‘Nire fantasia’
Testua eta antzezpena: Andoni Mutiloa.Musika zuzenean eta argiak: Iñaki Santos. Abestiak: A. Mutiloa, I. Santos. Lekua: Hernaniko Biteri kultur etxea. Eguna: abenduaren 19a.
Esnatu naiz eta Sex-sua ikuskizunen ondoren Nire fantasia ondu du Andoni Mutiloak. Aurrekoetan bezala, hirugarren ekoizpen honetan ere kabaret-varieté euskarrian sostengatzen da ikusgarria, eta LGTBQI+ komunitateari keinu eginez, euskal mundutik dir-dir-maritxu izaera zein estetika aldarrikatzen ditu. Funtsean, kanta emanaldia da, baina egiari zor, abestien arteko testuek garrantzia dute eta horrek nolabaiteko teatraltasunez bustitzen du Mutiloaren lana.
Donostiako Poltsiko Antzerkiak bultzada eman zion proiektu honi, eta hasierako emanaldi labur hura ordubeteko saio bihurtu zaigu estreinaldiaren egunerako. Eta estreinaldia izateak hiru ideia ekartzen dizkit gogora. Lehenbizikoa: abestien exekuzio maila denboraren poderioz hobetuko dela ziur naizela; bigarrena: emanaldi asko aurreikusten diodala queer guneetan; eta hirugarrena: antzoki baten oholtza ez dela toki onena Nire fantasia aurkezteko.
Mutiloak berak azaldu zigun Hernanin bertan estreinatu nahi zuela arrazoi emozionalengatik, baina ni nago ikuskizunak energia galdu zuela oholtza handiegia geratzen zitzaiolako. Are, eszenatoki txikiagoko tokietan askoz hobeto funtzionatuko lukeelakoan nago. Ondorioa? Nire fantasia ez dela antzokietan antzeztekoa. «Orduan non?», galdetuko didazue.
Esther Newtonek Mother Camp saiakeran esana da tabernak —eta zentzu zabalean dantzalekuak, edota LGTBQI+ komunitatearen edozein ostatu— instituzio kulturalak direla. Eta ideia hori buruan, aukeran Nire Fantasia horrelako plazetan zabaltzeko gomendatuko nieke. Zalantzarik gabe Biteri Kultur Etxea bezalakoak ez dira mota honetako ikuskizunetarako leku egokiak.
80ko hamarkadako tankerako kantek dantza egitera gonbidatu gaituzte hasiera-hasieratik; letrek erresistentziari eta aldarrikapenari tarte nabarmena eskaintzen diete, eta mezu argia zabaltzen dute: bete zure ametsak. Ekintza iraultzaileagorik ez dago. Abestien arteko diskurtsoak txirikordatzen dituen haria mezu horretan oinarritzen da. Horretan eta oholtzak artistengan sortzen duen liluran eta erakarmenean.
Mutiloak badaki publikoarekin hartu-emanak gobernatzen, begiradaz eta aurpegieraz ikusleei iradokizunak bideratzen. Presentzia eszenikoa du, eta ausardia ez zaio falta. Artista hernaniarrak asmatutako abestiak erraz irudikatzen ditut udako berbenetako hainbat ahotan, alaitasun koloretsua eta protesta biltzen dituen erreibindikazio dantzagarrian.
(Post: Emanaldiaren dirdirari bozkarioa darion arren, Patri Urkizu irakasle eta ikertzailea joan zaigula ezin ahaztu gabiltza. Orain nori kontatuko dizkiogu ikusitakoak? Iritzia nori galdetuko diogu, eta norekin joango gara pastoraletara? Lurra arina izan bekizu, Patri, adiorik ez).