Josetxo Goia-Aribe. Saxofoi jotzailea

«Disko honetan Josetxorik aske, libre eta eroena atera da»

Musika tradizionala eta jazza nahasi ohi ditu Josetxo Goia-Aribe saxofoi jotzaile nafarrak, eta lehen aldiz zuzeneko emanaldia grabatu du 'Hispania Fantastic' lanean, mikromezenasgo bidez finantzatuta argitaratu berri duen diskoan.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Tradizioa eta jazza nahasten ditu Josetxo Goia-Aribe saxofoi jotzaileak (Doneztebe, 1959). Musikaria eta Musikeneko irakaslea da, eta jotak, pasodobleak eta prozesio martxak maite ditu. Hispania Fantastic argitaratu berri duen diskoan ere tradizioa eta inprobisazioa landu ditu, baina, oraingoan, zuzenean grabatu ditu abestiak. Pozik lantzen ditu haurtzaroan ikasitako doinuak, eta, oraingoan, Ebro ibaiaren beste aldera pasatu, eta Espainiako musika tradizionalarekin lan egin du. Ohiko lankide dituen Baldo Martinez kontrabaxu jotzailea, Antonio Bravo gitarra jotzailea eta Lucia Martinez bateria eta perkusio jotzailearekin batera, zortzi abesti bildu ditu diskoan, eta hor entzun daitezke Aste Santuko prozesioak, Ebroko bailarako doinuak eta sanferminetako Riau-riaua, besteak beste.

Nolako esperientzia izan zen Hispania Fantastic zuzenean grabatzea?

Esperientzia oso positiboa izan zen. Hispania Fantastic nire zortzigarren diskoa da, eta aurreko zazpietatik ezberdintzen duena da horixe, zuzenean egin genuela. Lehen aldia da diskoa zuzenean grabatu duguna, eta konturatu gara horrek kosmetika alde batera uzten duela, ez dagoela atzera egin eta doinuren bat edo beste aldatzeko aukerarik.

Entzuleek ere zuzenean entzun zuten diskoaren grabaketa. Hutsen bat egiteko beldurrik izan al zenuen?

Zuzenean grabatzearen arriskua hori da. Kasu honetan, hiru kontzertu egin genituen, eta horietako bat aukeratu genuen diskoa osatzeko. Gainera, pianoaren ordez gitarra aukeratu dugun lehen aldia da, disko honetan inprobisazio oso askea egin dugulako. Horrelakoetan, gitarrak kolore gehiago eskaintzen ditu. Egia esan, jendea oso ondo portatu zen; beharbada, normalean baino pixka bat tenteago zeuden grabatzen ari ginela jakinda, baina emaitza asko gustatu zaigu. Autoprodukzio bat izanda ere, hor bada arriskua, nire dirua eta energia jokoan jarri baititut lan hau egiteko. Gainera, ez dugu izan aukerarik egindakoa aztertu eta txukuntzeko, zuzenekoa zelako. Dena den, arrisku hori artistikoki onuragarria izan da. Hemendik aurrera diskoak egiten segitzen badut, zuzenekotasun hori behar dut. Jazzean ona da kosmetikatik aldendu eta zuzenekoari garrantzia ematea, benetakoagoa.

Beraz, bada loturarik Hispania Fantastic-en eta aurreko lanen artean?

Hispania Fantastic laneko hainbat elementu aurreko diskoetan ere bazeuden. Egia da oraingoan ez dudala jotarik landu, baina beti hartu izan ditut tradizioari lotutako doinuak. Kasu honetan, Ebroren beste aldera pasatu naiz, ikaragarri gustatzen zaizkidan doinuekin lan egiteko. Musika kultura guztiak besarkatzen ditut, eta Espainiako musika oso hurbil sentitzen dut. Hispania Fantastic izena horregatik dator, eta gustatuko litzaidake bide horretatik jarraitu eta disko gehiago ateratzea, Espainiako musika tradizionalak jotak berak baino ibilbide luzeagoa eta ugariagoa duelako. Alan Lomax AEBetako etnomusikologoa, besteak beste, Espainian eta Euskal Herrian ibili zen, harrapatzen zituen doinu tradizionalak grabatzen. Nik ere ideia horri jarraikiz hartu ditut tradizioaren musika horiek, baina, lekukotasun bat eman beharrean, inprobisaziorako erabili ditut. Disko honetan, Josetxorik aske, libre, eta eroena atera da.

Parisen egin zenituen hainbat urte. Hango musika tradizionala lantzeko gogorik izan duzu?

Ez, sortzeko ditudan irudimen guztiak nire haurtzaroan entzundako musikarekin lotuta daude. Ez nintzen Iparraldean sortu, Nafarroan baizik, eta Euskal Herriko zein Espainiako musika izan dira nire zainetan sartu diren doinuak. Bizi izan ez dudan musika tradizionala erabiltzea halako pelotazoa ematea izango litzateke. Nik ene bihotzean maitekiro bildu ditudan soinuekin lan egiten dut. Zintzotasun ariketa bat da. Musika horiek oso nireak dira.Iruñean, ijitoez inguratuta bizi nintzen, eta ikaragarri gustatzen zait haien musika, eta baita pasodobleak, flamenkoa eta beste ere. Gaztetan irentsitako doinuak dira, besterik gabe. Eta garrantzitsuena: dibertitu egiten naiz musika horiekin lanean.

Diskoa finantzatzeko, mikromezenasgora jo duzu. Erraza izan al da?

Bai, oso sinplea. Zenbait mezu elektroniko bidali nizkien lagun eta ezagunei eta musika maite dutenei. Orotara berrehun mezu elektroniko bidali nituela uste dut, eta berrehun horietatik 50 bat pertsonak parte hartu dute dirua emanez. Gero, horietako batzuk kontzertuetara etorri ziren.

Eta, diskoarekin batera, DVDa ere atera duzu: babes ekonomikoa lortu zenuen seinale.

Bi motatako babesak lortu ditut, Alde batetik, ekonomikoa, osoonuragarria musika egiteko. Horrekin esan nahi dut diru horrekin aberasteko inolako asmorik ez nuela; guztia proiektu hau bideratzeko erabili dut. Eta bigarren babesa, niretzat garrantzitsuena, espero ez nuen jendearengandik jaso dudan maitasuna izan da. Harrigarria da espero gabe zure musikan sinesten duen jendea aurkitzea eta berriz aurkitzea; ikaragarrizko maitasuna eta energia sentiarazi didate.

Krisiak bultzatuta eta gobernuen laguntzak gutxituta, geroz eta jende gehiagok bilatzen dituzte finantzaketa kolektiboa eta antzeko iturriak. Hori al da bidea?

Esango nuke historikoki artistak beti ibili direla mezenasgoaren pean. Eta ondo iruditzen zait, inbertsio hori ez delako materiala, gogoa aberasteko baizik. Gaur egungo gizartean ez daude halako zale aunitz, eta ondo legoke artea eta kultura maite duen eta dirua duen jendea inbertsio hori egitera animatzea. Gero, instituzioek zenbat lagundu behar duten esatea... Hori kafe asko hartzeko moduko eztabaida da.

Zuri lagundu al dizute instituzioek?

Eusko Jaurlaritzak lagundu nau nola hala, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, kasurik ere ez dit egin. Instituzioek ere nolabait lagundu behar dute; ez dakit zenbat, baina garrantzitsua da gure lanbideei eustea.

Beraz, mikromezenasgora joko duzu etorkizunean?

Mikromezenasgoa bide egokia da kultura sustatzeko. Eta ez dira nahastu behar mezenasgoa eta txapela pasatzea. Ni ez naiz eskean ibiltzen; ez da karitatea. Bestelako ziklo batean bizi gara, Internet, Youtube eta abarrekin, eta agertokietatik urrundu egin gara. Beraz, ez da erraza diru iturriak aurkitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.