Itziarren Semeak taldearen hirugarren diskoan, punkak bestelako doinuei ere egin die tokia, hala nola funkari, salsari eta reggaetonari. Soinuen koktelera zabaldu egin dutela diote. «Koktel tropikala osatu dugu», nabarmendu du Ibon Altuna abeslariak. Dale candela izenburupean kaleratu dute lan berria, Mauka Musikagintza zigiluarekin. Izenetik bertatik hasita, «keinu bat» egin diete Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako herrialdeetako iraultzei. Kuban aurkeztuko dituzte lan berrian bildu dituzten 15 kantuak. Abenduaren 20tik 31ra izango dira Karibeko uharte horretan.
Karibeko musikak eta paisaiak oihartzun handia dute Itziarren Semeek osatu duten diskoan; Venezuelako hondartza amaiezin eta ederretan girotu dute, esaterako, Txitxiribitxe abestia. Aldiz, Dale Candela kantuan, egunerokoan hamaika frontetan borrokatu behar diren emakumeei egin diete gorazarre.
Abesti horrek islatzen du argien musika estiloari dagokionez taldeak egin duen aldaketa. Runba ukitu bat ere badu. «Pauso bat eman nahi genuen», azaldu du Altunak. «Erronka izan da guretzat beste estilo batzuekin ausartzea, baina baikortasunez heldu diogu apustuari. Ondo pasatu dugu, eta pozik gaude emaitzarekin», esan du musikariak.
Gainera, argitu du Itziarren Semeak taldearen «esentzian» ez dela izan aldaketarik. «Kantuen hitzetan eta hartzen ditugun konpromisoetan ez dago alderik beste diskoekiko. Musika da desberdina».
Kaki Arkarazorekin grabatu dute, Andoaingo Garate estudioan. «Uste dugu Kakirekin abestiek irabazi egiten dutela; koska bat igotzen dute maila». Garatera joan aurretik, Arrasateko Shot estudioan grabatu zuten maketa bat. Estiloan egingo zituzten aldaketak finkatzeko, eta oinarri batzuk ezartzeko. Lokalean ere ordu ugari eman zituzten abestiak fintzen.
Negu Gorriak-en bertsio bat
Horietako bat Negu Gorriak-en Amodiozko kanta da. «Hogei urte pasatu diren arren, gaurkotasun handia du oraindik ere». Moldatu egin dute abestia. Beste soinu batzuetara eraman. «Eta Herrira mugimenduaren esku utzi dugu, urtarrilaren 12ko manifestazioari eginiko ekarpen gisa».
Halaber, Askapen izarrak abestia Askapenaren Askapeña konpartsaren eskariz ondu dute, salsa doinu indartsuekin.
Ibon eta Manex Altunarenak dira abesti gehienen musika zein letrak. Alta, Deserria kantua Patxi Bidartek idatzi du. Lagunak dauzkaten musikariekin lan egitea plazer bat iruditzen zaie. Hala, Iheskide, Norte Apache, La Jodedera, Anger, Xutik eta Gose taldeetako musikarien kolaborazioak daude Dale candela diskoan.
47. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Doinu tropikalen koktela
Itziarren Semeak-en 'Dale candela' diskoan, punkak beste garrantzia dute funkak, salsak, runbak eta reggaetonak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu