Donizettiren 'Don Pasquale' operarekin hasiko dute OLBEren 2024-2025eko denboraldia

Urriaren 19an ekingo dio OLBEk 73. aldiari, ohiko konpositoreekin baina molde, gai eta argumentu ugarirekin. Bost opera oholtzaratuko dituzte: 'Don Pasquale', 'Il trittico', 'Tristan und Isolde', 'La Favorite' eta 'Otello'.

'Don Pasquale' operan arituko diren kantariak. LUIS EJIDO / EFE
'Don Pasquale' operan arituko diren kantariak. LUIS EJIDO / EFE
garbine ubeda goikoetxea
2024ko urriaren 16a
05:10
Entzun

OLBEk ez ditu erraz baztertzekoak Giuseppe Verdi, Giacomo Puccini eta Gaetano Donizetti; konpositore maiteenetakoak dituela erakutsi du bere ibilbidean, eta beste horrenbeste egingo du datorren denboraldian ere, haien obrak oholtzaratuko baititu, Richard Wagner musikariarenarekin batera. Urriaren 19an, Donizettiren Don Pasquale operarekin ekingo dio 73. aldiari, Euskalduna jauregian.

Italiar opera bufo entzutetsuenetako bat da Don Pasquale (1843), eta bosgarrenez dakar OLBEk. Duela zazpi urte eszenaratu zuten orain hurrena, orkestraren laguntzarik gabe eszenaratu ere, Euskadiko Orkestrako musikariak greban baitziren urte hartan. Aldi honetan, Simon Orfila, Maria Jose Moreno, Francesco Demuro eta Damian del Castillo kantariak arituko dira protagonista nagusien rolean, eta bost bider eskainiko dute Euskalduna jauregian, urriaren 19an hasi eta 28ra bitartean. Euskadiko Orkestra, berriz, OLBErekin estreinako saioa egingo duen zuzendariaren agindupean arituko da, hain zuzen, Sesto Quatrini orkestra zuzendariaren esanetara.

Emiliano Suarez OLBEko eszena zuzendariak agindu du Don Pasquale operaren oholtzaratzea «bestelakoa, originalagoa eta sortzaileagoa» izango dela, «denen gogoan eta iruditerian dagoenaren aldean». Bestalde, opera gizarteratzeko egitasmo gisa darabilen Opera Berri programan ere sartuko dute Don Pasquale, eta urriaren 26ko sarrera %70 merkeago eskuratu ahal izango da. Hor Enric Martinez-Castignani, Sofia Esparza eta Juan Antonio Sanabria izango dira protagonista nagusiak.

Donizettiren obra horri Pucciniren Il tritico operak hartuko dio erreleboa (1918). Hiru opera labur batzen ditu Pucciniren obra horrek: Il tabarro, Suor Angelica eta Gianii Schicchi; elkarren antz handirik gabeak izanik, bakoitza bere aldetik interpretatu izan dira, baina iluntasunetik argitasunerako progresioa osatzen dutela eta, jarraian interpretatzeko eskatzen zuen Puccinik berak. Konpositorearen heriotzaren mendeurrenarekin bat eskainiko du trilogia OLBEk, azaroaren 23an, 26an, 29an eta abenduaren 2an, Euskalduna jauregian. Kantarien artean Carlos Alvarez, Angeles Blancas, Marco Berti, Sofia Esparza, Chiara Isotton eta Karita Mattila ariko dira.

Richard Wagnerren Tristan und Isolde helduko da ondoren (1865). Lau emanaldi izango dira: 2025eko urtarrilaren 18an, 21ean, 24an eta 27an.  XIII. mendeko poema epiko batean oinarrituriko opera horretan, Oksana Dyka eta Gwyn Hughes Jones arituko dira protagonista gisa, Daniela Barcellona eta Jorge de Leonekin batera.

Donizettirenak bi

Donizettiren beste pieza bat ere oholtzaratuko da Euskalduna jauregian, 2025eko otsailaren 15ean, 18an, 21ean eta 24an: La favorite opera erromantikoa (1840). Silvia Tro Santafe eta Ismael Jordi izango ditu kantari nagusiak.

Verdiren Otello izango da azken opera (1887); 2025eko maiatzaren 15ean, 18an, 21ean eta 24an izango diren emanaldiek amaiera emango diote 73. aldiari. Verdik sortutako azken-aurreko opera da Otello, bai eta sendoena ere, dramari eta pertsonaiei dagokienez.

Aipagarri, bestalde, opera hauetan guztietan bigarren mailako roletan ariko diren kantariak: besteak beste, Marta Urbieta, Naroa Intxausti, Eider Torrijos, Marife Nogales, Mikeldi Atxalandabaso, Jose Manuel Diaz eta Fernando Latorre.

Juan Carlos Matellanes OLBEko presidenteak adierazi duenez, 66.000 ikus-entzule espero dituzte denboraldi berrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.