Ilustratzailea, umorista grafikoa, publizista, idazlea eta, neurri apalagoan, margolaria ere izan zen Pedro Antequera Azpiri. Madrilen jaio zen, 1892an, baina Donostian egin zuen bere ibilbidearen zati luze bat, 1919 eta 1934 artean. Espainiako gerra piztu aurreko urte horietako Donostia «alai eta dibertigarriaren irudia osatzeko erreferentzia bat» izan zen Antequera Azpiri, MikelLertxundi arte historialariaren iritzian. Hura arduratu da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan zabaldu berri duten Antequera Azpiri. Gipuzkoa 1919-1934 erakusketa atontzeaz. Ez da egile berarekin eta leku berean prestatu duen lehen erakusketa. Espetxeko erretratuak izenburupean, 2011n, Antequera Azpirik gerra ondorenean espetxean igarotako lau urteetan egindako lanak bildu zituzten. Orain ikusgai dagoen erakusketa 2017ko urtarrilaren 14ra arte egongo da zabalik.
Zuzenbideko eta Filosofia eta Letretako lizentziaduna bazen ere, Amalia Sansinenearekin ezkondu eta Donostiara bizitzera joan zenerako, 1919rako, marrazkilari ibilbidearen aldeko hautua egina zuen. Donostian publizista eta ilustratzaile gisa lan egin zuen, eta «inplikazio berezia izan zuen umore grafikoaren defentsan», Lertxundik adierazi duenez. «Bere lanbideari duintasuna emateko grinak bultzatu zuen» Nazioarteko Umorearen Aste Nagusia (1926) eta Donostiako Umorista eta Ilustratzaileen II. Erakusketa (1932) antolatzera. «Dinamizatzaile bikaina zen; 1920ko hamarkadan Donostiako beste erakusketa artistiko eta historiko batzuetan parte hartu zuen, eta 1930eko hamarkadan Euzko-Pizkundearen elkartearen erakusketak zuzendu zituen».
Ganbarako erakusketan 114 pieza daude ikusgai; ilustrazioak dira gehienak, baina badira erretratuak, publizitate iragarkiak, eta txiste nahiz karikatura marraztuak ere. «Bere lanetako askotan jasotzen da urte zatirik handienean bisitariari harrera egiteko eta haren olgeta grina asetzeko prest zegoen hiriaren alferkeriazko bizimoduaren kontakizuna».
Karikaturak eta txisteak
Umorista grafiko gisa, karikaturak eta txisteak egin zituen tokiko prentsan eta Espainiakoan ateratzeko, «eta obra autonomo gisa merkaturatzeko». Haren karikaturek eta txisteek «ez zuten mintzeko asmorik», Lertxundi komisarioaren hitzetan: «Umore neurtua erabiltzen zuen, satira saihestuz. Horren ordez, nahiago izan zuen komikotasuna bilatzea eguneroko egoerak, gaizki ulertuak eta hitz jokoak disekzionatuz. Karikaturei dagokienez, keinu eta ezaugarri fisiko batzuen sintesi eta gehiegikerian oinarrituta daude. Horrek ez zion eragozten protagonistaren psikologia bete-betean atzematea».
Airetik ikusitako jende multzoen eszenak izan ziren bere ezaugarri nagusietako bat. 1910eko eta 1960ko hamarkaden artean konposizio asko egin zituen, eszenak zuzenean ikustetik eta horietan gertatzen ziren egoeren transkripzio batetik ondorioztatuta. «Gehienak Donostian girotuta daude, bertako hondartzetako, pasealekuetako eta dibertsio zentroetako irudiekin, hala nola Kasinoa, Atotxa eta Txofre plaza».
Donostia alaiaren ilustratzaile
Pedro Antequera Azpirik gerra aurrean egindako lanak bildu ditu Koldo Mitxelena Kulturuneak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu