Bart jaso du Donostia saria Juliette Binoche (Paris, 1964) aktore frantziarrak, Kursaalean. Hura izan da bart gaueko ekitaldiko protagonista nagusia, eta Claire Denisek zuzendutako Avec amour et achanement filma ere eman duten galan. Binoche kartel ofizialeko protagonista ere bada. Isabel Coixeten eskuetatik jaso du saria, Eneko Sagardoik aurkezturiko ekitaldian.
Binochen «argia» azpimarratu du Coixetek. Dioenez, argi horrek aktoreak parte hartzen duen pelikula oro hartzen du. «Antzezten duen pertsonaia guztiek dute argi bitxi eta izugarri hori», adierazi du.
Poza aurpegieran disimulatu ezinik, malkoei ezin eutsita, esker oneko hitzez bete du Binochek oholtza gainean eginiko hizketaldia. Garaikurra jaso berritan, azaldu du «zoriontsu» dagoela Zinemaldian, eta «etxean bezala» sentitzen dela. Jaialdiko antolatzaileei, lankideei eta abarri eman dizkie eskerrak, baina baita beste bidaide bati ere. «Nire bidelagun fidelari nahi dizkiot eman eskerrak: isiltasunari».
«Harraldi bakoitzaren aurreko isiltasunetik, hortik, ate horretatik ateratzen ditut beharrezko ditudan emozio eta sentsazioak. Isiltasunik gabe, ez dago hitzik, ez dago izpiriturik, eta isiltasun hori konparti dezakezunean aktore batekin, zuzendari batekin, urrezko hari batek dena josten du, eta pelikula bat sortzen», azaldu du, biziki hunkituta.
Aurreko hitzak
Zinemaldiko antolatzaileek maiatzean iragarri zuten aktorea izango zela aurtengo Donostia sarietako bat jasoko zutenetako bat. Ekitaldiaren aurretik, atzo goizean, prentsaurreko bat eman zuen Binochek. Bere ibilbide luzeaz jardun zuen han, eta, adinaz galdetuta, esan zuen hori ez dela garrantzitsua «pertsona gardena bada».
«Rol bat antzezten dudanean ez dut epaitzen, maitatu egiten dut, gustuko dut kontraesankorra izatea; bizitzan zehar ere barne ibilbide bat egiten duzu», esan zuen aktoreak.
Hil berri den Jean-Luc Godard zuzendariari buruz ere hitz egin zuen. Hark paper bat eman zion 1985eko Je vous salue, Marie filmean. Azaldu zuen orduan ikasi zuela zuzendariak ez diola beti laguntzen aktoreari: «Sekulako kolpea izan zen hori. Harremana ez zen erraza izan, beldurra nuen, baina ikasi nuen ez nuela besteen babesaren zain egon behar, prest egon behar nuela».
Esan zuen ez duela sekula izan rol interesgarriak lortzeko arazorik, baina horretarako garrantzitsua dela aukeratzen jakitea. Azpimarratu zuen ezetz esan izan diela Hollywoodeko zuzendariei: «Gauza honetara iristen jakin behar dugu, ezezagunera salto egiten, eta zinema matxistatik aldentzen».
Hiru hamarkada
Azken hiru hamarkadetako aktore frantziarrik ospetsuenetako bat bilakatu da, eta, bere herrialdean ez ezik, handik kanpo ere lan ugari egin ditu. 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zuen ibilbidea zinema munduan, eta, orduz geroztik, 70etik gora filmetan parte hartu du. Besteak beste, Les amants du Pont-Neuf (1991), Damage (1992), Trois couleurs: Bleu (1993), The English Patient (1996), Chocolat (2000), Cosmopolis (2012) eta Clouds of Sils Maria-n (2014).
Lehen urratsak antzerkian egin eta aktore gisa Frantziako Arte Dramatikoko Kontserbatorio Nazionalean trebatu ondoren, Binochek zineman debuta egin zuen Liberty Belle (Pascal Kane, 1983) filmarekin. Ondoren, zenbait rol jokatu zituen; besteak beste, Jean-Luc Godard (Je vous salue, Marie, 1985), Jacques Doillon (La vie de famille, 1985) eta Andre Techine (Rendez-vous, 1985) zinemagileen filmetan. Azken horrekin, bada, berriz aritu zen urte batzuk geroago Alice et Martin (1998) filmean. Mauvais sang (1986) ikonikoan, lehen aldiz kolaboratu zuen Leos Caraxekin. Haren agindupean aritu zen, halaber, Les amants du Pont-Neuf (1991) filmean.
Bere karreraren hasieratik, frantsesez filmatutako tituluak eta ingelesez egindako beste asko tartekatu ditu; besteak beste: The Unbearable Lightness of Being (Philip Kaufman, 1988), Wuthering Heights (Peter Kosminsky, 1992) eta Damage (Louis Malle, 1992).
Binochek doluz dagoen emakume baten rola jokatu zuen Krzysztof Kielowskiren Trois couleurs: Bleu (1994) trilogia ezaguna inauguratu zuen filmean. Lan horrengatik, aktorerik onenaren saria eskuratu zuen Veneziako zinema jaialdian, baita Cesar sari bat jaso ere –beste bederatzitan ere sari horietarako hautagai izan da, gainera–. George Sand nobelagilea ere izan zen Les enfants du siècle (Diane Kurys, 1999) filmean. Baina nazioarteko aitortza The English Patient (1996) filmean jokatu zuen erizainaren rolari esker etorri zitzaion. Taldeko emakumezko aktorerik onenaren Oscar saria eta Berlingo zinema jaialdiko aktorerik onenaren saria irabazi zituen lan horrekin.
Europako zinemagileen esanetara lan egin du; besteak beste, hauekin: Jean-Paul Rappeneau, Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo itxi zuena Le hussard sur le toit (1995) filmarekin, Chantal Akerman (Un divan à New York, 1996), Patrice Leconte (La veuve de Saint-Pierre, 2000), Lasse Hallstrom (Chocolat, 2000), John Boorman (Country of My Skull, 2004) eta Michael Haneke. Harekin funtsezko bi lan filmatu ditu: Code inconnu: Récit incomplet de divers voyages (2000) eta Caché (2005). 2002an, Décalage horaire (Danièle Thompson) filmaren protagonista izan zen, eta, harekin, Donostian izan zen lehen aldiz, Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo ixteko.
Haren filmografiako beste titulu nabarmen batzuk hauek dira: Mary (Abel Ferrara, Perlak, 2005), Le voyage du ballon rouge (Hou Hsiao-Hsien, 2007), Disengagement (Amos Gitai, 2007) eta Shirin (Abbas Kiarostami, 2008). Azken zuzendari horrekin berriro egin zuen lan Copie conforme (2010) filmean. Toscanan girotutako amodio istorio horrekin emakumezko aktorerik onenaren saria irabazi zuen Canneseko zinema jaialdian.
2018an, aktorea berriz itzuli zen Donostiara Sail Ofizialean lehiatu ziren bi film aurkeztera: Vision, Naomi Kawaseren ikuspegi mistiko bat, eta High Life, Claire Denisekin egin zuen beste kolaborazio bat. Zientzia fikzioko generokoa da, eta Fipresci saria lortu zuen.
Haren azken lanen artean daude, orobat, Hirokazu Koreedaren La vérité (2019) –harekin batera izan zen aktorea Donostian hirugarren aldiz– eta Ouistreham (Emmanuel Carrere, 2021). Film horrek, iaz, Perlak sailean parte hartu zuen, eta Europako Filmik Onenaren Donostia Hiria publikoaren saria jaso zuen.