Ia urtebete da Garbiñe Ortega (Gasteiz, 1981) Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiko zuzendari izendatu zutela, lehiaketa publiko bidez. Iragan larunbatean amaitu zen jaialdiaren hamabigarren aldia. Ortega pozik dago bost egunez garatu duten programazioak izandako harrerarekin, batez ere «jaialdiaren ekarpena urte osora hedatzen hasi delako».
Astebete besterik ez da igaro Ikuspuntu jaialdia amaitu zenetik. Baloraziorik egiteko tarterik izan duzue?
Oraindik lantaldearekin bilerak-eta egin beharra daukat, baina jaso dugun feedbacka oso positiboa izan da. Oso pozik aritu gara etorri diren profesionalak, artistak, gonbidatuak eta lantaldeko kideak. Uste dut helburu nagusiak bete ditugula; besteak beste, eragileen arteko harremanak estutzea eta komunitatea errotzea. Adibidez, oso polita izan da astelehenetik larunbatera aretoak beteta ikustea, saio zailetan, gainera. Laborategia izan da programazioaren berrikuntzetako bat, eta nabarmentzekoa da izan duen harrera ona. Bi astez, Los Angelesko kolektibo bat hainbat artista eta ikaslerekin lanean aritu da. Super 8an grabatutako film bat egin dute. Laborategiko partaideak azkeneko egunean etorri zitzaizkidan esanez talde bat sortuko dutela proiektuarekin jarraitu nahian. Izugarria da jakitea badela ekarpenik jaialditik harago.
Lehiaketa bidez irabazi zenuen Ikuspuntuko zuzendari postua. Zer dela-eta aurkeztu zenuen hautagaitza?
Ez da batere ohikoa halako postuak lehiaketa bidez hautatzea. Azken zortzi urtean atzerrian bizi izan naiz, baina, lehiaketa abian jarri zenean, Gasteizera itzuli nintzen, familiarengana. Iruñeko aukera horren berri izan nuen, eta ia-ia beharrezkoa iruditu zitzaidan nire burua aurkeztea. Ez nuen uste inolako aukerarik izango nuenik postua eskuratzeko, baina irabazi egin nuen, eta hemen gaude.
Zuzendari izendatu aurretik, bazenuen harremanik Ikuspuntu jaialdiarekin?
Bai, eta horregatik da horren berezia zuzendari izendatu izana. Jaialdiaren lehen aldietan etorri nintzen. Unibertsitateko ikasketak amaitu nituenean, nire proiektuekin hasi nintzen, eta bide horretan ezagutu nuen jaialdia. Aitortu behar dut asko zor diodala Ikuspuntu jaialdiari. Profesional eta artista ugari ezagutu ditut, eta hortik aurrera hasi nintzen haiekin lanean.
Jaialdiaz zenuen perspektiba aldatu da?
Zalantzarik gabe. Lehen aldi haietan, ikasketak amaitu berri nituen, eta asko ikasi dut ordutik. Esperientzia profesional aberatsa pilatu dut, bai Kalifornian eta baita Mexikon ere. Gainera, duela hamar urtetik egun arte, asko aldatu da jaialdien mundua. Ikuspuntu jaialdia jaio zenean halako ekitaldi oso gutxi zeuden Espainiako Estatuan. Gaur egun, iruditzen zait eskaintza askoz ere aberatsagoa dela alde horretatik.
Zertan nabari duzu aldaketa jaialdien eremuan?
Batez ere kopuruan; lehen baino askoz ere gehiago daude orain. Horrez gain, eskaintzaren kalitatea ere nabarmen hobetu da. Gainera, kultur espazio ugari ireki dira hamabi urteotan; nabarmentzekoa da Donostian dugun espazioa, Iruñetik ordubete eskasera: Tabakalera. Ia astero programatzen dute Ikuspuntu jaialdian egon daitekeen edozein proposamen. Tabakalera ez dut konpetentziatzat, gure nortasuna eta identitatea eraikitzerakoan kontuan izan beharreko espaziotzat baizik. Tabakalerari esker, gure erronka zailagoa da, baina baita interesgarriagoa ere.
Aurtengo apustuetako bat aniztasunaren eta heterogeneotasunaren aldekoa izan da. Nolako harrera izan du?
Harrera ona izan duela iruditzen zait, ikusleen aldetik batez ere. Areto guztiak betetzea lortu dugu, baita eskaintzarik arraroenak ere. Horrek erakusten du badagoela interesa bide berrietan. Gainera, publiko ezberdina erakartzea lortu dugu; ez bakarrik zinema mundutik datozenak, baita arte eszenikoetatik edota arte kontzeptualetatik datozenak ere.
Emakume zinemagileengan ere jarri duzue arreta. Zinema dokumentalean ba al da zinema komertzialean generoaren ikuspegiak duen arrakalarik?
Aurten, Sail Ofizialean emakumezko zinemagile gehiago zeuden gizonezkoak baino, eta uste dut hori ez dela kasualitatea. Zinema hau libreagoa dela esango nuke. Diru gutxi dagoenez, dokumentalen mundua askeagoa da. Zer gertatzen da zinema komertzialean? Emakumeei ez dietela uzten aurrekontu handiak dituzten proiektuak egiten. Beraz, ez da kasualitatea aurrekontu txikiagoa duen zinema mota batean emakumeek filmak egitea. Itxiera ekitaldian, Aitor Merinok eman zuen Sail Ofizialeko zinemagile gizonen eta emakumeen datua. Ez nuen horren berri, Sail Ofizialekoak ez nituelako zenbatu. Horrek esan nahi du, generoa albo batera utzita, emakumeek egiten dituzten lanak oso onak direla benetan.
Zure ibilbide profesionalean, abangoardia zinemaren orbitan ibili zara. Zer nolako aukerak ematen dituzte dokumentalek abangoardiaren bidean?
Nik ez ditut bereizketak egiten; nire lana kategoria horiek apurtzea da. Definizioak zabaldu egin behar direla iruditzen zait, ez murriztu. Ez nuke ezberdindu nahi zer den dokumentala eta zer ez, zer den abangoardia eta zer ez. Ikuspuntu jaialdian eskaintzen diren filmekin bideak zabaltzen ari garela iruditzen zait. Hori da zaindu behar duguna. Estetikoki eta tematikoki apur bat berritzaileak diren proposamenak eskaini nahi ditugu.
Programatzailea, ekoizlea, jaialdietako epaimahaiko kidea, ikertzailea eta, orain, zinema jaialdi bateko zuzendaria. Ofizio horien artetik, zeinetan sentitzen zara erosoen?
Zinema komisario modura ikusten dut nire burua. Zenbait filmetan lagundu izan dut ekoizten, baina ez nuke esango ekoizlea naizenik; ekoizleei errespetu handia diet. Egia da lanbide honetan ofizio horiek guztiak oso gertu daudela. Bereziki zinema komisarioa naizela esango nuke.
Jaialdia amaitu berri den arren, heldu den urtekoan pentsatzen hasi zarete?
Orain atseden pixka bat behar dugu balorazio sakona egiteko. Baina iragan azaroan, 2018ko jaialdiko programazioa itxi nuenean, 2019ko jaialdiarekin pentsatzen hasi nintzen. Burua beti dago martxan, eta hori da gustatzen zaidana. Dagoeneko baditut izen batzuk buruan. Gainera, zenbait kolaborazio egin ahal izateko, aurretiaz diseinatu eta adostu behar izaten dira. Beraz, atsedenaren ondotik, buruan ditugun izenak konfirmatzen eta 2019an eskainiko dugun programazioa zehazten hasiko gara.
Garbiñe Ortega. Ikuspuntu jaialdiko zuzendaria
«Diru gutxi dagoenez, dokumentalen mundua askeagoa da»
Amaitu berri da Ikuspuntu jaialdiaren hamabigarren aldia, eta Garbiñe Ortega zuzendaria pozik dago izan duen harrerarekin. Dagoeneko hasi da heldu den urteko programazioan pentsatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu