Kulturaren eta Artearen Nafarroako Kontseiluak hala erabakita, Dolores Redondo idazleak (Donostia, 1969) jasoko du Kulturaren Vianako Printzea saria aurten. Nafarroako Gobernuko Kultur eta Kirol kontseilari Rebeca Esnaolak eman du irabazlearen berri, gaur goizean eginiko prentsaurrekoan. Agerraldi horretan, Redondoren obra goraipatu du Esnaolak, eta nabarmendu haren lanetan «ezin ukatuzkoa» dela idazleak Nafarroarekin duen lotura. «Haren lanetan, pertsonaietako bat da Nafarroa ere».
Hain zuzen ere, Esnaolak azpimarratu duenez, Redondoren lan askotan ageri dira Nafarroari loturiko erreferentziak, edo, are, hark idatzitako istorio askok Nafarroa izan dute agertoki. «Egindako lanen bidez, Redondok Nafarroaren ondarea berreskuratu eta babestu du». Kontseilariak zehaztu duenez, ondare materialaren eta immaterialaren alde egiten du idazleak, «Nafarroako ohiturak, tradizioak eta folklorea liburuetara ekarriz».
Gainera, aurten beteko dira hamar urte Baztango trilogiaren lehenbiziko liburua argitaratu zenetik. Urte berean kaleratu zuten euskarazko itzulpena: Zaindari ikusezina (Erein, 2013). Hain justu, trilogia horrengatik erdietsi du Redondok sonarik handiena. 39 hizkuntzatan irakur daiteke gaur egun. Halaber, Redondori Planeta saria eman zioten 2016an, Hori guztia emango dizut liburuarengatik. Vianako Printzea saria ekainaren 3an emanen diote.
Txibiteren talentua
Aurten, Kulturaren eta Artearen Nafarroako Kontseiluak laugarrenez emanen du Arte Talentua Sustatzeko Saria. 30 urtetik beherako gazteentzat da, eta Laura Txibite Ezkietak (Iruñea, 1995) jasoko du 2023koa. Idazlea da Txibite, eta narrazioa, dramaturgia lanak eta zinema lanetarako gidoiak idazten ditu batez ere. Epaimahaiak nabarmendu du «ahots propio eta originala» duela, baita «imajinazio handia» ere.