Disolbatzen ari den garai baten fikzioak

Nerea Arrienek 'Jende likidoa' ipuin liburua aurkeztu du. Hamahiru kontakizuneko bilduma da, Erein argitaletxeak plazaratua

Nerea Arrien, atzo, Donostiako Liburutegi Nagusian. JON URBE / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Zygmunt Bauman soziologoak sortu zituen modernitate likidoaren, gizarte likidoaren edo maitasun likidoaren kontzeptuak. Aitona-amonen garaiko errealitate sendo haiek —betiko ofizioa eta bizitza osorako ezkontza, adibidez— desegin diren gaur egungo sasoia definitzeko terminoak dira. Eta zer geratu da orduan? Mundu prekarioa, behin-behinekoa; denbora oso azkar igarotzen den ideia, gauzek luze iraungo ez duten ustea; berritasunen irrika etengabea, nekagarria; malguak izateko premia, likidoak izateko ahalegina, edo ez behintzat solidoak izatekoa. Horrek esan nahi du betiko ez konprometitzea ezerekin, eta aldaketetarako prest edukitzea gogoa. Ondorioak dira, beraz: zalantza, arintasuna, koloka, hondamen emozionala.

«Gaur egungo jendeari buruzko kontakizunak dira hauek», azaldu du Nerea Arrienek (Lekeitio, Bizkaia, 1976). «Jende multzo handia ageri da. Gazteren bat edo zaharren bat baden arren, nire adin ingurukoak dira gehienak». Ipuin bakoitzean pertsonaia bat edo bi bakarrik agertzen dira, baina, liburuan aurrera egin ahala, irakurlea segituan ohartuko da lehen pertsonaia nagusia izandako bat bigarren mailakoa dela beste batean.

«Ipuin batetik bestera alderrai dabil jendea», Erein argitaletxeko Inazio Mujika editorearen arabera. «Kontakizunen artean konexio asko dagoen liburua da, eta harrapatu egiten zaituen giro bat sortzen da horrela, nobela bateko giroa bezalakoa. Itsasoaren presentzia nabarmena da, eta esango nuke pertsonaia bat gehiago dela itsasoa bera ere». Segidan nahiz jauzika irakur litezke ipuinak, «baina elkarren anparoan irabazi egiten dute, elkar osatu egiten baitute».

Nerea Arrienek haur eta gazteentzako lau liburu argitaratuak ditu. Helduentzako lehendabizikoa 2018an plazaratu zuen, Hirutter eleberria —emakume baten eta bi gizonezkoren arteko triangelu bat—, eta orain hamahiru kontakizuneko ipuin bilduma dakar: Jende likidoa. Azkeneko ipuinak ematen dio izenburua liburu osoari.

«Bizi dugun gizarte moduari buruzko fikzioak dira, ikuspuntu ezberdinetatik kontatuak», azpimarratu du Arrienek. «Perspektiben ariketa baten antzekoa da. Zoom baten bitartez begiratzen zaie pertsonaiei». Bebarru garbitzailea, kostaldeko idazlea, arrain saltzailea, labarretako arkitektoa, merkataritza ontzi handi bateko marinela, buzoa..., «denen artean fauna akuatiko postmodernoa osatzen dute. Lurrundutako jendea da, jende eferbeszentearen garaira heldu baino lehenagokoa. Likidoa den denbora bateko lekukotasuna eskaini dut». Gros auzunea, Equitativa eraikina, Urumea ibaia, Zurriolako hondartza, Zinemaldia, Paseo Berria, Aquariuma..., Donostian eta gaurko egunean kokatutako gizartea erakusten du. «Bada ipuin bat, bakarra hala ere, Mediterraneo girokoa, bidaia berezi batean». Erroma, Sizilia, Napoli, Santorini; Maitasun amniotikoa izena du.

Ura bere bidean

Gizarte likidoan murgiltzen da Arrien fikzio horietan. «Irakurlea berehala ohartuko da hemengo gai nagusiez, hala nola maitasun likidoa, polimaitasuna, ezerez sentipenak, bakardadea, irudiaren tirania, eta abar».

Pertsonaia guztiak desberdinak diren arren, «komunean badaukate denek geruza bat», eta izango dira zalantzatiak, erresistentziarako ezinduak, alderraiak. «Haien ideiak, minak, kondizioak, pozak bustita daude garai likido hauetako kezkekin eta arazoekin. Haiek ez dakiten arren, irakurlea konturatzen da». Idazteko tenorean, Arrienen erronketako bat izan da, hain zuzen, pertsonaiek ez izatea horren kontzientziarik. «Jakingo balute zerk baldintzatzen dituen beraien bideak, eta, horri buruz gogoeta egingo balute, liburuak saiakera kutsua hartuko luke. Nire apustua, ordea, fikzioaren aldekoa izan da guztiz».

Ura da istorio horien guztien kohesio elementua. «Uraren ezaugarri berezi batzuk hartu ditut kontuan: isiltasuna, baretasuna, moldagarritasuna, jarioa eta, noski, higatzeko duen gaitasuna. Eguneroko bizimoduak dituen ezaugarriak dira aldi berean. Horretan oinarritzen dira nire ipuinak, bai eta ere pertsonaiak». Tantaka idazten hasitako kontakizunak pixkanaka elkarrekin harremanetan jarri dira, eta fikzioaren eta fantasiaren bideetan garatu ditu. «Hasierako tantak fluxu bilakatu ziren, eta, azkenean, ipuinak eleberritu egin dira nolabait».

Pianoa ikasitakoa da Arrien, eta agian horregatik oso maiteak ditu soinu bandak erakusten dituzten liburuak. «Era askotako musika dago nirean: Leonard Cohen, Marisol, Nick Cave, The Beatles, Hertzainak, Lana del Rey, Chet Baker eta gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.