Doinuele sortu dute, euskara hutsezko plazen sarea

Euskal literatura eta musikagintza sustatzea da sarearen asmoa. Oraingoz, zortzi herri elkartu dira, baina atea irekita dagoela jakinarazi dute

Doinuele sareko kideak, atzo, Bilboko Bira kulturgunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Aspertuta gaude gure hautua azaldu, justifikatu eta defenditu beharraz: euskaraz bizi nahi dugu, normaltasunez, naturaltasunez eta lasaitasunez». Argi laburbildu du egoera Joxepa Madariaga Lazkaoko (Gipuzkoa) Liburu eta Disko Azokako ordezkariak. Kezka horretatik tiraka sortu dute Doinuele euskara hutsezko plazen sarea. Euskal literatura eta musikagintza sustatzea dute xede, eta euskarazko azokak eta plazak antolatu nahi dituzte. Oraingoz, zortzi herritako ordezkariak daude tartean: Azkoitia (Gipuzkoa), Baztan (Nafarroa), Galdakao (Bizkaia), Hernani (Gipuzkoa), Lazkao, Sara (Lapurdi), Zarautz (Gipuzkoa) eta Ziburu (Lapurdi). Atea zabalik dagoela jakinarazi dute proiektuaren sustatzaileek, halere.

Azken urteotan euskararen ezagutzak gora egin badu ere, arazoa erabileran dagoela nabaritu dute sareko kideek. «Gutxiengoa gara euskaldunak euskararen herrian, gutxiago egunero erabiltzen dugunak, eta oraindik gutxiago euskaraz irakurtzen dugunak», adierazi du Ane Legarreta Galdakaoko ordezkariak. Horiek horrela, elkar sostengatzeko, elkarren berri izateko eta ideiak eta bizipenak trukatzeko sortu dute Doinuele sarea: «Itzaletik ikusgaitasunera ekarri nahi ditugu plazak, urte osoan euskal irakurle eta musikazaleei ibilbide bat proposatuz Euskal Herrian barrena».

Zortzi herrietako errealitateak askotarikoak badira ere, arazo bera dutela ohartu dira: «Legezko babes ofiziala ukan edo ez, euskaraz bizitzeko nekezia edo ezintasuna dugu», aitortu du Baztango ordezkari Elurre Iriartek. Halaber, euskara hutsezko ikusleria, irakurleria eta entzuleria bildu nahi dituzte sarearen bidez, eta, era berean, euskaraz bizi den komunitatea indartu. «Azokak errentagarriak izatea nahi dugu, jendetsuak eta biziak, denetarik biltzen dutenak, euskararen komunitatearen topaleku eta ispilu izango direnak», adierazi du Amaia Hennebutte Sarako ordezkariak. «Gure txikian bagara nor, hemen gaude, eta hemen egon gura dugu». Aurrerantzean sarea handitzea da erronka: «Denok zarete ongi etorriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.