Diskoetxe erreferentzial baten aztarna historikoa baino zerbait gehiago

Esan Ozenkik bere katalogoa eraberritu eta digitalizatu du, eta bere ibilbideko kantuen bilduma plazaratu du

Jitu, Sorkun, Fermin Muguruza, Nerea Fillat eta Imanol Ubeda, atzo Donostian. JUAN CARLOS RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Udazkenarekin bat jakinarazi zuen Esan Ozenkik bere katalogoa eraberritu eta modu digitalean zabaltzeko asmoa zuela. Hogei urte bete dira aurten diskoetxea sortu zela, eta hamar desagertu zela. Metak-ek hartu zuen haren lekukoa eta 2006ra arte iraun zuen. Hiru astez katalogo eraberritu hori Spotifyk bakarrik erabili ahal izan du. Hemendik aurrera, The Orchard banatzaile digitalak beste 23 ataritara zabalduko du. Esan Ozenki modu digitalean zabalduko den aurreneko aldia izango da.

Hemendik aurrera modu digitalean banatuko dutena ez da Esan Ozenkiren katalogo historikoa izango, zenbait aldaketa izan direlako azken urteetan. Katalogoan zenbait disko kendu eta beste batzuk gehitu dira. Esaterako, Gora Herriak zigilupean —nazioarteko taldeen diskoak—kaleraturiko disko dezente lizentziak baino ez ziren (Zebda, Todos Tus Muertos...), eta horiek amaiturik daude dagoeneko. Bestalde, talde batzuek beren diskoen eskubideak eskuratu dituzte (Su Ta Gar, Lisabö, Jabier Muguruza...), eta Esan Ozenkiren katalogotik atera dira. Baina, aldi berean, Metak-en katalogoaren zati bat Esan Ozenkiren katalogora pasatu da. Metak, enpresa modura, aurten desagertuko baita.

Esan Ozenkiren katalogoaren gaurkotze eta digitalizatzearekin batera, kantuen bilduma bat osatu du Fermin Muguruzak, eta CD formatuan kaleratu dute. Diskoetxearen ibilbidea laburbiltzen duten 24 talderen kantu banak osatzen dute bilduma: Negu Gorriak (Geurea da garaipena), Ama Say (Papillons noirs), Delirium Tremens (Laino ilunak), Kortatu (Etxerat), EH Sukarra (Argi ibili), BAP!! (Amets gaiztoak), Dut (Haize eza), Xabier Montoia (Zugan gogoa), Deabruak Teilatuetan (Gaur euria egin du), Anestesia (Hilobia lantzen), Etsaiak (Erahilketa), Kashbad (Nazkauta), King Mafrundi (Iratzar irratia), Joxe Ripiau (Paradisu zinema), Pi LT (Erraietatik), Fermin Muguruza (Puzka), Anari (Minaren funtsa), Beti Mugan (Galtzaileak), LIF (Epaile), Selektah kolektiboa (Koktel molotoff), Ruper Ordorika (Nor da), Kuraia (Bizi gera), Sorkun (Atmosfera) eta Afrika (Revolution).

Autogestioaren eskola

Negu Gorriak taldeak Gure jarrera (1991) diskoa plazaratzearekin bat sortu zen Esan Ozenki. Fermin Muguruza taldeko kide eta diskoetxearen sustatzailearen hitzetan, eskola bat sortu zuten, «baina ez guk besteei erakusteko, baizik eta guk geuk ikasteko, eta ikasitako hura zabaltzeko». Autogestioaren eta musika independentearen eskola izan zen hura. «Hutsak egin genituen, baina zenbait gauzatan asmatu genuen. Nork bere bidea egin du Esan Ozenkiren ostean, baina autogestioaren ereduak indarrean darrai. Zenbait taldek euren kabuz funtzionatzen dute, eta hor dira Bidehuts eta Talka, esaterako».

Kantuen bildumari laguntzen dion testua Imanol Ubeda kazetari eta musikariak (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean...) eginikoa da. 90eko hamarkada «miragarria» izan zela dio bertan: «Noizbait hasi beharko dugu 90eko hamarkadak eman zuena goresten. 80koa jainkotu dugu hainbeste, ezen oraindik ez diogula 90ekoari duen garrantzia eman». Esan Ozenki zigiluari buruz honako hau dio: «90eko talde eta mugimendu interesgarri askoren aterpe izan zen. Are gehiago. Nazioarteko mugak gainditzen asmatu zuen».

1995ean Negu Gorriak taldearen alde Oiartzunen (Gipuzkoa) eskainitako Hitz Egin kontzertu erraldoiaren bideoa DVD formatuan kaleratu dute, gainera, Creative Commons lizentziarekin. Eguzki Bideoak kolektiboa arduratu da langintza horretaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.