Egia kultur etxea, Dabadaba eta Le Bukowski ariko dira abuztuaren 4ko Glad Is the Day musika jaialdia koordinatzen, eta, kontzertuak ez ezik, DJ saioak ere izango dira; guztira hamabost taldek joko dute, batak bestearen atzetik, eta bederatzi ordu osatuko dituzte etenik gabe, 12:00etatik 21:00etara bitartean. Gaua luzatu nahiko luketenek DJ saio gehiago izango dituzte aukeran Le Bukowskin eta Dabadaba aretoan.
Urtero legez, estilo askotariko taldeak hautatu dituzte jaialdirako. Oholtza nagusirako rap-reggae, rock, pop eta punk doinuak hobetsi dituzte; zazpi talde igoko dira: La Ola Maldita (Donostiako surf rocka), Erromintxelak (Arrasateko swinga), Alcala Norte (Madrilgo postpunka), Magia Bruta, La Txama, Ibil Bedi eta Silverio (Mexiko). Hondamen Sonikoa oholtzan, berriz, hip-hopa eta doinu urbanoak izango dira nagusi; 1111, Alai, Kalipotxo eta Sixsex taldeak arituko dira, baita Makeda, Sara goxua, Alta eta Sofy Suars DJak ere. Saio guztiak doan izango dira.
Kontzertuez gain izango da besterik ere. Esate baterako, piknikak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak. Gogoaren pizgarri, bestalde, Gladis Aperitifa antolatuko dute bezperan, abuztuaren 3an, 19:00etan, Tabakalera kanpoaldeko Nestor Basterretxea plazan. Musikagelako talde bat arituko da bertan.