donostiako 69. Zinemaldia irailaren 17tik 25era egingo da aurten, eta berrikuntza nabarmen bat izango du: Sail Ofizialeko epaimahaiak ez ditu sexuaren arabera bereiziko aktoreak. «Generoa eraikuntza sozial eta politiko bat da, eta antzezpenak bereizteko irizpide izateari utzi dio guretzat», azaldu zuten Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendari eta Zinemaldiko hautaketa batzordeko kideak, atzo, Tabakaleran egin zuten agerraldi batean.
Aktoreen lana saritzeko bi Zilarrezko Maskor emango dituzte aurrerantzean ere, bata aktore protagonistarik onenari, eta bestea taldeko aktorerik onenari. «Araudia aldatzeak aukera ematen du genero maskulinokoak eta femeninokoak ez diren beste identitate batzuk aintzat hartzeko, eta taldeko interpretazioen lana aintzatesten du, gainera», adierazi dute. Bi sari horiek ex aequo eman ahal izango dituzte.
«Aldaketen garaiak dira, eta erabakiak hartzekoak. Arretaz jarraitzen diegu gai honi buruz mugimendu feministaren barruan gertatzen ari diren eztabaidei. Ez dugu ziurtasunik, baina aurrera egin nahi dugu gizarte berdinzaleago bat eraikitzen laguntzeko», esan dute. Berlingo Zinemaldiak ere kendu du sexuaren araberako bereizketa interpretazio sarietan.
Atzoko agerraldian, aurtengo jaialdiaren irudi nagusia aurkeztu zuten, gainera. Sigourney Weaver aktorea da kartel ofizialeko protagonista. Donostiako Eva Villar estudioak diseinatu du kartela, baita jaialdiko beste zazpiak ere. Weaverrek ospe handia lortu du 40 urte baino gehiagoko aktore ibilbidean; besteak beste, Alien eta Ghostbusters sagetan eta Gorillas in the Mist (Michael Apted, 1988) filmean antzeztutako rolengatik. Laugarren aldiz jarraian, zinemaldiak aktore bat aukeratu du urtebetez jaialdiaren irudia izateko; Isabelle Huppert, Penelope Cruz eta Willem Dafoe agertu dira aurreko urteetako karteletan.
Donostiako Zinemaldiak «baikortasuna» zabaldu nahi zuen iaz, aurrez aurreko jaialdi bat eginez, eta aurten, berriz, «ilusioa berreskuratu dela ziurtatzea» da haren helburua. Murrizketa batzuk izango dira oraindik, baina pandemiaren aurreko jaialdiaren itxura berreskuratuko du, pixkanaka. Saio gehiago programatuko dituzte, eta ikusle gehiago izango dira horietako bakoitzean. «Glamourra» alfonbra gorrira itzul dadin ere nahi dute. Hala ere, ez da egingo ez irekiera, ez itxiera festarik, eta ez dute saiorik antolatuko belodromoan.
Pandemiak eragindako aldaketa batzuei eutsi egingo diete, ordea, hemendik aurrera ere. Industriako ekitaldiak mistoak izango dira: aurrez aurrekoak eta Internet bidezkoak.
Brotxakadak karteletan
Eva Millarrek Juan Ugalde margolariarekin elkarlanean sortu du kartel ofiziala, Matthew Brookes argazkilariak orain dela bost urte Toronton (Kanada) egindako argazki bat oinarri hartuta. Rebordinosek Weaverrekin izan duen tratu ona nabarmendu du, berehala onartu baitzuen haien proposamena.
Aktorea hiru aldiz joan izan da Donostiako Zinemaldira: Alien (1979), A Map of the World (1999) eta A Monster Calls (2016) filmak aurkeztu ditu jaialdian. Azken aldi horretan, Donostia saria jaso zuen, egindako bidearengatik. «Donostiak beti izan du leku berezi bat nire bihotzean; zinema prestigiozko jaialdi batek zientzia fikzioko gure film txikia hautatu zuen», esan zuen orduan.
Zinemaldiko antolatzaileek nahi lukete Weaverrek inaugurazio galan parte hartzea, baina, filmaketa bat dela-eta, ezingo da etorri, segur aski, Rebordinosek esan duenez. Baliteke aukeraren bat egotea oraindik, filmaketetan gorabehera handiak izaten ari direlako azken urtean.
Sail guztietako kartelak. MAIALEN ANDRES / FOKU
Zinemaldiak zortzi kartel izango ditu denera: ofiziala, eta sail bakoitzeko bat. Millarrek azaldu du «ilusioak» eragin duela lana. «Kolore paleta saturatu» du karteletan, argiagoak izan zitezen. Brotxakadak antzematen dira guztietan. «Gizakiaren ekintza» adierazi nahi izan du horiekin, zuzeneko presentziaren garrantzia, «teknologiaz betetako garaiotan». Kartel bakoitza zehatza da; ideia sinple bat labur lantzea erabaki du Millarrek.
Zuzendari Berriak, Zabaltegi-Tabakalera, Horizontes Latinos, Perlak, Nest eta Culinary Zinema sailen kartelak aurkeztu dituzte; baita Hego Koreako zinemaren urrezko aroari buruzko Loreak infernuan izeneko atzera begirakoarena ere. Angae / Mist (Kim Soo-yong, 1967) filmeko irudi bat erabili dute horretarako.
Cannesko Zinemaldia uztailera atzeratu da aurten, eta 6tik 17ra bitarte egingo dute. Hilaren 21etik 25era, berriz, Jazzaldia izango da Donostian. Bi horiek igarotakoan hasiko dira hautatutako filmen berri ematen, eta iragarpenez beteta egongo da uda.