Doinuz lotuko dira sustraiak

Getxo Folk jaialdiaren 34. ekitaldia egingo dute irailaren 13tik 16ra. Korrontzi, Txarango eta Fairport Convention taldeak oholtzan ikusteko aukera egongo da, besteak beste

Korrontzi taldeko Agus Barandiaran ikusteko aukera egongo da irailaren 14an Getxo Folk jaialdian. GETXOFOLK.
Uxue Gutierrez Lorenzo
2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Sustraiak. Herrien eta nazioen tradizio sortek osatzen dituzte sustraiak, bereizgarri bezain aberasgarri. Sustrai horien adarretako bat da musika, herriari lotutako doinuez eraikia. Mundu osoko doinuek osatuko dute, hain zuzen ere, Getxo Folk jaialdia; aurten,34. aldiz.

Irailaren 13tik 16ra, hemengo eta kanpoko hamar talderen hotsek girotuko dute Areetako Geltoki plaza (Getxo, Bizkaia). Askotarikoak dira oholtzara igoko direnen jatorri eta estiloak. Badute zerbait komunean, ordea: herrian errotuta daude. Tokian tokiko kulturaren bereizgarri diren doinuak hartu, eta nahasi egin nahi dituzte jaialdian. Marta Herrera jaialdiko programazio arduradunak azaldu du jaialdiaren helburua musikaren bitartez kulturartekotasuna eta elkarreragina sustatzea dela, nahasketaren bitartez aberasten baita musika. Haren aburuz, gizartean gertatzen ari diren hainbat egoera azaleratzeko baliatzen da musika.

Orotara, ordainpeko lau kontzertu eta doako sei izango dira lau egunetan. Herrerak azaldu duenez, aurtengo eskaintzak herritar multzo askotara heltzea du helburu, herritik jaiotako musika herriak goza dezan.

Asteburua ohi baino arinago hasiko da Getxon, ostegun arratsaldean izango baita entzungai lehen kontzertua. Olatz Zugaztik inauguratuko du oholtza, 18:30ean, doan. Azken urteetan Benito Lertxundirekin lanean ibili da, baina 2015ean bakarkako bideari ekin zion. Mungiako Korrontzi taldeak hartuko dio lekukoa Zugaztiri, kontzertu nagusietan lehenbizikoa izaki. Boskoteak Donostiako Zinemaldian estreinatuko den Basque Selfie filmaren soinu banda eramango du jaialdira. Euskal tradizioa oinarri, hemengo eta kanpoko doinu herrikoiak dira taldearen ezaugarriak, konposizio dantzagarri eta leunak uztartuz.

Aurreneko eguna igarota, Herrialde Katalanak izango dira bigarren eguneko protagonista. Izan ere, Txarango taldeak eskainiko du ostiraleko kontzertu nagusia. Proposamen hori gazteengana hurbiltzeko saio bat dela adierazi du Herrerak. Poesia eta Karibeko, Latinoamerikako eta Mediterraneoko musika fusionatzen ditu taldeak, kataluniar jatorriko erritmoekin bat eginda. Emaitza: musika dantzagarria, alaia eta herrikoia. Getxo Folken eskainiko duten kontzertuan hainbat gonbidatu berezi izango dituzte; hala nola Pello Reparaz (Vendetta), Xabi Solano (Esne Beltza) eta Zuriñe Hidalgo (Hesian).

Egunetik egunera nazioartekotuz joango da jaialdia. Hirugarren egunean arituko da Eleftheria Arvanitaki bakarlari greziarra. Saio nagusien zikloa Fairport Convetion talde britaniarrak itxiko du, bere 50. urtebetetzean. Irailaren 16an igoko dira oholtzara. Herrerak azaldu du aspalditik zeukatela talde hori ekartzeko ideia buruan bueltaka. Mende laurdenaren ospakizuna aitzakia polita izan da.

Saio nagusietako sarrerak sarean eta Erromoko eta Algortako kultur etxeetan egongo dira eskuragarri. Kontzertu bakoitzaren sarrera eskuratzeko aukeraz gain, lau egunetarako bonua ere 45 euroan eros daiteke.

Giroa herrian barrena

Kontzertuak ez ezik, beste gune batzuk ere izango ditu jaialdiak, aniztasunaren adierazgarri. Getxoko Etorkinen Plataformaren eskutik, Munduko Terraza jarriko dute, Erromoko Santa Eugenia plazan. Aurten, lehenengoz, leku berria izango du: espazioak bereizteko beharra ikusi dute antolatzaileek, kontzertuen gunea eta aisia bereiziz.

Munduko Terrazan umeentzako zenbait ekintza eskainiko dituzte. Hortzmuga antzerki konpainiak antolatu du Jule ikuskizuna, familia guztiarentzako egina, eta dohainik. Sikap- Filipinas taldeak, ordea, iganderako prestatu du papiroflexia tailerra, euskaraz. Era berean, hainbat kulturetako jaki eta edariak dastatzeko aukera izango dute herritarrek.

Bestelako jarduerak ere izango dira herriko kaleak girotzen lau egun horietan. Batetik, elkartasun gune solidarioa irekiko dute Ibaiondo kalean, hainbat elkartek eta GKEk antolatuta. Espazioan, erakunde horiek egiten duten lana ikusarazi nahi dute, kulturartekotasuna eta elkarlana bultzatzeko asmoz. Kontzertuen gunetik oso hurbil egongo da, ostera, munduko eskulanen azoka, artisau produktuen erakustoki. Salgai egongo diren produktu guztiak teknika tradizionalekin egindakoak dira. Bukatzeko, musika ibiltaria ere izango da entzungai. Herriko kaleak astintzen, kalejiran ibiliko dira bandak. Guztira zortzi banda ariko dira, Euskal Herritik zein kanpotik etorriak. Horien artean dira Portugaleteko Lurrikara Batukada Feminista eta Eskoziako Reading Pipe Band.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.