Zinema

Donostiako Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak 50 film emango dituzte Klasikoak programaren barruan

120 emanaldi baino gehiago izango dira, apirilean hasi eta irailera bitarte. Montxo Armendarizen 'Tasio' filma Donostiako Zinemaldian emango dute, jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu eta berrogei urtera.

Charles Chaplinen 'Modern Times' filmarekin hasiko da Klasikoak programa. BERRIA
Charles Chaplinen 'Modern Times' filmarekin hasiko da Klasikoak programa. BERRIA
mikel lizarralde
Donostia
2024ko martxoaren 20a
15:05
Entzun

Donostiako Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak 50 film eta 120 emanaldi baino gehiago emango dituzte apiriletik irailera bitartean, Klasikoak programaren bitartez: klasiko zaharrak zein modernoak izango dira ikusgai, pelikula ospetsuak zein ezezagunagoak. Gaur goizean aurkeztu dute programa Donostian, eta, arduradunek azaldu dutenez, denboran eta espazioan luzatutako «jaialdi bat» izango da funtsean, hainbat ziklo bilduko baititu datozen hilabeteetan.

Hain zuzen ere, Klasikoak markarekin biltzen da zaharberritutako hamabi filmez osaturiko zikloa, apiriletik ekainera bitartean egingo dena. Euskadiko Filmategiak Lumière saioak izenburupean antolatu ditu emanaldiok Gasteizko Artium museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan, Donostiako Tabakaleran, Iruñeko Golem zinemetan eta Donibane Lohizuneko Le Select aretoetan (Lapurdi). Horretaz gainera, beste bi ziklo izango dira irailean, Donostiako Zinemaldian biak ala biak. Alde batetik, polizia generoari eskainitako atzera begirakoa, Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra izenekoa, zeinak 25 bat film jasoko dituen. Eta, bestetik, klasikoen emanaldiak ere izango dira; izan ere, 66. aldiaz geroztik, hainbat film eman dituzte programa horren barruan; hala nola Akai Tenshi / The Red Angel (Yasuzo Masumura), Zacharovannaya Desna / Enchanted Desna (Yuliya Solntseva), eta Sátántangó (Bela Tarr).

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariaren iritziz,Klasikoak programari esker garai guztietako zinema ekarriko dute gaur egungora. «Eta, hein handi batean, nazioarteko beste zinemateka batzuekin izaniko lankidetza sareari esker izango da posible, beren zaharberritzeak aurkeztuko baitituzte». Eta zera gaineratu du: «Zinema beste arteak baino gazteagoa da, baina  klasikoak ere baditu. Hala, funtsezkoa da sortu zireneko baldintzetan eskuratu ahal izatea (zinema aretoa, kopia onak, jatorrizko bertsioak eta abar), gure erakundeen kultura zinematografikoa transmititzeko».

Film ezagun eta ezkutuagoak

Klasikoak programa apirilean hasiko da, Lyongo Lumiere Institutuarekin (Frantzia) lankidetzan antolatutako zikloarekin. Horren barruan, hamabi film emango dituzte, «haietako batzuk aski ezagunak, eta beste batzuk, berriz, oraindik esploratzeko daudenak», zikloaren arduradunek azaldu dutenez.

Zikloa Charles Chaplinen Modern Times (1936) filmarekin hasiko da, apirilaren 5ean, Donostian. Chaplinen azken film mutua izan zen, eta Boloniako Zinematekak (Italia) zaharberritu berri du.

Hurrengo asteetan, berriz, honako film hauek emango dituzte: Esa pareja feliz (Juan Antonio Bardem eta Luis Garcia Berlanga, 1951), Peeping Tom (Michael Powell, 1960), Cross of Iron (Sam Peckinpah, 1977), The Apartment (Billy Wilder, 1960), Les ordres (Michel Brault, 1974), L'inconnu de Shandigor (Jean-Louis Roy, 1967), Adieu, Chérie (Raymond Bernard, 1946), Classe tous risques (Claude Sautet, 1960) —iaz, atzera begirakoa eskaini zion Sauteti Donostiako Zinemaldiak, baina orduan ezin izan zuten lan hori eman—, Koibumi (Kinuyo Tanaka, 1953), Sur (Fernando E. Solanas, 1988) eta Not a Pretty Picture (Martha Coolidge, 1976).

'Tasio' Donostiako Zinemaldian

Aurten ere film klasiko bat programatuko dute Donostiako Zinemaldirako, eta, hain zuzen ere, Montxo Armendarizen Tasio (1984) emango dute jaialdiaren lehenengo egunean. Aurten beteko dira berrogei urte filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.