Jean-Marie Teno. Zinemagilea

«Diskurtso kolonialak bere horretan jarraitzen duela ematen du»

Kamerungo jendearen eguneroko bizitza erakutsi nahi du Jean-Marie Teno zuzendariak bere filmekin: haren munduari buruz duen ikuskera. Kolonialismoaren gaia gerturatu du Iruñera hiru filmekin.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2014ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Hainbat proiektu ditu abian, baina badu hitzaldietarako tarterik. Bi urtetik behin egiten ditu filmak Jean-Marie Teno zuzendariak (Famleng, Kamerun, 1954). Nafarroako Filmotekan izan da egunotan, Hommage (Omenaldia, 1985), Afrique, je te plumerai (Afrika, lumatuko zaitut, 1992) eta Le malentendu colonial (Kolonialismoaren gaizki-ulertua, 2004) filmekin. Afrikako zinemagintzan zuzendari entzutetsuenetako bat da.

Zerk bultzatu zintuen zinema egitera?

Oso ongi pasatzen dut pelikulak egiten, eta hori oso garrantzitsua da. Jendeari gustatzen zaio kamera sorbaldan doan jendea ikustea. Interesgarri egiten zaitu. Ez, txantxetan ari naiz; ez dut horregatik egiten.

Zure filmetan etengabe azaltzen dira kolonialismoaren eta Afrika eta Europaren arteko harremanaren inguruko gaiak.

Kolonialismoari oro har oso garrantzi gutxi ematen zaio, nire ustez. Europarrek, noski, ez diote aurre egin nahi arazoari, hein batean, haiei baitagokie arazoa. XXI. mendean zer gertatzen ari den ikusita, diskurtso kolonialak bere horretan jarraitzen duela ematen du. Gerra gehienek gerra koloniala ezkutatzen dute; terrorismoaren aurkako defentsa ideologien pean dago kolonialismoa. Egiatan, gerra kolonialak dira gerra gehienak. Helburuak lortzeko, okupatu egiten dituzte herrialdeak; bonbardatu, suntsitu. Herrialdeak dituen baliabideekin egiten dira, eta, gehienetan,AEBen eraginpean dagoen gobernua ezartzen dute.

Hori egiten ari dira Europan, berriro: Frantziak esku hartu du Afrikan. Gerra kolonialaren segida da. Palestinako gatazka ere hortxe dago, eta oraindik ez dago konpontzerik. Hori ere gatazka koloniala da, baina jendeak ez dio horrela begiratu nahi arazoari. Inork ez du esan nahi gerra koloniala dela. Ikasi beharreko kontua da kolonialismoarena.

Hori irakatsi nahi izan diozu ikusleari zure filmekin?

Ez naiz aritzen jendearen gogoeta eragin nahian; kezkatzen nauena erakutsi nahi dut; hori besterik ez. Baina jendeak, askotan, nahiago izaten du telebistan ematen dutena ikusi: futbol partidak edo aisialdirako programak. Dena den, aitortu behar dut niri asko gustatzen zaidala futbola. Arazoak saihestu nahi izaten dituzte askok, eta horren aurka gutxi egin dezakegu errealitatea erakutsi nahi dugunok. Are gutxiago gure filmak ez badira areto komertzialetan proiektatzen, eta ez badira zirkuitu komertzialetan zabaltzen.

Kamerungoa zara, baina Frantzian bizi zara. Errazagoa da zinema Europatik egitea?

Uste dut Europan bizitzeak lagundu didala konturatzen afrikarrak ez garela oso maitatuak bertan. Herrialdeen artean dauden ezberdintasunak ikusten lagundu dit distantziak, eta horrek afrikarragoa sentiarazi nau. Errealitatea Europatik ikustean, inguruan dudana kontatzeko beharra sentitzen dut. Baina asko kostatu zitzaidan ni esatea. Zinemaren bidez egin dut azkenean.

Arazorik izan al duzu zentsurarekin eta erregimenaren aurkakoen kontrako erasoekin?

Zentsura politikoa da; horretan ez daukat dudarik. Baina arazo nagusia ekonomikoa da zinemagintzan, zentsura ekonomikoak nahi duzuna erakusteko mugak jartzen dizkigulako. Oso zaila da finantzabidea bilatzea, eta, gainera, Europan askotan ez dute entzun nahi afrikar batek konta dezakeena. Hamaika urtez itxaron behar izan nuen nire lehen filma Frantziako pantaila batean ikusteko.

Zure filmografia dokumentalek osatzen dute, ia erabat. Fikziozko film bakarra egin duzu, oraingoz. Erosoago sentitzen zara dokumentalekin?

Fikziozko filmak ikustean, ikusleak beti esango du: «Hara, hau fikzioa da, zinema». Eta nik errealitateari buruz hitz egin nahi dut; errealitatea perspektiban erakutsi nahi dut. Jendearen eguneroko bizitza erakutsi nahi izan diot ikusleari, eta horiek perspektibaz filmatu. Inozoa nintzen pelikulak filmatzen hasi nintzenean. Mundua aldatuko nuela pentsatzen nuen.

Segitzen duzu hori sinesten?

Ez, orain ez dut hori uste. Baina neu aldatu naiz.

Hainbat proiektu dituzu martxan.

Bai, hiru film ditut buruan, baina ez ditut aldi berean egingo. Dirua duen proiektuak agintzen du, eta horren arabera egin behar dugu lan, proiektuak ditugunean. Baina, badaezpada, beti izaten ditut beste batzuk buruan.

Une feuille dans le vent zure azkeneko filma hurrengoaren segida izango da gaiari dagokionez. Nafarroan proiektatukoetan ere halako jarraipen narratiboa dago.

Nire hausnarketen jarraipena antzematen da filmetan. Munduaren inguruan zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gogo handiagoa dut zinema egiteko edo zer gertatzen ari den ulertzeko eta ikusteko. Nire filmak aldatuz doaz denborarekin. Metafora gehiago bilatzen ditut; ezberdinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.