88 urte beteta, gaitz luze baten ondorioz zendu da Donald Sutherland aktore kanadarra, haren seme Keifer Sutherlandek sare sozialetan baieztatu duenez. «Zinemaren historiak izan duen aktorerik garrantzitsuenetako bat iruditzen zait, rol bakar batek ere ez zion beldurrik eragin; zintzoarena, gaiztoarena edota itsusiarena egin beharko bazuen ere. Maite zuen egiten zuena, eta maite zuena egin zuen. Ongi bizi izandako bizitza izan du», adierazi du Kiefer Sutherlandek.
Donald Sutherlandek lan oparoa utzi du, film sonatu askotan parte hartu baitzuen, besteak beste hauetan: The Dirty Dozen, Klute, Don't Look Now, Animal House, Invasion of the Body Snatchers, Hunger Games eta Mash. Azken film horretan, hain zuzen, Hawkeye Pierce zirujauaren rola antzeztu zuen, eta haren interpretaziorik gogoratuenetako bat da.
Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ohorezko Oscar saria eman zion 2017an, bere ibilbide oparoaren omenez. Gidoi lanetan eta antzerkigintzan ere aritu zen. 2019an Donostia saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian, eta, besteak beste, moldakorra izatea goraipatu zioten. «Milesker, Euskal Herria» ozen eta sendoak esanez eskertu zuen saria:
Donald Sutherland New Brunswicken (Kanada) sortu zen, eta aktore izan baino lehen irrati bateko albistegietako esatari aritu zen. Ondoren, 1957an, Kanada utzi eta Londresera jo zuen, Musika eta Arte Dramatikoen akademian estudiatzearren. Horrek Erresuma Batuko telebista eta zinemako ateak zabaldu zizkion.