Disko berezia da Pizpirri. Ez du musikari batek sortu notak eta hitzak batuta. Diskoaren abiapuntua zeharo ezberdina da: haur motxiladun baten eta aitaren arteko bertso eta olerkiak ditu oinarrian, hogei urtean telefono deietan eta bisita laburretan grabatuak.
Amaiur Iragi jaio zenetik, aita kartzelan bizi izan da. Hori dela eta, harreman berezia izan dute, abesti, olerki eta bertsoen bidezkoa. «7 urte inguru nituenean hasi ginen kantuak sortzen», azaldu du alabak. «Aitak sortzen zituen, gero bisean bisekoetan kantatzen genituen, eta etxera bueltako bidaietan ere abesten nituen». Halaber, gogoratzen du ia hamabost urtez aitak etxera egiten zituen bost minutuko deiak grabatzen zituela. Audio horiek landu zituen iaz, urte osoan, aitari ezer esan barik, Gabonetan oparia egiteko.
Hainbat eskuk egindako lana izan da. Amaiurrek eta aitak sortutako hitzak hainbat artistak eta musika taldek jaso zituzten, eta musikatu eta grabatu egin zituzten. Gero, alabak disko batean bildu zituen hamar abestiak, lagunen laguntzaz masterizatu, CD kutxa apainean sartu, eta aitari oparitu, hitzen liburuxka eta guzti.
«Abestiak aitak sortzen zituen, gero bisean bisekoan kantatzen genituen, eta etxera bueltako bidaietan ere abesten nituen»
AMAIUR IRAGI 'Haur motxiladuna' eta 'Pizpirri' diskoaren sortzailea
Dozenaka musikari, artista eta bertsolari bildu dituen proiektu horrek argia ikustea merezi zuela iruditu zitzaien orduan. Edozein haur motxiladunen istorioa izan zitekeela ohartu ziren. «Herri honek horrelako milaka istorio ditu, eta polita iruditu zitzaigun kontakizunaren alde hori erakustea», azaldu du Iragik.
Handik urtebetera, Ataramiñe elkarteak atera du argitara. Horrela azaldu du Mitxel Sarasketak, Ataramiñeko kideak, diskoak zelan egiten dion erronka espetxe sistemari: «Bizitzaren zentzurik intimoena harremanak dira. Beste pertsonekin ditugun harreman horiek dira pertsona egiten gaituztenak, eta kartzelak hori bera oztopatzera bideratutako zigorra dira».
Lan kolektiboa
Lana Porrotxen eta Amaiur Iragiren ahotsekin hasten da. Lehen abestian, bien artean azaltzen dute proiektuaren abiapuntua, aita presoaren eta alabaren arteko komunikazio bide berezia, eta ideia nondik jaio zen. «Baina ez da haurrentzat propio sortutako lana», ohartarazi dute, «Letra batzuk zatarrak dira, aldarrikatzaileak, eta doinu batzuk ere, antzekoak». Des-kontrol taldeak musikaz bete duen abestiak honela dio: «Erantzun zaidazu, kamarada/ Ez zaizu gustatuko, beharbada/ Ta ezin daitekeela bi aldeetan/ Aldi berean egon... Ez hemen, ez inon!».
Aita-alabek abestutako olerki bat ere bada diskoan, baina harreman berezi hori ondoen islatzen duen kanta Noraezean dela ados daude biak. Azken hori aitak espetxetik telefonoz botatako bertso bat da, alabak grabatutakoa, eta orain Eñaut Elorrieta abeslariak musikatua. «Mozkortu egin ginen hori da maitasuna/ Piztu genuen milioika izarretan sua/ Baina gaur, keak estaltzen du zerua/ Gaur... biharamuna». Bi gizonek batera sekula abestu ez badute ere, hala izan zela dirudi.
Xabi Solanoren erromeria doinuak ere bildu dituzte, eta Amaiurren lagunen artean grabatu dute Marijaiaren omenezko abesti bat ere. Doinu tradizionaletatik urrunduta, satira zorrotza egin dute aitaren abesti gogokoenean. Gainontzekoak doinu arin eta gogorrak dira, hainbat talde eta musikarik landutakoak: Iheskide, Uda, Brigade Loco, Zarama taldeko Roberto Moso, Napalm Lynott, eta M.C.D. eta Motorsex taldeetako Niko Vazquez, besteak beste.
Hamar bertsolariren artean, gainera, aita-alabak idatzitako sei olerki musikatu grabatu dituzte. «Noiz hasi ote zen dena urruntasun hurbilean/ Itsasontzi miragarriz piratak ginen unean/ Errepideko marra bat, hiru, bost, sei kontatzean/ Nola sartu bizitza bat bertso baten laburrean/ Nola sartu bizitza bat ordu t'erdiko tartean/ Nola sartu bizitza bat telefono dei batean/ Nik bizitza bat sartzen dut 'maite zaitut' esatean». Horixe kantatu dute Ametsen piratak abestian, lan kolektibo batean, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Alaia Martin, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza eta Igor Elortza bertsolariek.
Zergatik 'Pizpirri'
Diskoak aspaldi hildako landare baten izena hartu du. Amaiur txikia zela, aitak Castellongo kartzelan (Herrialde Katalanak) aurkitutako landare bat izan zen Pizpirri, hondarrez eta hautsez betetako botila batean erein eta zaindu zuena. Alabak hileroko bisitetan ikusten zuen Pizpirri hazten, osasuntsu.
Diskoaren lehen pistan, olerki batekin azaltzen dute Amaiurrek eta Porrotxek zer gertatu zitzaion Pizpirriri: «Sorterria nekez uzten du sustraiak han dituenak, ordea, eta, landarea aske etxera eraman genuenean, ez ginen jabetu agian hobe egongo litzatekeela bere sorterrian, etxera heldu eta han hil baitzitzaigun Pizpirri».
Landare zena gogoan dute oraindik ere. Izen bereko disko hau da horren froga. Orain, edozeinen eskura jarri dute Durangoko Azokan eta Zirika kulturguneko abenduko Herri Dendan, eta asmo dute beste hainbat tokitan ere saltzeko. Webgune bat ere sortu dute diskoarentzat, baina aitortu dute unean-unean ari direla diskoaren gaineko erabakiak hartzen, egoerak eta izan duen harrera onak gainditu egin baititu.