Diskorik atera behar ez zutenen diskoa

Hamabi kantako disko fisikoa kaleratu du Dupla bikoteak, nortasun ikur duen genero nahasketa askea oinarri hartuta: 'Nahieran'

BERRIA.
Inigo Astiz
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Artean bost kanta baino ez zeuzkatela heldu ziren Dupla bikoteko kideak lehenengoz Durangoko Azokara. 2019. urtea zen, eta Folklore deitu zuten bilduma hura. Ez zuten diskorik argitaratu, ordea, eta, horren ordez, estalkietan beren abestietara heltzeko loturak zeramatzaten Chupa Chups goxokiak saldu zizkieten bisitariei: Duplatxupsak. Argi zuten ez zutela sekula formatu fisikoko diskorik aterako. Ozen esan zuten, eta baita behin baino gehiagotan errepikatu ere. Ez. Inoiz ez. Edo inoiz ez, behintzat, orain arte. Bi urteren buruan, hamabi abestiko disko batekin bueltatuko baitira orain Durangoko Azokara. Nahieran du izena lanak, eta bikotearen nortasun ikur bilakatu den musika genero nahasketa askea du oinarri. Pop leloak. Hip-hop ukituak. Punka. Rocka. Elektronika. Trikitia. Technoa. Reggaetona. Baladak. Ia edozer. Nahieran, baina beti kanta helburu bakartzat. Horregatik hasi dute diskoa Kontraesanak abestiko aitortza erauntsiarekin. «Duplatxupsekin bazilatzen:/ 'guk ez dugu diskorik aterako,/ ni pani pa la ostia'/, eta orain... Elkarren salgai».

Gari Uriartek eta Beñat Oribek osatzen dute Dupla, eta, aitortu dutenez, aldarrikapen tanta bat ere badu diskoaren tituluak. Oribek: «Nahi duguna egitea, nahi dugun moduan, estilo bakar batera itxi gabe, nahieran, edozeinekin». Diskoan kolaboratu duten musikarien zerrenda ere izan daiteke horren froga: Juantxo Arakama, Sara Zozaia, Tapia eta Leturia, Xsakara, Kaotiko, Evaristo Paramos, Txiki, Pello Armendariz eta Pantxo Zoo. «Nahieran», berriz Oribek lehen azalpena, labur; eta eten txiki baten ostean garatu du ideia: «Gustatzen zaizkigu kolaborazioak, eta kantak sortuz joan ahala etorri zaizkigu burura batzuk edo besteak: lagunak dira».

Abestia da zentroa

Kanta da haien lan unitatea. Baina Oribek ez du argi zein den kantak sortzeko darabilten metodoa. «Hori da miloi bat euroko galdera, ezta?». Badute lagungarri suertatzen zaien irizpide bat. «Pasa ditzakezu, batzuetan, kanta batekin hiru hilabete, bueltaka, obsesionatuta, letrak txukuntzen, silaba bat kentzen edo gehitzen, baina hori jendeak erabakitzen du, eta ordura arte ez dakizu funtzionatuko duen edo ez. Gure artean beti esaten dugu zerbait erraz ateratzen bada hori ona dela, edo agian ez, e, baina orain arte boom gehien izan duten gure kantak beti izan dira kasik lehenengo kolpean ateratakoak. Seinale ona izaten da hori».

Berriak dira diskoko kanta gehienak, baina guztiak ez dira berriak. Esate baterako, Folklore izeneko disko digitalean ere bazetorren Dantza gaua abestia, eta koronabirusak eragindako hasierako etenaldian argitaratutako Mundua geldi ere errekuperatu dute diskorako. «Gure lehenengo fasearen eta bigarren honen artean geratu zen kanta hori pixka bat solte, eta pentsatu genuen, 'benga, barrura'».

Euskaraz dira hamabi abestietako zortzi, eta gazteleraz lau. Etxean egin dituzte grabazio gehienak, eta Aritz Harregik ere lagundu die Usurbilgo estudioan (Gipuzkoa). Diskoa argitaratu berri dute, baina, Oribek aitortu duenez, oraindik ez dute argi ikusten disko fisikoarena. «Gu beti izan gara diskoen aurkakoak». Non entzun ere ez daukatela dio, gainera. «Hemen ditut 150 CD kutxa batean, eta ezin ditut inon entzun. Nire diskoa da, eta ezin dut entzun autoan, ez daukadalako irakurgailurik». Sarean entzuten dute musika, nagusiki, eta abestiz abesti joaten direla dio. Ekoizpenean lagun dituzten kideengomendioari kasu egin, eta hala heldu da diskoa. «Abesti pilo bat hartu eta disko batean sartu ditugu, nik uste, baina ez dugu prestatu disko bat, kontzeptualki».

Dantzaren eta perreo-aren gorazarre egiten da abestietan, behin baino gehiagotan. Izan zitekeen diskoteketan dantzatzeko disko bat, hain justu ere, diskotekak estu ibiliko ez balira. Baina osasun larrialdi betean ere 40 kontzertu inguru eman dituztela dio Oribek. «Guk ere izan genuen gure dilema hor; ea akustikoa egingo ote genuen saioa, intentsitatea pixka bat jaitsiz edo. Baina, ez, topera. Ateratzen ginen gure bateriarekin, Dantza gaua jo, eta diskoteka. Eta jendea gustura, eserita egonda ere, gustura. Hori izan da gure filosofia, eta estudioan ere islatu da hori».

'Lo-lo-lo'-aren herria

Badira kantuan ere erraz laguntzeko moduko melodia instrumental batzuk diskoan. Eta ez dira gutxi, gainera. «Jode, noski», azaldu du Oribek, «Agurain [Araba] delako lo-lo-lo-aren herria! Lo-lo-lo-arena eta lai-lo-arena!». Hain zuzen ere, sorterriko beste hainbat talderekin batera sortu dute 01200 abestia: Kaotiko taldearekin, Evaristo Paramos abeslariarekin eta La Polla Records-eko eta Gatillazo taldeetako gitarra jotzaile izandako Txikirekin. Haien zordun direla diote Duplakoek. «Haiekin jaio ginen», azaldu du musikariak. «Adin batetik beherakoei, Agurainen, Dupla gutxi gorabehera sartzen zaie, baina adin batetik gorakoei, batere ez. Kaotiko eta La Polla entzuten gotortuta daude asko, eta pentsatu genuen egin behar genuela kanta bat jende horrentzat, gozatu zezan: kanta bat herritik, herriarentzat».

Abendu amaieran hasiko dute aurkezpen bira, eta Durangoko Azokan ere izango dira. Mahai bat jarriko dute. Bai. Diskoak saltzeko. «Eta hurrengo urtean biniloa seguruenik», Oribek barrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.