Aitor Perez (Irun, Gipuzkoa, 1974) beti dabil punk eta rock musikaren inguruan ikertzen eta hainbat lekutan bilatzen, eta, horrela egin zuen topo 1990eko hamarkadaren bukaera aldean Yanka Diagilebaren musikarekin. Abestien lehenengo entzunaldian errusiarrak zerbait esan nahi ziola sentitu zuen; «zerbait transmititu» zion, eta, jakin-minak jota, gehiago sakontzen hasi zen. Diagilebak bere hitzekin zer esan nahi zuen jakiteko, errusiera ikasteari ekin zion musikariak, eta bi urtez aritu zen hizkuntza ikasten. Jakin-minaren eta errusiar hizkuntza ikastearen ondorio da A Bask Tribute to Yanka Diagileba diskoa.
Diagilebaren diskografian 25 kantu inguru daude, eta Perezek gustukoen zituen hamalau abestiak aukeratu ditu diskoa osatzeko. Perez hitzen eta musikaren moldaketez, instrumentazioez, grabazioez eta nahasketez arduratu da, eta, proiektuari ahotsa Eneritz Furyakek (Irun, Gipuzkoa, 1993) jarri dio. Abeslariak, gainera, bere ahotsa moldatu eta egokitu egin ditu proiektu honetarako, eta, Perezen ustez, lan txukuna egin du proiektuari «bere ukitu pertsonala» eskainiz.
Yanka Diagileba Perestroika garaiko Siberiako abeslari eta sortzaile bat izan zen, eta 1980ko hamarkadaren erdialdean idatzi zituen bere obra gehienak. Hala ere, bere abestiak hil ondoren argitaratu ziren —24 urterekin hil zen, argitu gabeko egoeran—.
1987-1988tik aurrera, kontzertu ofizialak ematen hasi ziren hainbat lekutan. 1987an, esaterako, Siberiako Novosibirsk hirian lehendabiziko rock jaialdia egin zuten. Hala ere, ohikoa zen pisu eta lokal sekretuetan kontzertuak ematea. Perezek dio kontzertu horiek akustikoak izan ohi zirela, eta askotan grabatu ere egiten zituztela.
Diagilebaren bikotekidea Jegor Letov zen, Grazhdanskaja Oborona taldeko kidea. Hari, ordea, KGBri jazartzen zitzaion, eta Diagilebak ihesaldi askotan lagundu zion. Perezen ustez, bizitza gogor xamarra izan zuen Diagilebak, baina hori garai hartako rock artista askoren bizimodua izan zen. Eta, hori gutxi balitz bezala, Siberiako rock eta punk musikarien artean emakume bakarretakoa izan zen.
Omentzea helburu
Diagileba bakarka ibiltzen zenean, folk errusiar estiloan aritzen zen, baina batzuetan rock eta punk musikariekin ere elkartzen zenez, bere kantuetan nahasketa «bitxi» bat egin, eta punka eta estilo industriala ere sartu zitueneko grabazio batzuk ere badira: «Nik, nolabait, hari horri jarraitu diot diskoa egitean», azaldu du Perezek.
Proiektuaren helburua Diagileba omentzea izan da. Perezek aspalditik izan du ideia hori buruan, eta, denborarekin, garatuz eta forma hartuz joan da. «Bitxi samarra dirudi siberiar kantari bati omenaldia egitea, baina horrela izan da; bizitzaren kasualitatea izan da, eta, beraz, horrela izan behar zuen».
Perezek 2015. urtean ekin zion musikari dagokion lanari, baina proiektua aurretik hasi zuen: «Formaz aldatzen joan den proiektu luze bat izan da; hasieran, niretzat egin behar nuen zerbait zen, baina azkenean guztiekin konpartitu dut».
Diskoa egiteko erabakia hartuta, ideiak garatzen hasi, eta itzulpenekin jarraitzeko laguntza eskatzea erabaki zuen. Diagilebaren hizkuntza «oso aberatsa» zen, eta, gainera, ezagutu eta ulertu behar diren erreferentzia asko agertzen dira haren hitzen artean, sobietar irudiak edo ipuin herrikoiak, esaterako. Musikariarentzat, beraz, itzulpenak izan dira erronka nagusia: «Errusieratik euskarara ezin da zuzenean itzuli, eta, beraz, hitz guztiak moldatu dira kantuen metrikari jarraitzeko. Melodiak errespetatzea lan zaila izan da, alde horretatik».
Itzulpenekin zituen arazoak ikusita, atzerrira joatea erabaki zuen. Aurrekonturik ez zuenez, baliabide bat nagusitu da proiektuan: «Oztopoak gainditzeko dirurik tartean ez dagoenean, irudimena erabili behar da, eta, azkenean, irudimena erabiltzeak bete nau gehien».
Perezek, diskoaren bidez, hizkuntza gutxituetan ere konplexurik gabeko lan ederrak sor daitezkeela erakutsi nahi izan du. «Ez dugu pentsatu behar txikiak garenik, edo zerbait izateko musika anglosaxoia kopiatu behar dugunik. Ez diegu zertan modei jarraitu».
Euskaraz mundura
Diskoa osatzen duten hamalau abestiak euskaraz dira; izenburua, aldiz, ingelesez. Musikariak bazekien Euskal Herrian proiektuak interesa piztuko zuela, baina ez diskoaren edizio osoa saltzeko bezainbeste. Horregatik, Europari eta atzerriko publikoari begira ere egin du lana. Erabaki horrek, gainera, nolabait euskara kanpoan erakusteko balioko duela uste du. Eta balio izan du: «Ez dakit oso ondo nola, baina diskoa Siberiara iritsi da, eta bertatik gutun pila bat bidali didate; diskoarekin harrituta, batetik, eta pozik, bestetik, bertako emakume bat omentzeagatik».
Diskoa binilo zurian eta beltzean kaleratu da soilik, eta eskuratzeko, Perezi berari eskatu behar zaio. Fisikoki erosi nahi izanez gero, Donostiako Skizo dendan, Azpeitiako Malmai Rekordsen (Gipuzkoa) eta, Bizkaian, Irrintzi Diskak banatzaileari eskatuta lortu daiteke. Egun Beltzak taldearen webgunean ere entzungai dago diskoa.