Diseinatutakoaren memoria

Malus Arbideren diseinuen lagin bat erakutsiko du Bilboko La Taller guneak 'Index' erakusketan

Malus Arbide artista, Index erakusketaren pieza zentralaren ondoan. Diseinuen sailkapena da obra. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Motz eta zehatz iragartzen du Malus Arbideren erakusketa berriaren muina izenak berak: Index. Alegia, «indizea, fitxategia, katalogoa, mapa, atlasa», besteak beste. Hori iradokitzen du tituluak, artistaren hitzetan. «Zerrendatzen duen zeozer da, eta, aldi berean, bilatzeko balio du». Kontzeptu horrek batzen ditu Arbidek Bilboko La Taller gunean erakutsiko dituen obrak, baina hitzak lotura du, batez ere, pieza bakar batekin: hain zuzen, aretora sartu bezain laster bisitariaren atentzioa harrapatzen duen lamina luze batekin. Izan ere, sailkapen bat da, hitzaren adierarik literalenean: artistak 1998tik 2006ra egindako diseinuen gordailua, zehazki. Bihartik apirilaren 2ra bitarte ikusi ahal izango dira pieza hau eta aretoa betetzen duten gainontzekoak.

Laminak toki «zentrala» hartzen du erakusketan, baina, paradoxikoki, Arbidek ez zuen helburu artistikoekin sortu. Aldiz, urteetan egindako lana «artxibatu eta ordenatu» nahi izateak ekarri zuen pieza, artistak azaldu duenez. Diseinu bakoitzaren pantaila argazki bat egin eta hori lantzen du artistak: editatu egiten du «gero telan inprimatu ahal izateko kalitate onenean». Ordenagailuan hasi zen aurrena argazki horiek gordetzen, familietan sailkatutako karpetak erabiliz: «Edukia ezberdina da tamainari, koloreari edota bereizmenari dagokionez».

Alabaina, «ordenagailuak abantailak eta desabantailak» dituela dio Arbidek eta, sailkatze prozesuan, bigarren horiek gailendu ziren. «Muga batzuk daude; ezin duzu edukia pantailatik harago zabaldu». Artxiboaren edukia «ikusgarri» egin nahi zuela erabaki zuen, «formatu handiko koadroa margotzen denean bezala». Horiek horrela, hamarkadetan gordetako informazio guztia inprimatzea erabaki zuen 2016. urtean. «Dena begi bistan eduki nahi nuen».

Pieza nagusiaren ekoizpen datak ezarri du, halaber, Arbidek egindako obretatik zeintzuek osatuko duten erakusketa. Izan ere, laminaren inprimaketatik aurrera ondutako lanen artean hautatu ditu artistak La Taller aretoan ikusgai egongo direnak. Alegia, Arbideren ibilbide oparoaren azken lau urteen isla da Index, baina aurreko urteek ere lorratza utzi duten oraingo selekzioan, artistaren hitzei erreparatuta. «Adibidez, margotzeko euskarri gisa erabili ditut lehendik nituen hiru oihal, mihiseak izango balira bezala». Antzeko prozedura erabili du aldameneko pieza bat ontzeko. «Eskuz erreproduzitu dut duela urte asko ordenagailuz egin nuen diseinu bat. Zaharragoa da diseinua interbentzioa baino», nabarmendu du.

Diseinu berrien zein zaharragoen oinarrian arlo oso ezberdinetatik hartutako «efektu bisualak» daude. «Nire karrera profesionalaren hasieratik interesatu zaizkit efektu optikoak, gaizki ulertuak, diruditena ez diren gauzak...». Oihaletan inprimatutako estanpatuetan ageri dira, besteak beste, «efektu zinetikoak edota kromatikoak». Esaterako, moare efektua erabiltzen du ohiko objektu bat ezagutezin bilakatzeko. «Bi trama gainjartzen dira, eta, ondorioz, mugimendu efektua duen irudia sortzen da. Ez badut esaten zer den, inork ez du ezagutuko. Misterioa eransten dio». Erakusketako lan guztiak «erlazionatuta» daudela azpimarratu du Arbidek: «Ez ditut piezak konpartimentuetan zatitu, denak dira lan prozesu beraren parte».

Baliabide digitalen etorrera

La Taller aretoan erakutsiko diren lanak «oihalgintzan oinarrituta» dauden arren, Arbidek, sortzeko orduan, hortik harago jo izan du hainbatetan. «Eskura izan ditudan inprimaketa teknika guztiekin esperimentatzen saiatu naiz: zeramika, polikarbonatoa, metakrilatoa...». Teknologia berrien iturritik etengabe edan duen lana ere baita Arbiderena. «Artea ikasten hasi nintzenean, ez ziren ordenagailuak existitzen. Eskuz lan egiten hasi nintzen. Gero Photoshop heldu zen, eta denbora asko eskaini nion, nekatu nintzen arte. Orduan, eskuko tekniketara itzuli nintzen». Azken urteetan, teknikek sintesira jo dute, bere hitzei erreparatuta: «Momentu honetan, ezagutu izan ditudan teknikak konbinatzen ditut.Hori da nire lanaren zatirik berriena».

Artisautza eta arlo digitala uztartzearen aldekoa da Arbide, baina, dioenez, harreman «gatazkatsua» dago eremu horien artean. «Sailkatu egiten dute, eta ez dute aintzat hartzen bereizketa hori absurdoa dela askotan». Dioenez, diru laguntzarik eskatu beharko balu administrazioan, ezingo lituzke artisautzaren esparruan eskatu, ordenagailua erabiltzen duelako, baina ezta arlo digitalean ere, oihalaren gainean inprimatzen duelako. «Sektore askotan aurreiritzi horiek daude; ez daude eguneratuta». Erakusketa uztarketa horren isla ere izan daitekeela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.