Literatura

Dolores Redondoren beste lan bat itzuli du Ereinek: ‘Uholdearen zain’

1980ko hamarkadaren hasieran kokatzen da eleberria, Glasgow eta Bilbo artean. Idazlearen lanen artean, euskarara ekarri den bederatzigarrena da, eta Danele Sarriugartek itzuli du.

Dolores Redondo
Dolores Redondo, Donostian, liburua aurkeztu zuen egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko abenduaren 16a
05:30
Entzun

Dolores Redondok dioenez, bi norabidetan sortzen dira istorioak bere idazmahaian: batzuetan paisaia da agertzen lehena, eta besteetan, kontatu nahi duen hori. Biek elkar ukitzen dutenean, «bat-egite moduko bat» gertatzen da, eta orduan hasten da eleberria forma hartzen. Hala gertatu zitzaion Baztango trilogiarekin —paisaia izan zen aurrena—, eta Galiziako lur batzuk lehenengoz ezagutzean jakin zuen aurrez buruan zuen hori hantxe behar zuela kokatu —Hori guztia emango dizut (2017)—. Uholdearen zain nobelari dagokionez, Bilboko 1983ko uholdeak zituen buruan lehenagotik, sasoi eta egun horietako paisaia, eta John Bibliaren istorioaren berri izan zuenean gertatu zen «elkartzea». Iaz argitaratu zuen eleberria gaztelaniaz, eta Danele Sarriugarteren itzulpenean iritsi da orain euskarara. Erein argitaletxeak plazaratu du, eta euskarara heldu den Redondoren (Donostia, 1969) bederatzigarren lana da. 

Bi agertoki eta bi garai. Bien artetik ibiliko da irakurlea eleberrian, Uxue Razkin Ereineko editoreak aurreratu duenez. Batean, 1968-1969 urte bitarteko Glasgow agertuko da; bestean, 1980ko hamarkada hasierako Bilbo. 1968-1969 urteen artean, prentsak John Biblia deitu zion gizon batek hiru emakume erail zituen; operazio handi bat jarri zen martxan hura harrapatzeko, baina ez zuten inoiz lortu; gaur arte. Redondok hari horri heldu dio eleberrian —«Gustatzen zaizkit harrapatzen zailak diren hiltzaileen istorioak», esan du—, eta Bibliaren atzetik dabilen polizia ikertzaile eskoziar bat, Noah Scott Sherrington, Bilbora eraman du. Hiltzailea harrapatzeko puntuan egongo da, baina bihotzeko arazoak ditu, eta horrek makaldu egingo dio bilaketa. 

Idazketa prozesuan, besteak beste, kardiologiaz dokumentatu beharra izan duela azaldu du Redondok, eta hori lanaren alde gozagarrienetako bat izan dela adierazi du. Ume zela gertutik ezagutu zuen mundu baten inguruan aritzeko aukera ere eman dio kontakizunak; izan ere, Glasgowtik Bilbora itsasoz helduko da Scott, eta aitarengatik jasotako itsas ezagutza baliatu ahal izan du, hala, idazleak —marinela izan zuen aita—. 

1980ko hamarkada hasierako egoera soziopolitikoaren erretratu bat ere egin du zeharrean idazleak. «Ez zuen zentzurik izango hori ez kontatzeak», berretsi du. «Erakutsi nahi izan dut zer topatzen zen kalean urte haietan; zein zen pultsioa, nolakoa zen jendea, nola zegoen Polizia oso armatu bat beti kalean...». Gogora ekarri du, halaber, Ertzaintzaren hasierako urteak izan zirela ordukoak, eta, dokumentatzeko, haietako zenbaitekin ere bildu da Redondo. «Gehienak erretiroa hartuta daude, eta plazera izan da bertatik bertara entzutea zein espiritu zuten orduan, nolakoak egiten zituzten informazioa lortzeko». Zehaztu du, esaterako, helikoptero bakar bat eta hemeretzi auto zituztela denera uholdeak gertatu zirenean. Martxa hartzen hasia zen Polizia batekin egingo du topo, beraz, ikertzaile eskoziarrak. «Talka bat gertatuko da hor, Noah Scott Sherrington Polizia oso gogor batetik baitator». 

Bihotzeko oztopoak oztopo, Bibliaren atzetik temati arituko da Bilbon zehar Scott. Eta ekin horretan «benetan inporta duenaz» jabetuko da, idazlearen esanetan. «Bigarren aukeren inguruko nobela bat da hau. Scottek bizitzen ikasiko du, hain justu, bizitza amaitzear duenean. Orduan ohartuko da benetan garrantzitsuena egun bakoitza bizitzea dela». 

Filma ere bidean

Uholdearen zain-en gaztelerazko bertsioak 300.000 ale baino gehiago saldu ditu urtebetean, eta zinemara eramateko proposamenak ere izan ditu idazleak. Hasieran atzeratu egin zituen, baina orain ziurtatu du baietz, aurki helduko dela honen filma ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.