Abangoardiaren azken joeretan murgilduta dabiltzan musikagile eta interpreteei egingo die tarte Hamabostaldiak datozen egunetan. Gaur hasi eta abuztuaren 29ra bitarte, Musikagileak Musika Garaikideko Zikloak aukera emango du hots berritzaileenak ezagutzeko eta hizkuntza elektronikora hurbiltzeko, bost kontzertuen bidez. Hainbat musikagileren lanak entzungo dira, eta, horien artean bederatzi euskal herritarrenak; horietako hiruren lanak estreinakoz entzungo dira: Zuriñe Gerenabarrena, Alberto Etxeberria, eta Gabriel Erkorekarenak.
Musikene eta Musikagileak elkartearen laguntzaz antolatu denzikloak bi ardatz izango dituela azaldu du Ramon Lazkanok, zikloaren koordinatzaileak: «Batetik, teknologia, bi zentzutan: musika tresnena, eta ohiko teknologia elektronikoarena. Eta, bestetik, saturazioa edo asetzea, eta zurrumurrua». Lehenengo ardatz horren adierazgarri, instrumentu mikrotonalak izango dira, hala nola tonu laurdeneko akordeoia: gaurkoan, Iñaki Alberdik joko du, eta, abuztuaren 28an, Christophe Desjardins ariko da tonu herenetako biolarekin. Bigarren ardatzari dagokionez, egungo sortzaile askok «saturazioa» erreferente izan dutela azaldu du Lazkanok, «bai Jimmy Hendrixen musika erreferentzia gisa hartuz, bai metal musikaren hainbat influentzia bereganatuz ere».
Iñaki Alberdik eta Rafael Galvezek irekiko dute zikloa gaur, San Telmo museoan 20:00etan, Akordeoi mikrotonalaren inguruan programa eskainiz«Aitzindari eta berritzailea izango da kontzertua», azaldu du Eli Etxebestek, kontzertuaren aurkezleak. «Aitzindaria, Alberdiren akordeoia munduan bakanetakoa delako, akordeoi mikrotonal moldatua da, eta halako hiru bakarrik daude munduan; berritzailea, eskainiko duten programarengatik». Toshio Hosokawa, Georg Friedrich Haas, Felix Ibarrondo eta Jose Maria Sanchez-Verdu musikagileen lanak interpretatzearekin batera, Zuriñe Gerenabarrena gasteiztar musikagilearen Luma lana estreinatuko dute emanaldian, Alberdiren akordeoiarentzat egina preseski.
Bigarren kontzertua abuztuaren 25ean izango da, Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoan. Stephane Gingsburh piano jotzailea eta Miquel Bernat perkusio jotzailea ariko dira; Lazkanorentzat «oso obra garrantzitsua» den Karlheinz Stockhausen-en Kontakte obra interpretatuko dute. 1959-60ko urteen bitartean idatzitako obra da, eta 50eko hamarkadako aldaketa estetiko eta teknologikoetan dago oinarrituta. Erkoreka, Ibarrondo eta Etxeberriaren lanak ere joko dituzte; Etxeberriaren Connections estreinatuko dute.
Abuztuaren 27an, Tana Laukotea harizko taldearen txanda izango da, leku berean, eta musika tresna klasikoak osagai elektronikoekin bateratuko dituzte eskainiko duten programan. Hilaren 28an, Christophe Desjardins biola jotzailea eta Christophe Lebreton musikagile elektronikoa ariko dira, eta Gabriel Erkorekaren Ilargia partitura estreinatuko dute. Zikloa amaitzeko, abuztuaren 29an, Ensemble L'Instant Donne taldea ariko da ganbera musika garaikidea joaz.
75. Musika Hamabostaldia
Doinu klasikoak modernizatuz
Teknologia eta saturazioa ardatz dituzten bost kontzertu eskainiko dira gaurtik aurrera Musikagileak Musika Garaikidearen Zikloan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu