«Disko bat kontzeptuala da definizioz»

'Belurbe' plazaratu du The Icer Companyk, asmatutako hiri baten eguneroko errealitatea erakutsi nahi duen kantu bilduma. Gaur aurkeztuko du Iruñean

The Icer Company izenaren pean kaleratutako bigarren lana bada ere, talde gisa pentsatu, sortu eta grabatutako lehen kantu bilduma da Belurbe. BERRIA.
Jon Eskisabel.
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
The Icer Company ez da jada Iker Zia eta konpainia. Helbide elektronikora iristen diren mezuak erantzuteko ardura lau taldekideen artean banatzen dute orain. Belurbe-k ekarri du aldaketa (El Dromedario Records). Izen horren pean kaleratutako bigarren lana bada ere, talde gisa pentsatutako, sortutako eta grabatutako lehen kantu bilduma da. «Talde moduan konposatzen ikasi behar izan dugu, eta buruhauste handia izan da. Laurok oso apasionatuak gara, konpromiso handia dugu egiten dugunarekin, eta asko eztabaidatu eta borrokatu gara. Bide luzea izan da», laburbildu du Ziak.

Kasik bilatu gabekoa izan zen The Icer Companyren sorrera. Ur abisalen espedizioa (Gor, 2013) kaleratu ondoren hasi ziren Zia (ahotsa eta gitarra), Arkaitz Ezkai (bateria), Ruben Matilla (gitarra) eta Xabier Valverde (baxua) elkarrekin jotzen. Arima Sutan taldean aritutakoak ziren Zia eta Ezkai. «Etxean modu prekarioan grabatutako kantu batzuk nituen, garai pertsonal zail batean sortutakoak, akustikoak eta kutsu malenkoniatsukoak. Arkaitzi erakutsi nizkion, eta haiekin zerbait egin behar genuela esan zuen». Ezkai bera arduratu zen kantuak zabaltzeaz. Ruben Matilla Kerobiako kide ohiari bidali zizkion, eta hark gitarra elektriko batzuk grabatu zituen bere kasa. Matillak, halaber, Xabier Valverderi pasatu zizkion baxua gehitzeko, eta, azkenik, Ezkaik berak bateria grabatu zuen. «Mimo handiz egindako artisau lana izan zen, baina prozesua guztiz alderantzizkoa. Diskoa genuen, baina talderik ez, ezta luzerako proiekturik ere», gogoratu du Ziak.

Hain zuzen, kantuak aurkezteko, kontzertu batzuk jo eta uztea zen asmoa. «Kontzertuetan oso feeling ona sentitu genuen. Kantuak oso ondo ateratzen ziren, eta jendeari ere gustatu zitzaion». Diskoaren ale bat Gor diskoetxera heldu zen, eta berrargitaratzea erabaki zuen. Horrek beste bultzada bat eman zion taldeari, Nafarroako Gobernuak antolatutako Encuentros lehiaketako lehen saria irabazi zuten gero, «eta jarraitzea erabaki genuen». Aldiz, taldea ez zen diskoaren ildoarekin erabat identifikatzen. «Taldea askoz alaiagoa zen diskoko kantuek adierazten zutena baino, kolore gehiago zuen. Ni neu ere ez nengoen eroso iluntasun horrekin, eta zerbait berria egitea erabaki genuen».

Batera konposatzen ikasteari ekin zioten. Entsegu lokalean jotzen hasi eta berehala ateratzen ziren gauzak. «Onerako zein txarrerako», dio Ziak, «taldea oso ona da. Arkaitz, Ruben eta Xabi oso musikari onak dira, musika asko entzuten dute, eta oso modu aktiboan». Ifrentzua zera da: «Hainbeste musika gustatzen zaienez, zaila da asmatzea zein den bakoitzaren gustuko ildoa une bakoitzean. Hori gakoa da gurean, kide bakoitza saiatzen baita garai horretan entzuten ari dena taldearen musikan islatzen. Alde horretatik, ez gara oso egonkorrak, baina eraginen nahasketa horretatik sortu da gure soinua».

Izaki Gardenak, Sen, Kerobia eta Ken Zazpik zedarrituriko pop-rockaren lauki zabalean sartzen da Belurbe. «Asko landutako kantuak dira, arau gisa sinpletasuna bila aritzen garen arren, eta oso ezberdinak euren artean», azaldu du abeslariak. Grabatzeko, Haritz Harregi soinu teknikari eta musikariarengana jo zuten, besteak beste Ken Zazpirekin egindako lanaren erreferentzia hartuta. «Bai, egia da. Ni Sen taldearen oso fan handia izan nintzen, eta hortik ezagutzen nuen Haritz. Banekien oso langilea dela, oso profesionala eta oso zehatza eta zorrotza. Haritzen estiloko talde bat garela uste dut. Demoa entzun zuenean berehala esan zuen: hauxe grabatu nahi dut nik».

Estudioan hilabeteko lana aurreikusi zuen taldeak: bi aste grabatzeko eta beste bi nahasketak egiteko. «Autoprodukzioa probatu ondoren, superprodukzio bat egin nahi genuen. Soinu kalitate profesionala nahi genuen. Kantu hauek tratamendu mantsoa behar zuten, kantu sinpleak izan arren detaile asko baitaude». Gor diskoetxea, ordea, ez zegoen taldearen eskakizunei erantzuteko moduan, eta beste ate batzuk jotzen hasi ziren. Alen Aierdi Marea taldeko bateria joleak sorturiko El Dromedario Recordsek eman zien baiezkoa. «Musikariek sortutako diskoetxe bat da, eta badakite zer dagoen: edo zaintzen da eszena, edo 10-15 urtean hilko da. Apustua egin dute gure alde, eta nahi genuen bezala egin dugu diskoa».

Testuak, hitzen abiapuntu

Lirikoki, kontzeptu baten inguruan osatutako diskoa da Belurbe. «Asmatutako hiri bat da Belurbe, inguruko edozein izan zitekeena. Belurberi buruz hitz egitea gure inguruari buruz hitz egitea da», dio taldeak sustapen orrian. «Krisialdi» batean sortutako ideia izan zela argitu du Ziak. «Niretzat, disko bat kontzeptuala da definizioz. Ezin dituzu kantu batzuk irizpiderik gabe bildu izenburu baten azpian. Horrekin nahiko obsesiboa naiz». Ondorioz, kantu guztien doinuak amaitu zituztenean «arazo handia» sortu zitzaion, ez zuelako diskorako kontzepturik buruan. «Hamabost abesti genituen, baina ez nekien zer kontatu. Ur abisalen espedizioa-n hustu egin nintzen, eta geroztik ez zait ezer pasatu bizitzan». Halaber, kezka sortzen zion hitzak musikaren maila berean ez egoteak: «Hitzei garrantzi handia ematen diet. Hitzak ez dira kantuaren moldaketa bat, abestiaren erroa baizik».

«Esperimentu bat» egitea erabaki zuen: testu bana idazteko eskatuko zien hainbat laguni, eta testu horietatik abiatuta sortuko zituen kantuen hitzak. «Istorio, gogoeta edo sentimendu bat azaltzeko eskatu nien, eta marko bat sortu nuen horiek denak biltzeko: alegiazko hiri bat: Belurbe». Oso talde heterogeneoa osatu zuen: musikariak (Eneko Zabalza, Jurgi Ekiza, Tristan Crowley, Xabi Bandini...), idazleak (Gotzon Barandiaran, Goiatz Labandibar, Alejandro Pedregosa, Miren Amuriza...) eta lagunak. «Saiatu naiz zerbait esateko duen jende interesgarria bilatzen, baina, azkenean, taldearen inguruko kontakizun baten moduan geratu da». Taldearen webgunean irakur daitezke testuak, kantuen hitzekin batera. «Oso ariketa interesgarria izan da, eta oso balorazio positiboa egiten dut. Ziur nago metodo tradizionalean egin izan banitu, hitz batzuk erredundanteak eta mami gutxikoak izango zirela». Kolaboratzaileen testuetan islaturiko hiria «barnerakoia, ez oso aktiboa eta esperantza izpirik gabekoa» iruditu zaio Ziari: «Espero nuen disko hau argitsua izatea, baina hitzetan iluna geratu da, agian jo dudan jendea joera horretakoa delako».

KONTZERTUA

Nahiak Nahi + The Icer Company. Gaur, Iruñeko Subsuelo aretoan, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.