'itsasoa bete urre'
Idazlea: Daniel Martirena Indart. Ilustrazioak: Ana Ibañez Elosua. Argitaletxea: Txalaparta.
Itsasoak, berandu baino lehen, ematen duen guztia kentzen duela entzun dut txikitatik etxean; itsasoak asko ematen digu, baina asko kentzen ere bai aldi berean. Itsasoaren izaera antitetiko hori berori errepresentatzen du Dani Martirenak hitzez eta Ana Ibañezek ilustrazioz ondu duten Itsasoa bete urre (Txalaparta, 2024) album ilustratuak. Farozainaren largabistek gidatuko dute irakurlea; haren begiradaren galbahetik pasatuta bertaratuko gara istorioan, aurrean zabaltzen den itsaso zabal eta misteriotsuan barna. Hala, orriz orri, farozainak inoiz ikusi dituen itsasoko izakirik ederrenak bistaratuko ditu, marrazoak, txipiroiak eta marmokak, urrea bezala dir-dir egiten dutenak irakurlearen begietara. Baina, distira horren guztiaren alboan, itsasoa zeharkatzen hil direnen bizitzak ere ekarriko ditu hizpidera, brillorik gabe: «Itsasoko gatzek herdoilduta denak». Guztiarekin ere, piratekin eta hondoratzen diren galeoiekin zerikusirik ez duen itsas istorio bat aurkituko du edozein irakurlek liburuan, hil-jantzietan bildutako migratzaileen kontakizun tragiko bat.
Eta, hain zuzen ere, edozein irakurle izan daiteke hizpide dugun liburuaren kontsumitzailea. Itsasoa bete urre Axuri Beltza bildumaren parte da, alegia, printzipioz, haurrentzat eta gazteentzat idatziriko obra da. Hala ere, argitaletxeak hala zehaztuta, bai eta liburuaren aurkezpenean autoreak berak ere, adin guztietako irakurleentzat –gomendatutako adina, 8-99– gozagarria izan daitekeen obra dugu Martirenarena eta Ibañezena.
Esango nuke ezaugarri bik erantsi diotela konplexutasuna irakurketari. Batetik, Martirenaren hitzen tonuak; a priori narratiboa den kontakizuna da, baina oinarrian kadentzia poetiko bat ere sumatu diot narratzailearen diskurtsoari. Bestetik, ilustrazioen estiloak ere anbibalentziaz jantzi du istorioa. Gehienak ez dira grabatu gardenak, erraz interpreta daitezkeenak; irakurlea/ikuslea eta testua interpelatzen dute, interpretazio bat eskatzen, eta, horien bitartez ere, bigarren istorio bat irakur daiteke. Kontakizunaren zuzeneko hartzaileak haur eta gazteak direla bistakoa izan arren, bi alderdi horiek kontatzeko autoreek hautatu duten lengoaia ez (horren) figuratiboak, geruza askotako irakurketak iradokitzeaz batera, publiko zabal bati hitz egin nahi izan diola iruditu zait.
Hala ere, gehienetan aldeko duen ezaugarria kontrara ere bueltatzen zaio liburuari zenbaitetan. Izan ere, batzuetan, ilustrazioen eta hitzaren arteko distantzia handiegia egin zait. Nire ustez, kasu horietan, nabarmenegi geratu da bi diskurtsoen sortze prozesua ez dela aldiberekoa izan, eta ilustrazioak testuari hartu diola gaina, lehen bi orrialdeetan, adibidez, edo zazpi eta zortzigarrenetan.
Edonola ere, urre eta dir-dir artean, bizitza gogorren oihartzunak aurkituko ditu irakurleak, haur eta gazteentzat egokitutako lengoaian bilduta, baina, konplexutasun desberdineko kapa ugari dituen heinean, edozein irakurlek disfrutatzeko moduan.