Transmisioa forma askotan bermatu daiteke, Juan Mari Beltranen hitzetan. Ikuskizunen bidez, belaunaldiz belaunaldi irakatsiz,eta baita disko formatuan ere. Horregatik, iazko otsailean estreinatutako Zuhainpeko soinuak ikuskizuneko kantuak diskora ekartzea deliberatu dute, beste euskarri baten bidez euskal musikaren sustraiak iraunarazteko. Ia urtebetez taula gainean elkarrekin aritu ostean, estudioan sartu zen taldea. Ikusgarriaren izen bereko diskoa kaleratu dute, eta hasierako helburuari ere heldu diote: euskal musikagintza tradizionala iraunaraztea.
Ia zuzeneko bat grabatzearen parekoa izan da esperientzia, Beltranen ustez: «Donostiako Elkar estudioan sartu ginen asteburu batez. Partitura gutxi izan genuen han: begiradekin ulertzen genuen elkar». Jean Mixel Bedaxagarrek ere uste du ez dela aparteko esfortzua izan elkarrekin lan egitea: «Azkenean, konplizitatea sortu da gure artean; hobeki ezagutu dugu elkar, eta uste dut koherentzia izan dugula». Beltranek eta Bedaxagarrek aspalditik zuten elkarrekin lan egiteko gogoa, eta diskoa aukera «bikaina» izan dela aitortu du Beltranek: «Atsegina izan da bidea. Aspalditik egin dugu topo hainbat proiektutan, eta oso harreman estua izan dugu, baina ez dugu elkarrekin sortzeko aukerarik izan orain arte».
Bedaxagarrek urteak daramatza Zuberoako euskal musika tradizionalaren transmisio lanean. Beltranek, berriz, gaztetatik ekin zion euskal musika instrumentuak berreskuratzeko lanari.
Diskoan igarri da harreman hori, eta mugaz gaindiko loturak ere egin dituzte hainbat abestitan: «Zenbait kantutan, Zuberoako abestien melodiarekin hasi gara, eta halako batean jauzi egin dugu Hego Euskal Herriko musika estilora. Beste batzuetan, berriz, alderantziz gertatu da», azaldu du Beltranek. Horren adibide da, besteak beste, Txori erresiñola abestia.
Hamasei abesti jaso dituzte lanean, eta bederatzi lagunek parte hartu dute grabaketan. Euskal musika instrumentu tradizionalek dute protagonismoa lan berrian. Aitor Beltranek eta Ander Barrenetxeak txalaparta eta perkusioa jo dituzte; Maider Ansak, berriz, panderoa jo, eta Mathieu Mendizabalekin batera abestu du. Sacha Standenek biolinaren soinua gehitu du proiektura, eta Mixel Etxekoparrek, berriz, txirularena, ttunttunarena eta kontrabaxuarena.
Belaunaldien arteko lotura
Proiektuak hainbat belaunalditako musikariak elkartu izanak «poza» eragin die Bedaxagarri eta Beltrani: «Arras pozik gaude, bistan da. Seinale da gazteek badutela interesa gu entzuteko eta gurekin lan egiteko», adierazi du zuberotarrak. Beltranen ustez,beharrezkoa da harreman hori bermatzea musikagintza tradizionala iraunarazteko: «Hala egin dut nire bizi osoan, eta orain ere pozgarria da nire ikasle ohiekin batera aritzea oholtzan. Mugak hautsi behar ditugu».
Adinari dagokionez bakarrik ez, estiloan ere mugak haustearen garrantziaz hitz egin dute bi musikariek: «Guk ikasi dugu aitzinakoengandik, eta haiek erraten ziguten beren maisuengandik ikasi zutela. Guk segitu behar dugu hori aberasten, beste musika influentziekin, baina gure jakitatea ezabatu gabe», dio Bedaxagarrek. «Zaharrek erakutsi ziguten bidea, baina ez dugu jarrera itxirik eduki behar», ohartarazi du Beltranek. «Jabetu behar dugu eragin handia jaso dezakegula».
Horregatik, musika tradizionalari helduta, konposizio berriak egin dituzte diskorako. Besteak beste, Bedaxagarrek osatu du Aro berria abestia: «Erretretari buruz ari naiz kantuan. Gai berria da». Bestalde, Gaztain egosiak kantuan txalaparta erabili dute melodia jartzeko: «Perkusio instrumentua izan arren, doinua jarri diogu abestiari txalaparta bidez», azaldu du Beltranek. Gainontzeko piezek herri jatorria dute, nahiz eta estudioan moldatu dituzten hainbat kantu: «Guk sentitzen dugun moduan transmitu ditugu kantuak; libre, baina bideari jarraituz».
Bide berriak tradizioari
Hain justu, Zuhainpeko soinuak ikuskizunak oholtzaratze berezia eta apurtzailea dauka. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean egin dute lan, eta musika, irudiak eta dantza uztartu dituzte: «Modernoa da, baina tradizioan oinarritutako testuingurua eman diogu». Ikuskizunagatik Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak saria eman zien joan den udazkenean. «Plazer pertsonal bat egin digu, baina talde gisa jaso dugu saria», azaldu du Bedaxagarrek. Bat egin du Beltranek, eta azpimarratu du gehien gustatzen zaiena euskal musika iraunarazteko eta ezagutarazteko lan egitea dela.
Horretarako aukera paregabea izango du taldeak maiatzaren 11n, Madrilen eskainiko duen ikuskizunean. Orain arte Euskal Herri osoan egin dituzte emankizunak, eta Okzitanian ere izan ziren joan den udaberrian, Bordelen. Diskoa argitaratuta, asmoa dute proiektuarekin aurrera egin eta bide berriak urratzeko. Euskal musikaren sustraiak nonahi hedatzea eta ongi errotzea izango da datozen hiletan edukiko duten lehentasuna.
Doinu berrien sustrai errotuak
'Zuhainpeko soinuak' ikuskizunean oinarritutako diskoa atera du Beltranek, Bedaxagarrek eta Etxekoparrek gidatutako taldeak. Herri kantuak eta sorkuntza berriak batu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu