Donostia saria, Victor Erizeri

Ana Torrent aktoreak emango dio saria Erizeri, irailaren 29an, Viktoria Eugenia antzokian. Zinemagilearen 'Cerrar los ojos' film berria pantailaratuko dute ekitaldiaren ondoren

Victor Erize, 2019an, Harria eta zerua bideo instalazioaren aurkezpenean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
Andoni Imaz
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Mende erdia igaro da El espíritu de la colmena-k, Victor Erizek bakarka zuzendutako lehen filmak, Urrezko Maskorra irabazi zuenetik Donostiako Zinemaldian. Gainera, aurten, orain arteko azken film luzea egin eta 31 urtera, Erizek pelikula berri bat aurkeztu du: Cerrar los ojos. Aukera hori baliatzeko, eta, batez ere, zinemagilearen ibilbidea goraipatzeko, Donostia saria jasoko du jaialdian; irailaren 29an, Viktoria Eugenia antzokian. Ana Torrent aktoreak emango dio saria: 6 urterekin aritu zen El espíritu de la colmena-n, eta film berrian ere lan egin du.

Erizeren ibilbidea bitxia da. Espainiako zinemagintzako egile nabarmenetako bat da, prestigio handikoa —handienekoa, agian—, baina bide gorabeheratsua izan du, eta harreman onik ez zinemaren industriarekin. Aurten arte, hiru film luze zuzendu ditu bere kasa —azkena, El sol del membrillo (1992)—. Denak arrakastatsuak, neurri batean, izandako harrerari eta jasotako sariei erreparatuz gero. Baina ezin izan du errorik egin ekoizpen sistema horren barruan. Hala ere, laugarren film luzea egin arteko bidean, beti aritu izan da lanean: eskolak ematen, bideo instalazioak sortzen, eta proiektu kolektiboetan parte hartzen.

Karrantzan jaio zen (Bizkaia), 1940an. Hilabete gutxi zituela, familia Donostiara aldatu, eta han bizi izan zen 17 urte bete zituen arte; Madrilera jo zuen gero. Gazte garaian, Irungo zineklubera (Gipuzkoa) joateko ohitura zuen. Kontatzen duenez, bazen gizon bat, zinemazale bat, hitz egiten hasten zenean bat bera ere tente uzten ez zuena. «Hizketan ari den hori Oteiza da, eskultorea», azaldu zioten Erize gazte hari. Azkenean, irrika handiagoa izaten omen zuen eskultoreari aditzeko, filmak ikusteko baino. Hori esan zuen, besteak beste, Oteizaren omenezko Harria eta zerua bideo instalazioa jarri zuenean Bilboko Arte Ederren Museoan, orain lau urte.

Harreman estua izan du Donostiako Zinemaldiarekin. Zuzendu zuen lehen lana, Los desafíos atalkako filma (1969) —beste zatiak Jose Luis Egearenak eta Claudio Guerinenak dira— Sail Ofizialean hautatu zuten, eta zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen. Handik lau urtera lortu zuen Urrezko Maskorra.

El espíritu de la colmena-ren istorioa ezaguna da: 1940an, Gaztelako herri batean bizi dira Isabel eta Ana haurrak, gurasoekin. Igande batean, zinema ibiltaria iritsiko da herrira, Frankenstein filmarekin (James Whale, 1931). Zinemarekin izandako esperientziak aztoratu egingo du Ana, eta erdi ametsezko egoera berezi horrek errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak hautsiko dizkio.

Pelikula horren oihartzuna suma liteke Erizeren La morte rouge film ertainean (2006). Off-eko ahotsean, Erizek, film hartako haur bat balitz bezala, kontatzen du nola ikusi zuen 1946an, Donostian, gogoratzen duen lehen filma: The Scarlet Claw (Roy William Neill, 1944). Proiekzio horrek berebiziko eragina izan zuen harengan ere: heriotzaren kontzientzia ekarri zion. Inozentziaren galera.

Orain dela hamar urte, Euskadiko Filmategiak gonbidatuta, Erizek bere bi film horiek aurkeztu zituen, hain zuzen, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian: El espíritu de la colmena lehenengoz erakutsi zuten lekuan, saria jasoko duen aretoan. Agertokian, Albert Camusen L'envers et l'endroit-en hitzaurreko pasarte bat irakurri zuen (Aurkia eta ifrentzua, 1937), Joxean Fernandezek Zinemaldia 1953-2022 liburuan kontatzen duenez: «Ziur dakit gizon baten lana hauxe besterik ez dela, lehen aldiz bihotza ireki zioten bi edo hiru irudi sinple eta izugarri horiek berreskuratzea, artearen saihesbideetatik barrena».

El sur (1983) eta El sol del membrillo film luzeak Cannesko Zinemaldian aurkeztu zituen zinemagileak, Sail Ofizialean. Bata istorio bukatugabe bat da berez, ekoizleek bigarren partea kendu ziotelako, muntatuta zeukatena nahikoa zelakoan; bestea, Antonio Lopez pintorearen lan prozesuari buruzko dokumental berezi bat.

Ordutik, zinema aretoetan baino gehiago, museoetan ibili izan da Erize. Lan aipagarriak egin ditu: tartean, Ten Minutes Older bildumako Alumbramiento laburra (2002) eta Abbas Kiarostamirekin izandako korrespondentzia (2006).

'Cerrar los ojos', zinemetan

Aurten, Cannesen aurkeztu du Cerrar los ojos, lehiaketatik kanpo. Erize ez zen joan, ez zegoelako konforme jaialdiak filmari emandako tratuarekin. Amaitu gabeko film baten eta aktore baten desagerpen misteriotsuaren inguruko istorio bat kontatzen du lanak. Donostia saria eman ondoren pantailaratuko dute. Pelikula Ipar Euskal Herriko aretoetan ematen ari dira egunotan; sari banaketaren egunean bertan iritsiko da Hego Euskal Herrikoetara.

Donostiako Zinemaldiak bi Donostia sariren berri eman du oraingoz: bestea Javier Bardem aktoreak jasoko du, eta hura da jaialdiko kartelaren protagonista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.