Donostia eta beste zenbait epelkeria

Nakar taldeak sei abestiko disko labur bat kaleratu du: ‘Epelkeriaren kontra’. Lau minutu pasako 'spoken word'-eko pieza batekin hasten da lana, eta ‘Xamurtasun erradikala’ izeneko baladarekin amaitu.

Nakar taldeak EHZ jaialdian eskainitako kontzertuko irudi bat. JON XABIER ZABALA / EHZ
Nakar taldeak EHZ jaialdian eskainitako kontzertuko irudi bat. JON XABIER ZABALA / EHZ
Inigo Astiz
2024ko urriaren 3a
05:00
Entzun

Xalba Ramirez musikari eta Nakar taldeko kideak dioenez, taldean beti egon dira Donostiaren hiri ereduarekin oso kezkatuta, eta afari batean horri bueltaka zebiltzala piztu zitzaien burutazioa: «Donostia da epelkeriaren hiriburua». Hori izan zen lehen hazia, Ramirezek dioenez. «Hemen dena da epela. Eskuina ere epela da hemen; hala eskuina nola ezkerra: dena». Baina hazten eta hazten jarraitu zuen ideiak, geruzaz geruza, hitzez hitz, melodiaz melodia, entseguz entsegu, harik eta, azkenean, sei abestiko disko labur bat bilakatu den arte: Epelkeriaren kontra (Balio Dute eta DDT). Baina abiapuntua baino ez da Donostiarena azkenean, musikariek nagusi den gizarte eredu osoari jaurti baitizkiote beren dardoak, eta taldearen nortasun ikur diren punk abiadako musika elektronikoa eta pasarte melodikoagoak tartekatu dituzte horretarako.

Nakar taldearen 'Epelkeriaren kontra' diskoa abiatzen duen abestia.

Manifestu Antiepelista deitu duten lau minutu pasako spoken word-eko piezak irekitzen du diskoa, eta, «gabon» xume baten ondoren, besteak beste, ondorengo izakiak deitzen dituzte, behingoz, epelkeriaren aurka altxatzera: «lan egunen goi gerlariak», «kopetan muxuaren behar metafisikoa duzuen jarkoretak», «maitasunaren ninjak», «enpatiaren kamikazeak», «goxotasunaren yakuzak» eta «cruising-aren plusmarkistak». Kantuak dioenez, «zeresangodutenismoa» da hiriaren gaitzik larriena, eta haien hitzetan «epelkeriaren irudiak» direnak ere zehatz deskribatzen dituzte ondoren. «Bikote heteroak, Brasilen eta Vietnamen. Oporretako argazkiak: klase propaganda. Ezkondu ez, baina hipotekak elkarrekin». Eta dena erretzeko gonbitarekin amaitzen dute kanta. «Nor dator nirekin jada existitzen ez diren lekuak erretzera?». Eta galdera bederatzi bider errepikatu ondoren itzultzen dira guztiaren jatorri izan zen ideiara. «Nor dator nirekin jada existitzen ez diren lekuak erretzera? Adibidez, Donostia».

«Epelekeriaren kontra egitea eta jarrera gogorra aldarrikatzen ditugu, bai, baina ez gizontasunetik abiatuz, baizik eta beste jarrera batzuetatik eta goxotasunetik»

XALBA RAMIREZNakar taldeko kidea

Ramirezek denbora zeraman spoken word-eko pieza bat sortzeko gogoz, eta epelkeriaren aurkako afari hark eman zion azken bultzada. Idazten hasi, zer ateratzen ari zen gustatu, ahalik eta zorrotzen utzi, eta orduan bidali zien taldekideei. Eta, azaldu duenez, «Punky y Cursi» (Punkia eta Kursia) izeneko meme kontu bat izan du horretarako inspirazio iturri nagusietako bat.

Edozer, baina egurra

Ia hasterako, ñabardura bat ere egin nahi izan du Ramirezek, halere. «Epelkeriaren kontra egitea eta jarrera gogorra aldarrikatzen ditugu, bai, baina ez gizontasunetik abiatuz, baizik eta beste jarrera batzuetatik eta goxotasunetik». Dioenez, bizi eredu «triste» eta gatzgabe baten aurka ari baitira diskoan, nagusiki. «Eta gu intentsitatearen oso aldekoak gara». Hain zuzen ere, Ondarroan (Bizkaia) topatu zuten jarrera hori definitzeko esamoldea, Ramirezek gogoratu duenez. «Ondarroa da epelkeriaren kontrako hiriburuetako bat, dudarik gabe, eta hor zera esaten dute: ‘Edozer, baina egurra’; guk ere horixe nahi dugu: ‘Edozer, baina egurra’».

Diskoaren abiada izan daiteke horren adibide. Hasierako manifestuak eta diskoa ixten duen Xamurtasun erradikala abestiak bakarrik irauten baitute lau minutu baino gehiago, eta gainerako guztiak laburragoak dira. Minutu eta erdi ere ez du irauten Epelkeriaren Kontra I kantak, esaterako; bi minutuak apenas gainditzen dituen MGGDP izenekoak —Mundu Guztiak Gorroto Du Polizia esaldiaren akronimoa—, eta hiru minutu eta erdiren bueltan dabiltza MBBDB eta Maitatzen ikasi.

Eta baietz dio Ramirezek, disko labur hau akaso izan daitekeela iaz kaleratu zuten Lore ta laban diskoa baino azkarragoa, baina ez dutela nahita egin. «Nakarren gauzak ez ditugu pentsatzen, gertatu egiten dira».

Zuzen hitz egitea

Hitz zuzenak dira taldearen beste ezaugarrietako bat. Eta manifestuko testuan ez ezik, beste abestietan ere ikusten da hori. Ramirez: «Urgatz taldeko Xabi Ojinagak elkarrizketa batean esan zuen gauza gutxi esaten direla euskal kulturan eta euskal musikan, joera dagoelako sasi-poesia asko egiteko, eta gauzak interpretazioaren mende uzteko, baina horren guztiaren emaitza da gauza gutxi esatea. Benetakoak, inporta dutenak eta mundu guztiak ulertzeko modukoak. Eta nik uste dut gure taldean hori oso presente egon dela, eta gauza asko esaten ditugula, zuzen. Bazegoen hori egiteko beharra, agian. Eta dena zeinen ederra izango den dioten diskurtso horiekin apurtzeko asmoa ere bagenuen, orain ez baitago esaterik dena ederra izango dela».

«Xabi Ojinaga musikariak esan zuen euskal musikan joera dagoela sasi-poesia asko egiteko, eta gauzak interpretazioaren mende uzteko, baina horren guztiaren emaitza dela gauza gutxi esatea. Eta taldean hori oso presente egon da»

XALBA RAMIREZ Nakar taldeko kidea

2022an sortu zen taldea. Ramirezekin batera, Jokin Azpiazuk, Jone Laspiurrek, eta Andoni Olaetxeak osatzen dute laukotea, eta sintetizadoreak, samplerrak, gitarrak eta baxuak baliatzen dituzte kantak sortzeko. 2023an, Lore ta laban diskoa kaleratu ostean, Epikuro, Mindfulness, speed singlea kaleratu zuten, Katakrakek argitaratutako Hau dena bildumaren barruan, eta orain kaleratu duten disko laburra dute azken argitalpena.

Balio Dute kolektiboaren parte da taldea, eta, haren babesarekin ez ezik, DDT Banaketak zigiluarenarekin ere kaleratu dute oraingo diskoa. CD, kasete eta binilo gisa jarri dute salgai. Eta erabaki politiko baten ondorio da elkarlan hori ere, Ramirezek dioenez. «Guretzat, autogestioa ez da bakarrik guk geuk egitea, baizik eta guk geuk egitea, sarean, elkar lagunduz eta elkar babestuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.