Proiektuaren izenak eta diskoaren izenburuak loturaren bat erakusten duten arren, Moxalen abestiak ez dira Audiencen larre bereko bazka. Gernikako taldeak bi hamarkadaz jorratu duen folk, country eta rock klasikoaren arteko uztarketaren arrasto gutxi dago Hannot Mintegia taldekide ohiaren egitasmo berrian, eta bai, ordea, zinemako musika, trip-hopa, loop-ak, iluntasuna, ahotsak eta giro artegagarriak.
Mintegiak sortu ditu abesti guztiak, baina musikari eta telebistako errealizadore horrek ez du bakarkako ariketa gisa ulertzen sormena. «Behar dut jendea inplikatu. Asko gustatzen zait beste musikariekin kolaboratzea, besteen diskoetan jotzea... saltsa hori gustatzen zait». Hortaz, hainbat lagunengana jo du Zaldikatu lehen diskoa osatzeko: Aiora Renteriak (Zea Mays), Miren Narbaizak (Napoka Iria, MICE), Mursegok eta Ainara LeGardonek ekarpen nabarmena egin dute ahotsetan, eta Aitor Etxebarriak, Gaizka eta Ager Insunzak (Audience), Txufo Wilsonek (Empty Files) eta Jose Lastra ekoizleak lagundu diote soinu geruzen sarea ehuntzen. Diskoa bihar argitaratuko du Forbidden Colours zigiluak, biniloan eta formatu digitalean, eta martxoaren 16an Gernikako Lekuek jaialdian aurkeztuko du zuzenean lehen aldiz.
Promozioko argazkian, sudurretik odoletan ageri zara, baina satisfazioa iradokitzen duen irribarrea duzu ahoan. Ondoriozta liteke disko hau egiteko bidea zaila izan dela, baina merezi izan duela.
Argazkia Azalgorri abestiarekin egin dugun bideoklipetik aterata dago, eta irudi dibertigarri bat delako aukeratu dut. Izan ere, neure buruari agindu nion disko hau egiteak dibertigarria izan behar zuela. Will Oldhamek, elkarrizketa liburu batean [Will Oldham on Bonnie 'Prince' Billy, Alan Light, Will Oldham, 2012), zera dio gutxi gorabehera: «Musika eta diskoak egitea ariketa gogor eta mingarria baldin bada, orduan akats bat da. Erakuts iezaiozu zeure buruari dibertigarria izan beharko lukeela». Asmo horrek gidatu nau: prozesua ahalik eta gutxien konplikatzea eta ondo pasatzea. Ez dut lortu gauzak erraz eta sinple egitea, baina bigarrena bai, batez ere azkenengo fasean. Kolaborazioen zatia gozatua izan da niretzat. Gustatuko litzaidake beti horrela lan egitea, Miren Narbaizarengana joatea eta egotea egun bat bere lokalean gauzak proposatzen eta egiten. Ainara LeGardonekin, berdin. Mursegorekin posta elektroniko bidez egin dugu dena; ziztu bizian trukatzen genituen ideiak, grabazioak... Haien hizkuntza musikala eta artistikoa izugarri gustatzen zait, eta ez da egon batere tentsiorik.
Kantuen egilea zu bazara ere, Moxal ez duzu proiektu pertsonal edo bakarkako ibilbide baten hasiera gisa azaldu nahi izan, zuk «koordinatutako» proiektu gisa baizik. Lan kolektibo baten emaitza puntuala izendatzeko hartutako izena da, ala jarraipena izango du?
Bi ideia horien artean dago. Niri ez zait asko gustatzen pertsonalizatzea, eta ez dut atsegin nire izena proiektu baten buruan jartzea. Interesgarriagoa zait beste era batera aurkeztea, eta musikaren izpirituarekin gehiago bat datorrela uste dut. Esaterako, hasierako ideia zen nik ez abestea diskoan eta kolaboratzaileek abestea. Halaber, ez dut nahi Moxal zerbait itxia izatea. Kontzertu bakoitzean nork edo nortzuek joko duten ez jakitea nahiko nuke; agian, ni bakarrik azalduko naiz, agian sei joango gara, igual hiru... Nahiago dut musikak hitz egitea, irudiek eta istorioek hitz egitea, entzuleek proposamen batekin topo egitea, eta ez pertsona jakin batzuekin.
Abesti gutxi batzuk grabatzea zen zure hasierako asmoa, ea zer gertatzen zen, baina kolaboratzaileei deika hasi zinen, eta proiektua hazi egin zen estudioan. Nola izan da prozesua? Hauxe da buruan zenuen diskoa?
Ez da egon plangintza zurrun bat, baina, estudioan egun gehiago egoteko aukera izan ahala, abesti gehiago agertuz eta forma hartuz joan ziren. Jose Lastraren inplikazioa handia izan zen, Forbidden Colours zigiluarena ere bai, eta, azkenean, gustura egoteko moduko bederatzi abesti grabatu genituen. Horietako bat ez da diskoan sartu. Oso-oso pozik nago emaitzarekin, eta bada buruan nuen diskoa. Kolaborazioak intuizioz izan dira. Ia denekin kolaboratu dut aurretik, eta oso naturala izan da haiei deitzea.
Promozio orrian diozunez, «bakarrik ibiltzen ikasteko prest» izaten da moxala. Audience uzteko erabakia lotuta dago disko hau egiteko asmoarekin?
Ez, batere ez. Audience bukatu zen lanak ez zidalako uzten taldearen erritmoari eusten. Audience utzi eta gero, ez nekien musika egiten jarraituko nuen, baina Aitor Etxebarriarekin jotzen hasi nintzen [Mintegiak berak zuzendutako Markak dokumentalaren musika aurkezteko], eta asko gozatzen da Aitorrekin jotzen... Audienceren kantuak jotzea ez da erraza, kantu gaitzak dira teknikoki, exijenteak, konposizio lan handia dago, egiturak itxita daude ia modu matematikoan, moldaketa denak oso landuta, entsegu asko dago atzean... Aitorrena beste perspektiba bat da: exijentea da, baina askatasun handia duzu. Aitorrekin berriro disfrutatzen hasi nintzen, eta prozesu kreatiboaren barruko harra berriz esnatu zen. Horri irteera emateko modu bat izan da diskoa. Asko gustatzen zait estudioan egotea, bat-batean soinu edo giro bat sortzea...
Itxuraz, Moxalek aldaketa dakar Audiencekiko. Country-rock alternatiboaren arrastorik ez da kasik —Laguntzeko niri eta Haixie gara izan daitezke salbuespenak—, eta beste estetika eta hizkuntza musikal batzuk azaltzen dira: trip-hopa, zinemako musika, elektronika, loop-ak, koruak, esperimentazioa…
Eragin horiek beti egon dira hor, baina nik ez nuke hainbeste ezberdinduko Audiencen musikatik. Audience beti izango da nire eragin nagusia. Nire Musikene izan da: hor ikasi dut kantuak sortzen, moldaketak egiten, dinamikak garatzen, jotzen... Niretzat, osagaiak berberak dira, baina proportzio ezberdinetan jarrita. Musikarekin asko flipatzen duzun adin bat izaten da, gauza berri asko deskubritzen duzuna. Nire kasuan, PJ Harvey, Bjork, Nick Cave, Fugazi, Tricky, Neil Young...horiek denak batera deskubritzeak eragin zidan inpaktua betiko geldituko da, osagai horiek beti egongo dira.
Disko honetan, asko eragin dit Ainara LeGardonek azken diskoan [Ainara LeGardon, 2017] erabaki batzuk nola hartzen zituen ikusteak. Aitorrekin ere ikasi dut sinplifikatzen, baina apustu bat egiteko. Diskoko kantu batzuetan ez dago nire gitarrarik, espazioa zegoen gitarra sartzeko, baina, horren ordez, dagoenari garrantzia eman diogu, horren aldeko apustua egin dugu.
Iluntasuna eta giro artegagarriak nagusi dira diskoan. Gure telenobelie-n lortzen duzu «Gu gara zatoz hona» leloak eragin mehatxagarria izatea.
Ez dut bilatu iluna izatea. Zinemako musika asko-asko gustatzen zait, David Lynchen pelikulak, B serieko filmak.... Hitzetan eszena moduko bat iradokitzen dut, ez dago oso argi zer gertatzen den, pertsonaia gutxi batzuk daude, gela ilun batean gertatzen da... Kantu batzuek funtzionatu dezakete ahotsik gabe, atmosfera bat sortuz, baina gustatzen zait ahotsa narratzaile batena balitz bezala erabiltzea, zerbait kontatzen duena...
Kantu bakoitzarekin ikus-entzunezko pieza bat egiteko asmoa duzu. Irudietan pentsatzen duzu musika sortzerakoan?
Irudietan ez nuke esango, eszena edo sekuentzietan agian bai, baina oso konkretuak dira. Izan ahal da nire bizitzako momentu batzuk fikziora eramanda moduan. Nire sorkuntzaren zati bat oso intuitiboa da, soinuak gustatzen zaizkit notak edo harmoniak baino gehiago, soinuaren eta frekuentzien arteko konbinazioak zer iradokitzen didan, zeren falta sumatzen dudan... hori izaten da abiapuntua. Gero dator lan kontzientea, gauzak ordenatzea, kentzea, egiturak lantzea...
Hitzak eta abesteko era ere oso intuitiboak dira. Diskoko gauzarik original eta intransferibleena dira. Hitzak baldin baditu, kantuak badu nik momentu horretan behar dudan zerbait, niretzat balio duena. Eta abesterakoan, berriz, nire iparrorratza izan da berba egiten dudan moduan abesten saiatzea. Eta, askotan, hitz bat sartzerakoan, pentsatzen nuen nire aitaitak hitz hori erabiliko ote zuen... Agian ez zuen erabiltzen, baina nire oroitzapenean bai. Zalantza une askotan hori izan da heldulekua: agian akordea ez da interesgarria, baina gutxienez hitzak eta esateko era baditu abestiak. Bada zerbait.
Elkarrizketa osorik irakur daiteke helbide honetan: www.badok.eus
Hannot Mintegia. Musikaria
«Diskoa egitea dibertigarria izateko asmoak gidatu nau»
Audience taldeko kide ohiak Moxal proiektua jarri du martxan. 'Zaldikatu' da lehen emaitza, hainbat kolaboratzaileren parte hartzearekin ondutako atmosfera iluneko disko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu