Iaz Los condenados fikziozko lehen filmarekin nazioarteko kritikaren Fipresci saria irabazi zuen Zinemaldian. Aurrez dokumentalari heldu zion Cravan vs Cravan (2002) eta La leyenda del tiempo (2006) lanetan. Ava Gardnerri buruzko La noche que no acaba aurkeztu du Donostian Isaki Lacuesta kataluniarrak (Girona, 1975), eta dagoeneko filmatu ditu hurrengo biak. Malira egindako bidaia bat baliatu du horretarako: fikziozkoa izango da bata, eta dokumentala bestea.
Dokumentalak galdera nagusi bat planteatzen du. Zein neurritan eragin zion zinemak Ava Gardnerri bere buruaren pertzepzioan, eta, era berean, nola eragiten die beste hamaika aktore famaturi ere?
Bai, psikiatria ikerketa baterako gaia izan liteke. XX. mendera arte inor ez da hazi bere irudiz inguraturik. Inor ez da egon besteek norberaz duten irudiaren horrenmenpe, XX. mendeko aktore horiek guztiak baino. Eta horrek ezinbestean eragin behar du pertsona horien kontzientzian eta nortasunean. Ez dakit nola ez dagoen aktore gehiago erabat burutik jota. Asko daude zoraturik, baina ia guztiek amaitu beharko zuketen horrela. Oso arraroa izan behar du horrela bizitzea.
Hala eta guztiz ere, kontu berria ez den arren, badago zineman beste joera bat aktore anonimoekin, hau da, aktore ez diren aktoreekin lan egitekoa, ezta?
Bai, ez da berria, baina gorantz doan joera bat da, eta niri asko interesatzen zait. La leyenda del tiempon horrela lan egin genuen. Malin filmatu berri dugun filma ere, orain muntatzen ari garena, modu horretan filmatu dugu. Profesionalak ez diren aktoreekin lan egin dugu. Eta ziur naiz jendeak pantailan ikusten dituenean pentsatuko duela profesionalak direla. Eta horrek zerikusia izan dezake errealismo forma berriak bilatu nahi izatearekin. Ava Gadnerren filmak ikusita, 40ko hamarkadatik 70eko hamarkadaraino, ikusten da aktoretza erregistroak aldatu egin zirela, errealismo arauak desberdinak direlako. Pandora-negin zuen lana askoz ere estilizatuagoa da, eta 70eko hamarkadakoetan, nahiz eta oso mainstream izan, nabaritzen da nouvelle vague-a igaro dela, Cassavetes igaro dela... Modu desberdinean lan egiten du.
Zure filmografian lan dokumentalak dira ugarienak, eta, gainera, norbaiten biografiari lotuak. Zer bilatzen duzu pertsonaia horietan?
Azken finean, aitzakiak dira, beste gauza batzuez hitz egiteko aitzakiak, sua sortzeko aitzakiak, bidaiatzeko aitzakiak, jendea ezagutzeko aitzakiak. Ziur asko, adibide garbiena La leyenda del tiempo izango da, zeinetan Camaron ia ez den agertu ere egiten, eta mutiko ijito andaluziar baten eta emakume japoniar baten erretratua egiten den.
Aurtengo Zinemaldia erabat loturik dago dokumentalaren generoarekin. Iruditzen al zaizu fikzioa ez denak fikzioaren generoa jan eta mendera dezakeela?
Nire ustez, dokumentala ez da genero bat, fikzioa genero bat ez den bezala. Fikzioaren barruan musikala, film beltza, komedia eta beste dauden modu berean, dokumentalaren barruan ere beste horrenbeste edo gehiago daude. Irudipena daukat askok dokumental bat ez bazaie gustatzen ez dutela dokumental gehiago ikusiko, eta dokumentalen barruan aniztasun handia dago.
Baina dokumentala gailenduko da guztiz?
Aurreko batean lagun batek esaten zidan 2018rako dena izango dela dokumentala, jendea errealitate gosez dagoelako. Nik uste dut zikloak direla, eta guztiok dugula gogoa errealitatea eta ezagutzen ez dugun hori ezagutzeko, baina, era berean, behar dugula fantasia, fabulazioa, mitoa...
Fikziozko zinemaren eta dokumentalaren arteko bereizketa zuzena litzateke, hortaz?
Bai, nik uste dut ondo dagoela premisa hori egotea, eta gero egon daitezkeela muga-mugako gauzak, non sartu ere ez dakigunak. Baina eztabaidan hasteko abiapuntu modura oinarri hori ezartzea ondo dago. Ziur aski bereizketa eta hizkuntza hori erabilgarriagoa izango da filmaren helburuei dagokienez, formari dagokionez baino. Badira film batzuk dokumental bokazioa dutenak, nahiz eta fikzioaren formak erabili, eta alderantziz.
Isaki Lacuesta. 'La noche que no acaba'-ren egilea
«Dokumentala ez da genero bat; aniztasuna dauka»
Ava Gardnerrek Espainian igarotako egonaldietan oinarritutako dokumentalak izarren nortasunaz gogoeta egiteko balio du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu