Euskal disko eta liburu azoka zenbait biltzen ditu Doinuele sareak, bederatzi guztira. Bederatzi plaza izango dira euskararentzat urtarriletik abendura, eta urteko egutegia aurkeztu dute Ziburun (Lapurdi), ostegun honetan.
«Azokek janzten gaituzte». Erranaldi horrekin abiatu du aurkezpena Maddi Zubeldia Ziburuko euskal liburu eta disko azokako ordezkariak. Modu antzeztuan egin dute aurkezpena Doinueleren parte diren bederatzi azoketako ordezkariek. Soinekoak, lepokoak, burukoak eta eskularruak jantzirik aritu dira, bata bestearen ondotik. Jantziaren metafora hartu dute haritzat. «Gorputza kanpotik janzten den bezala barneko aldea ere jantzi behar denez, liburuek ere janzten gaituzte», jarraitu du Zubeldiak.
Lazkaoko (Gipuzkoa) azokako Joxepa Madariagak azokek sortzen duten giro aberatsa irudikatu du. «Azokak altxorrak dira. Kulturaren altxorrak. Altxor magikoak». Azokara joaten garenean eta liburu eta disko artean ibiltzen garenean, «magia dago, ametsetako bideak daude», erran du. Eta azoketan «poza eta zoriona» aurkitu daitezkeela ere bai.
Bi aste gabe, Baztanen (Nafarroa) urtero egiten den (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren asteak emanen dio hasiera euskara hutsezko liburu eta disko azoken egutegiari. «Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, ibilaldiak, mahai inguru interesgarriak eta azoka ttiki bat izanen ditugu», laburbildu du, zalu, (H)ilbeltzako Elurre Iriartek. Ondotik jinen dira, hurrenez hurren, Azkoitiko Geure Gelatik (Gipuzkoa), Galdakaoko Sormene (Bizkaia), Zarauzko Literaturia (Gipuzkoa), Ziburuko azoka, Hernaniko (H)azoka (Gipuzkoa), Sarako Ikusi Mikusi (Lapurdi), Oiartzungo Hitzen Lihoa (Gipuzkoa) eta Lazkaoko azoka.
Saretzearen indarra
2023ko urtarrilean sortu zuten euskal azoken Doinuele kolektiboa. Ekimenaren filosofia laburbildu du Hernaniko (H)azokako Xabier Ezpondak: «Doinua eta elea, musika eta liburua; euskal kultura, hango eta hemengo». Doinuele sare nazionala dela azpimarratu du: «Sarean bilduta gaude, elkartuta». «Bederatzi plaza aberats» direla gehitu du, urte osoko eskaintza osatzen dutela, euskara hutsean eta Euskal Herrian gaindi.
Elkarlanak ekartzen diena goraipatu du Oiartzungo Olatz Mitxelenak. «Elkarrekin ikasita, elkarri lagunduta eta gutako bakoitza indartuta, osasuntsuago egiten gaitu Doinuelek». Horrez gain, adierazi du «zabalik» direla helburu eta asmo bereko ekimen berri guztiei: «Ongi etorriak zarete euskarazko azoken eremura; besoak zabalik hartuko zaituztegu bidea elkarrekin egiteko». Horretan ere izan du ondorio elkartzeak, ezen Hitzen Lihoa da Doinueleri elkartu zaion azken kidea, eta, elkarlan horri esker, azoka ere gehitu dio jada egiten zuenari.
Egutegian oraino ordezkatuak ez diren lurraldeei begi kliska egin diete, hala nola Arabari: «Arabatik norbait berotzen balitz holako bat egiteko, bikaina litzateke», ausartu da Ladix Arrozagarai ziburutarra. Gehitu du kolektiboak azkarrago sentiarazten dituela euskara biziberritzeko asmoan. «Sareari esker ikusten dugu ez garela bakartuak gure zokoan».
Madariagak elkar lauzkatze horren beharra errepikatu du: «Egia da basamortu batean ari garela lanean: gutxi irakurtzen da, eta gutxiago euskaraz. Basamortu horretatik ateratzeko bide bat da elkarri gauza onak eta penak kontatzea. Sareak onura besterik ez du».
Azoken AURTENGO egutegia
- Urtarrilaren 20tik 26ra. (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea, Baztanen (Nafarroa).
- Martxoaren 27tik 29ra. Geure Gelatik, emakume idazleen euskal literaturaren azoka, Azkoitian (Gipuzkoa).
- Apirilean. Sormene azoka, Galdakaon (Bizkaia).
- Maiatzaren 23tik 25era. Literaturia azoka, Zarautzen (Gipuzkoa).
- Ekainaren 7an. Ziburuko euskal liburu eta disko azoka (Lapurdi).
- Irailaren 27an. (H)azoka, Hernanin (Gipuzkoa).
- Urriaren 11n eta 12an. Ikusi Mikusi, euskarazko haur eta gazte literaturaren azoka, Saran (Lapurdi).
- Azaroaren 12tik 16ra. Hitzen Lihoa, Oiartzunen (Gipuzkoa).
- Abenduaren 12tik 14ra. Lazkaoko liburu azoka (Gipuzkoa).