Jose Antonio Olea durangarra arotzaren mahai azpian ezkutatu zen, 1937an herria hegazkin frankistek bonbardatu zutenean. haren etxea guztiz suntsitu zuten jaurtigaiek, eta bi anaia eta aitona hil zizkioten. Durangoz gain, beste 32 herri eraso zituzten Bizkaian, urte hartako udaberrian ia denak. Orain, gertakari haietan izan zirenen testigantzak bilduko dituzte dokumental batean, 75. urtemugaren atarian, Gernika-Bizkaia, 75 urtegogoan egitasmoaren barruan.
Josune Ariztondo Kultura diputatuak, azaldu duenez, «oroimen historikoa lantzeko modua izango da, iragana berreskuratzeko era». 36ko gerran izandako bonbardaketetako batzuk aski ezagunak direla nabarmendu du, Durangokoa, Gernikakoa edo Otxandiokoa esaterako. Baina, denera 33 herri eraso zituzten abiazio faxistek gerran. Ariztondoren hitzetan, «Gernikako bonbardaketaren arbolak Bizkaiko bonbardaketen basoa ezagutzen lagunduko digu».
Gertaeretan izan zirenen sentimenduak azaleratuz kontatuko dute, ia ahaztuta den herrien historiaren zati hori. 33 herriotako bakoitzean, gazteek osaturiko lan talde bat bilduko dute; izan ere, Egoitz Rodriguez filmaren zuzendariak adierazi duenez, «gazteen begiradatik abiatuz emango dugu aditzera gertatutakoa». Lan taldeek jakintza artistikoen bidez jasoko dituzte testigantzak. «Gerra era askotara isla liteke, Picassoren Gernika edo Laboaren kantuak ditugu adibide». 2012an kaleratuko den dokumentalean bilduko dira lan denak.
Belaunaldien arteko topaleku
Oleak «arduratuta» dagoela dio. «Oso gutxi dakite belaunaldi berriek gerran gertatu zenaren inguruan. Gazteei kontatu behar diegu zer pasatu zen, zer ikusi genuen gure etxean, gure inguruan». Hiru belaunalditako bizkaitarrek bat egingo dute dokumentalean: gerra ikusi zutenek, gertatutakoa ezkutatu zitzaienek, eta jakin-minez historian atzera egingo duten gazteek. Rodriguezek azaldu duenez, «sentipenen bitartez, oroimenaren lekukoa belaunaldi batzuetatik hurrengoetara pasatuko da».
Oleak argi du zein den gazteei helarazi nahi dien mezua: «Gerra beti da izugarria, baina are gehiago anai artekoa denean, familiak zatitzen dituenean. Saihestu egin behar dugu, bakea bilatu».
Dokumental batek Bizkaian bonbardatutako herrietako testigantzak bilduko ditu
Erasotako herrietako gazteek egindako lanek osatuko dute filma, eta 2012an estreinatuko da, gertaeren 75. urtemugan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu