Literatura eta musikagintza

Doinuele sortu da, euskara hutsezko plazen sarea

Euskal literatura eta musikagintza sustatzea da Doinuele sarearen asmoa. Oraingoz, Azkoitia, Baztan, Galdakao, Hernani, Lazkao, Sara, Zarautz eta Ziburu herriek osatzen dute.

Doinuele sarea osatzen duten zortzi herrietako ordezkariak, gaur goizean, Bilboko Bira kulturgunean. OSCAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko martxoaren 15a
13:06
Entzun

«Aspertuta gaude gure hautua azaldu, justifikatu eta defenditu beharraz: euskaraz bizi nahi dugu normaltasunez, naturaltasunez eta lasaitasunez». Argi laburbildu du egoera Joxepa Madariaga Lazkaoko (Gipuzkoa) Liburu eta Disko Azokako ordezkariak. Hari horretatik tiraka sortu dute Doinuele euskara hutsezko plazen sarea. Euskal literatura eta musikagintza sustatzea dute xede, eta euskarazko azokak eta plazak antolatu nahi dituzte. Oraingoz, zortzi herritako ordezkariak daude tartean: Azkoitia (Gipuzkoa), Baztan (Nafarroa), Galdakao (Bizkaia), Hernani (Gipuzkoa), Lazkao, Sara (Lapurdi), Zarautz (Gipuzkoa) eta Ziburu (Lapurdi). Atea zabalik dagoela jakinarazi dute, halere.

Azken urteotan euskararen ezagutzak gora egin badu ere, arazoa erabileran dagoela nabaritu dute sareko kideek. «Gutxiengoa gara euskaldunak euskararen herrian, gutxiago egunero erabiltzen dugunak, eta oraindik gutxiago euskaraz irakurtzen dugunak», esan du Ane Legarreta Galdakaoko ordezkariak. Horiek horrela, elkar sostengatzeko, elkarren berri izateko eta ideiak eta bizipenak trukatzeko sortu dute Doinuele sarea: «Itzaletik ikusgaitasunera ekarri nahi ditugu plazak, urte osoan euskal irakurle eta musikazaleei ibilbide bat proposatuz Euskal Herrian barrena».

Zortzi herrietako errealitateak askotarikoak badira ere, arazo bera dutela ohartu dira: «Legezko babes ofiziala ukan edo ez, euskaraz bizitzeko nekezia edo ezintasuna dugu». Halaber, euskara hutsezko ikusleria, irakurleria eta entzuleria bildu nahi dituzte sarearen bitartez, eta, era berean, euskaraz bizi den komunitatea indartu. «Azokak errentagarriak izatea nahi dugu, jendetsuak eta biziak, denetarik biltzen dutenak, euskararen komunitatearen topaleku eta ispilu izango direnak», adierazi du Amaia Hennebutte Sarako ordezkariak. «Gure txikian bagara nor, hemen gaude, eta egon gura dugu». Aurrerantzean sarea handitzea da erronka: «Denok zarete ongi etorriak».

Hurrenez hurren, hau da aurkeztu duten egitaraua:

- Urtarrilaren 23tik 29ra.(H)ilbeltza euskal nobelaren astea, Baztanen.
- Martxoak 24 eta 25. Geure Gelatikliburu azoka, Azkoitian.
- Apirilaren 27tik 30era.Sormene, Galdakaon.
- Maiatzaren 5etik 7ra. Literaturia, Zarautzen.
- Ekainak 3. Ziburuko Liburu eta Disko Azoka.
- Irailak 30. Hernaniko Liburu Azoka.
- Urriak 20 eta 21. Ikusi Mikusi, Saran.
- Abenduaren 15etik 17ra. Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.