Basterretxeak diseinuan egindako lana berreskuratuz abiatu dute haren mendeurrena

Artistak sortutako altzari eta arkitektura diseinuen maila nabarmentzen duen erakusketa zabaldu du Bilboko Arte Ederren Museoak.

Emakume bat, Nestor Basterretxeak sortutako altzariei argazki bat ateratzen. LUIS TEJIDO / EFE
Emakume bat, Nestor Basterretxeak sortutako altzariei argazki bat ateratzen. LUIS TEJIDO / EFE
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko otsailaren 23a
14:45
Entzun

«Sinesgaitza da orain arte nola ez den baloratu Europan egiten zen puntako diseinuaren mailan egon zen figura hau. Lehen lerroko figura bat da, inongo liburutan azaldu ez den arren». Nestor Basterretxea da (Bermeo, Bizkaia, 1942 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2014) Pedro Feduchi arte komisarioak aipatzen duen artista ahaztu hori, eta deskribatu duen nolabaiteko bidegabekeria historiko hori konpontzeko saiakera bat da Peio Agirre eta Pedro Reula komisarioekin batera osatu duen Bilboko Arte Ederren Museoko Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketa. Maiatzaren 26ra arte egongo da ikusgai, eta, haren bidez, sortzailearen alderik ezezagunenaren erreskate horrekin hasiko da Basterretxearen mendeurrenerako prestatutako programa ere. Maiatzaren 6an ehun urte beteko baitira haren jaiotzatik.

Bost areto hartzen ditu erakusketak, eta ibilbide zirkularra proposatzen du. Baina ez kasualitatez, Pedro Reula komisarioaren arabera. «Badira ibilbide osoan errepikatuta ikus daitezkeen Basterretxearen keinu batzuk, diziplina batetik bestera dabiltzanak». Haren hitzetan, ezin da haren diseinu industriala haren sorkuntzaren gainerako adarretatik bereizita ulertu. Eta horren erakusgarri da erakusketako harrera lanak egiten dituen lehen gunea.

«Badira ibilbide osoan errepikatuta ikus daitezkeen Basterretxearen keinu batzuk, diziplina batetik bestera dabiltzanak».

PEDRO REULAkomisarioa

Ia diziplinaz diziplina jauzika ikus daiteke Basterretxearen jarduna areto horretan. Artistak 1950eko hamarkadan diseinatutako altzariak ez ezik, 1970eko hamarkadako koadro bat ere topatuko du bisitariak lehen gune horretan, bai eta Euskal kosmogonia serierako sortutako Argizaiola izeneko eskultura ere. Baina eskultura hori ere ez dago erabat geldi, Basterretxeak «arkitektura» gisa ulertzen baitzuen lana, eta hura eraikin bilakatzeko egindako diseinu batzuk ere topatuko ditu bisitariak hormetan.

Basterretxearen eta Oteizaren Irungo etxea

Gero, aretoz areto, era gutxi gorabehera kronologikoan jarraitu ahalko ditu bisitariak diseinugintzan artistak egindako ibilbidearen arrastoak. 50eko hamarkadatik hasita, Huarte familiarentzako diseinatutako burdinazko altzariak ikusi ahalko ditu lehen gunean, Donostian zabaldutako Espiral izeneko dendarako sortutakoak hurrengoan, Biok enpresarentzako sortutako zurezko altzari bildumak, eta Deustuko Unibertsitaterako diseinatutako liburutegiaren eraikinarentzako planoak eta maketak, azkenean eraiki ez bazuten ere.

Txoko propio bat du erakusketan Basterretxeak Jorge Oteizarekin batera diseinatu eta harekin konpartitutako Irungo etxeak ere (Gipuzkoa). Eta, komisarioek azaldu dutenez, hain justu ere hori da azkenean eraikia izan zen Basterretxearen proiektu bakanetako bat. Halere, eraikina oso egoera eskasean dago egun, eta horregatik egin dute haren azterketa zehatza. Guillermo Zuaznabar Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaileak gidatu du lan hori, eta maketa bat ere egin dute hura oinarri hartuta. Azaldu dutenez, gainera, maketa hori gakoa izan daiteke eraikina berritzeko lanetarako.

Nestor Basterretxearen erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan. LUIS TEJIDO/ EFE
Nestor Basterretxearen erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan. LUIS TEJIDO / EFE

Artistaren garapena ere igar daiteke erakusketako ibilbidean. Madrilen bizi zen sasoikoak dira, esaterako, lehen aretoetako obrak. Irunera bizitzera joan zenekoak biltzen ditu bigarrenak. Eta, komisarioen hitzetan, hirugarren aretoan bada Basterretxearen interesa non zegoen erakusten duen detaile bat. Pedro Feduchi komisarioak azaldu duenez, Biok enpresarentzako sortu zituen altzarien izenek argi erakusten baitute artistak zer kezka zerabiltzan sasoi hartan. Badira Zumaia izeneko aulki batzuk, Orio izeneko sofa bat eta Bermeo deitutako lan mahai bat. «Bere lurrari, euskal munduari askoz ere lotuago dagoen Nestor Basterretxea bat ikusten dugu hor, elementu askoz ere lokalagoekin lanean ari dena».

Arkitektura «utopikoak»

Aurrez ere, atzera begirako zabala eskaini zion Bilboko museoak Basterretxeari, 2014an. Peio Agirre izan zen haren komisario ordukoan, eta haren jardun artistikoa izan zen bilduma haren ardatza. Oraingoan, nagusiki arkitektura lanak aztertu ditu Agirrek, eta, azaldu duenez, ibilbide osoan izan zuen harekiko interesa Basterretxeak. Eta, haren hitzetan, azkenean haietako gutxi batzuk bakarrik eraiki ahal izan zituen arren, «bizitza osoa» eman zuen proiektuak egiten. Arkitektura «utopikoak» izan zirela esan du horregatik.

Asmo zabalago baten parte ere bada Basterretxeari buruzko erakusketa, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak azaldu duenez. Diseinuari eta eta arkitekturari eskainitako bilduma bat sortzeko asmoa du museoak. Erakusketaz gainera, oraingoan, Basterretxearen diseinu eta arkitektura lanei buruzko ikerketak biltzen dituen katalogo mardul bat ere kaleratu dute ele bitan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.