Donostia antzerki saria 'Fadoak entzuten zituen gizona'-rentzat

Xake Produkzioak konpainiaren antzezlanak maskulinitatea lantzeko duen «era originala» txalotu du epaimahaiak. Martxoaren 27an jasoko dute saria, eta obra berriz taularatuko

Donostia antzerki sariaren antolatzaileak eta aurtengo lantalde sarituaren ordezkariak, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak Fadoak entzuten zituen gizona lanari eman diote XXI. Donostia antzerki saria. Xake Produkzioak konpainiaren hirugarren obra da, Kepa Errastiren ideia batetik abiatuta, Txarli Andradek idatzia, Getari Etxegaraik zuzendua eta Iñigo Aranbarrik, Ane Gabarainek eta Errastik antzeztua. Epaimahaiaren arabera, hura da Donostian iazko urtean «helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena». 12.000 euro eta Juan Luis Goenagaren margolan bat jasoko ditu Xakek sari gisara, martxoaren 27an, Viktoria Eugenia antzokian egingo duten ekitaldian. Obra taularatuko dute ondotik.

Atzo egindako prentsa agerraldian, Kepa Errastik gogorarazi zuen duela hiru urte Mami Lebrun obrarekin irabazi zutela aurrenekoz Donostia antzerki saria, eta horri esker ekoitzi ahal izan dutela Fadoak entzuten zituen gizona. Antzezlanean umoreak duen pisuari ere egin zion azpimarra, hari esker zenbait eduki «errazago» heltzen direlakoan.

Puntu bera goraipatu zuen Etxegaraik ere: «Ni askoz erosoago sentitzen naiz umorean draman baino. Baina benetan uste dut mezu indartsu eta sakonak bota daitezkeela umoretik; horregatik ere funtzionatu du obra honek». Eta baietz buruarekin besteek, hori izan dela antzezlanak izan duen harrera onaren gakoetako bat. Errasti: «Jendea barre egiten ikusi ez, algara egiten entzun dugu. Eta hori agertokitik igartzea zoragarria da, are gehiago egun gauden egoeran».

Zortzi kidek osatu dute epaimahaia: Belen Cruz, Sara Iriondo, Frank Suarez, Arantxa Moñux, Arantzazu Fernandez, Kepa Ugartemendia, Asier Basurto eta Iruña Etxeberria. Maskulinitatearen auzia «era originalean» lantzea goraipatu dute, «eredu desberdinak erabili» eta fadoa baliatu izana, «ohiz emakumearekin lotzen den kantu mota». Hala defendatu dute erabakia idatziz: «Epaimahaiak balio berezia eman dio kontakizunari; originaltasun handiz garatzen da ohikoa ez den pertsonaia bat argumentutik kanpo sartuz; taula gainean oso emaitza erakargarri eta desberdina lortzen da, kutsu surrealista bat emanez».

Ane Gabarainek gorpuzten du argumentutik kanpoko pertsonaia hori, Maskurena. Beste biak dira, ordea, kontakizunaren erdigunean daudenak: Ander (Errasti) eta Mario (Aranbarri). Nolabaiteko road movie batean agertuko dira, Burgostik (Espainia) hasita. Mario kamioilariak auto-stop egiten ari den Ander hartuko du, Huelvako Ayamonte herriko (Espainia) fado lehiaketa batera doana gitarra hartuta. Segidan ohartuko dira, urteak elkarren berri izan gabe igaro dituzten arren, eskolan elkarrekin aritu zirela.

Testua ere nabarmendu du epaimahaiak, «mamitsua, sakona eta, aldi berean, umoretsua» delakoan. Hizkuntzari dagokionez, antzerki lengoaia egokia eta euskararen goi maila goratu dituzte, eta aktoreen lanari zein eszenografiari ere egin diote aipamena: «Agertokia betetzea lortzen da elementu eta kolore bakarra baina esanguratsua erabilita».

Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak, berriz, iaz antzerkiak hirian bildu zuen zaleen kopurua nabarmendu zuen, eta Donostia antzerki sariak azken21 urteetan egin duen ibilbidea ere ekarri zuen gogora. Insaustirentzat, Donostia Kulturak eta Donostiako Euskara Zerbitzuak orduan hasitako hitzarmena «apustu eraginkorra» izan da euskarazko antzerkiaren presentzia nabarmentzeko hirian. Datuek hala erakusten dutela aipatu zuen; eta hiru urtetakoak aletu zituen: 2000n, saria abiatu zenean, zazpi antzezlanen hamahiru emanaldi izan ziren euskaraz Donostian, eta 2.456 ikusleak; 2010ean, sei izan ziren obrak, hamazazpi emanaldiak eta 4.439 ikusleak; iaz, berriz, hemezortzi izan ziren Donostian euskaraz programatutako helduentzako antzezlanak, 44 emanaldiak eta 9.751 horien izandako ikusleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.