Xabier Soubelet. Kantari, idazle eta margolaria

«Disko honetan ama itsasoa hor dago; nire funtsa itsasoa da, ura»

Poeta eta margolari gisa ezaguna, kantua ere aspalditik praktikatzen du, nahiz eta 59 urteen beha egon den berak konposatutako kantuekin osatutako 'Gezitik gazira' diskoa kaleratzeko.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Hamasei urtetan piztu zitzaion kantatzeko gogoa. Ez dok Amairukoekin, euskal kantu berriaren grina sartu zitzaion. 59 urteen zain egon da, haatik, Xubiltz (Ziburu, Lapurdi, 1953), bere lehen diskoaren argitaratzeko. Autoekoitzia, Gezitik gazira izenburupean, hark berak idatzi eta konposatu 16 kantu eta olerki kantatuz osatua du. Nat Cazarrek gitarrarekin eta Andreas Shneider flauta eta saxofoi jotzaileak lagundu diote grabaketan. Heldu diren kontzertuetako bat martxoaren 22an daukate Donibane Lohizunen.

Hamasei urtetatik kantuz ari zara, baina 59 urte betetzearen zain egon lehen diskoaren grabatzeko?

Egia esateko, 1973 edo 1974an kantaldi batzuetan parte hartu nuen. nire musikarekin bertso zaharrak hartzen nituen. Donibane Lohizuneko Pergolan, Xabier Lete eta Manex Pagolarekin, Baionako San Andres elizan Gorka Knorrekin. Baina nire gitarra murritza sentitzeagatik, niretzat bederen ez ongi jotzeagatik, utzi nuen. Baina beti kantuz segitu dut. Hitzak eta musika. Izan behar ditut ehun kantu hurbil eginak etxean. 35 urte behar izan ditut musikari onak atzemateko. Nahiz eta ez deus egin bilatzeko.

Diskoan bildu 16 kantuak etxean gorde 100 kantu horien best of bat dira?

Hiruzpalau badira orain dela 30 urtekoak, existentzialistak, bizia eta hila aipatzen dutenak. Sortzea... Gero, badira beste hainbeste euskara goraipatzen dutenak. Euskararen erabilpena suspertu nahi dutenak. Badira, agian, ezohiko gaiak aipatzen dituztenak ere.

Diskoaren izenburutzat hautatu duzuna, adibidez, Gezitik gazira?

Bai, Itsas bazterrean bizi garenok badakigu nola ibai behera heldu denean eta itsas gora aurkitzen duenean, hor, badela geldiketa bat. Momentu txiki batez existitzen dena, ez aitzinera, ez gibelera. Ibaia iragana izan liteke, itsasoa etorkizuna eta geldiketa hori oraina.

Etorkinei ere bi kantu eskaintzen dizkiezu. Hunkitzen zaituen gai bat da?

Espainiako hegoalderantz pateretan nola heldu diren etorkin beltzak urrundik etorriak, itsasoaren indarretatik salbatu direnak. Batzuk ito dira... Hurbiletik ikusi nuen Andaluziara joanez, behin, horrelako barku bat. Beltzak han, eta Guardia Zibilak haien bila. Disko honetako bi kantuetako batean etorkin baten elkarrizketa dago, onartuko duen lurrarekin. Europa lurra alde batetik eta bestetik etorkina.

Euskarak ere leku berezia du, besteak beste Ote iza? kantuan; bertsolariak omentzen dituen kantuan.

Oteizak Quosque Tandem…! liburuan bertsolariei omenaldi bat egiten zien. Nola euskaltasuna atxikitzen duten. Eta Ote iza? horretan hondartzan ezartzen ditut, bai Oteiza, bai bertsolariak. Eta bertsolariak bat-batean itsasora sartzen dira bizkar igerian. Bertsoa beti atzealdera egiten baita. Eta nonbaiten urrunean murgiltzen dira, eta hondartzan den publikoari bertsoa heldu zaio uhinen bidez, kresalaren bidez, haizearen bidez, aparraren bidez, argi eta itzalaren bidez... Eta olerkia bukatzerakoan, Oteizak egin duen hutsa aipatzen dut. Nik uste dut hutsak ematen digula gure betetasuna eta euskaltasuna.

Zerk egiten du olerkia kantua edo olerki musikatua bilakarazten duzula?

Ote iza? hastapenetik ez da kantu bat. Idatzia zen irakurtzeko. Baina huts bat harrapatzen nion eta musika bat sortzeko gogoa sartu zitzaidan, eta kantu bat bilakatu, baina ez da kantu bat ere, azkenean da, olerki musikatua.

Kantu bat litzateke, errepikak balitu?

Kantu gehienak horrela dira. Badituzte koplak, leloak, errepikatzeko gisan. Metrika tinko batekin. Besteak desorekatuak dira, baina desorekatze horretan oreka handia bada.

Nondik ikasi duzu kantuen asmatzen?

Dena belarriz egiten dut. Txistua jotzen dut, gehiago notekin, baina belarriz ere. Eta asmatzen ditudan gauzak belarriz dira. Kantuak belarriz dira. Nik uste dut margolaritzan eskola akademia tinko batetik pasatu ez naizen bezala, hor ere, gauza berdina. Eta sekulan ere ez dut ikasi idazten. Hiru arlo horiek azkenean espresio bat baizik ez dira. Barnetik heldu zaizuna, eta ateratzen den bezala.

Barnetik duzun hori batzuetan margo, besteetan idatzi edo kantu bezala ateratzen zaizu. Zerk egiten du bide bat ala bestea hartzen duela?

Badira garaiak eta lekuak. Eman dezagun, Baztanen, Arizkunen dut nire tailerra eta erakustokia. Han tindatzen dut. Donibanen [Lohizunen] ezin dut tindatu. Ez da posible. Aldiz, Donibanen, etxean, idazten dut eta musikak egiten ditut. Arizkunen ez liteke posible ere idaztea. Gauza horiek arras finkatuak dira denboran ere. Udan ez dut idazten ahal, ez dut musikarik egiten ahal. Tinduan sartua naiz. Maiatzetik urrira, argia eta margolaritza. Neguan, gehiago, idatzi eta musikak egin. Eta gauza gehiago ere. Agian horiek maniak dira, baina arropak ere, eman dezagun. Arropa batekin tindatzen dut eta beste batekin idatzi. Badut panto zahar bat etxean, ematen dudana idazteko.

Ura anitz aipatzen duzu diskoan, justuki, Donibane Lohizunen idatzi dituzulako kantuak?

Nik uste dut badirela funtsak. Ziburun sortua eta Donibanen bizia, nire funtsa, itsasoa da, ura. Baina 15 urteko gazte bat bere gurasoez eta amaz urruntzen den bezala, nik utzi nuen itsasoa mendiaz mintzatzeko, kantatzeko eta margotzeko. Baina ama ez da sekulan ukatzen, eta adin pixka bat gehiagorekin, berriz ere amarengana. Eta lan honetan, dudarik gabe ama itsasoa hor dagoela. Bai existentzialistak diren olerkietan, bai berriak direnetan, edo ez ohiko gaiekin eginak daudenetan, denak itsasoari edo ibaiari lotuak dira. Baina bada gauza bat. Erreka eta iturria mendian sortzen da eta itsasora joaten da. Baztanen sortzen da Urdazuri, Baztanen sortzen da Bidasoa. Lokarri hori beharrezkoa dugu eta nik hori beharrezkoa sentitzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.