Donostia 2016k iaz 47 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen hirian

Hiriburutzak milioi bat lagun «mobilizatu» zituela eta ostatu eta ostalaritza sektorean egin zutela gastu handiena dio lehen ebaluazio txostenak. Maiatzean aurkeztuko dituzte emaitza orokorrak

Ernesto Gasco, Eneko Goia eta Pablo Berastegi, atzo, Donostiako udaletxean egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Donostia 2016 Kultur Hiriburutza urtearekin batera amaitu zen, eta proiektuaren ebaluazioa egiteko txanda da orain. Horretan dabiltza hilabeteotan egitasmoaren arduradun eta sustatzaileak. Ebaluazio osoaren emaitzak maiatzerako iragarri badituzte ere, azterketaren parte bati dagozkion datuak aurreratu dituzte jada, hirian proiektuak iaz izan zuen inpaktu ekonomikoari buruzkoak, hain zuzen. Donostiako Sustapenak egindako txostenean jasotzen denez, iazko urtarriletik abendurako tartean 47 milioi euroko «inpaktua» izan zuen Kultur Hiriburutzak «tokiko ekonomian».

Donostiako Udalaren menpeko erakundea da Donostiako Sustapena, eta hark egindako azterketaren datuak xeheago azaldu zituen Eneko Goia alkateak, atzo, Pablo Berastegi D2016ko zuzendari nagusiak eta Ernesto Gasco Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak lagunduta egin zuen agerraldian. Kultur Hiriburutzaren ekitaldietara bildu ziren herritarrei egindako 2.141 inkestak dira ikerketaren oinarria. Txostenaren arabera, D2016 egitasmoak iaz 47.091.420 euroko gastua eragin zuen «Donostiako ekonomia ehunean». Bi ataletan banatzen du kopuru hori txostenak. Batetik, inpaktu zuzenari dagokionez, D2016 fundazioko langileak eta aurrekontua hartu dituzte aintzat —61 langile eta 34 milioi euro—, eta adierazi dute horietatik 18.584.930 milioi euro «Donostiako tokiko ekonomia ehunean sartu» direla. Zeharkako inpaktu gisa, berriz, txostenak aipatzen du «herritarren mobilizazioak hirian 28.506.490 milioi euroko gastua sortu» zuela. Haien parte hartzearen bidez, donostiarrek 7,1 milioi euro gastatu zituzten; «Hiriburutza dela-eta etorritako turistek», berriz, 10,2 milioi euro; eta eguna pasatzera iritsitako bisitariek, azkenik, 11,2 milioi euro.

Gastu horren zatirik handiena —hamarretik sei euro (%60,1)— ostatu eta ostalaritza sektorean egin zuten, eta laurden bat merkataritzan. Ostatu gauen kopurua %8,4 handitu zen iaz —1,9 milioi gaualdi izan ziren—, eta batez ere behe denboraldian izan zen hazkunde hori (%63), urtarriletik martxora eta urritik abendura. Hala, bisitarien kopurua urte osoan banatzeko eta epe jakin batzuetara ez mugatzeko helburua bete zuen egitasmoak, arduradunen hitzetan. Kulturaren arloarekin lotutako enpresetan egindako gastua, berriz, %12,6 izan zen.

Maiatzean, jardunaldiak

Kultur Hiriburutzaren iazko jarduerek 1.013.404 lagun «mobilizatu» zituztela jaso du txostenak —aire zabalean egindako erakustetan izan zen jendea zenbatu gabe—. Horietatik, 684.781 lagunek parte hartu zuten Donostian egindako ekitaldietan, eta, horien artetik, erdia baino gehiago izan ziren donostiarrak (%58). Batezbestekoei erreparatuta, egunean 1.876 lagunek parte hartu zuten D2016ren ekitaldietan: 1.086 donostiarrek, 542 eguneko bisitarik eta 248 turistak.

Txostenean jasotako datu ekonomikoen balorazio positiboa egin zuten arduradunek, eta azpimarratu zuten aipatutako datu guztiak soilik Donostiari eta joan den urteari dagozkiela, Hiriburutzaren eragina bai denboran eta bai eremuan harago doala zehaztuta. Hain zuzen, ebaluazio kualitatibo eta kuantitatibo orokorra maiatzean aurkeztuko dute; jardunaldiak egingo dituzte horretarako, hil horren 18an eta 19an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.