KRITIKA. Dantza

Dir-dir, dar-dar

'Shine' piezako eszena bat. LASALA
'Shine' piezako eszena bat. LASALA
2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

'SHINE'

Ideia eta zuzendaritza: Judith Argomaniz. Koreografia: Judith Argomaniz, dantzarien kolaborazioarekin. Dramaturgia: Judith Argomaniz, Puy Barral, Fernando Epelde. Dantzariak: Jone Amezaga, Angela Arrieta, Puy Barral, Seth Buckley, Mikel Casal, Garazi Etxaburu, Ioar Labat, Leire Otamendi. Ahotsa eta testua: Puy Barral. Tokia: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Martxoaren 14a.

Lasaladantza konpainia kontzeptu sakon zein zabal baten bueltan bildu zen sorkuntza honi bizia emateko orduan: libertatea. Zerk egiten gaitu libre? Nola izan libre egungo gizarte turbokapitalistan? Pieza honek gorputzaren objektualizazioa, hedonismoarekiko adikzioa, epelaburtasuna eta ihesbidearen bilaketa etengabea lantzen ditu; eta esan beharra dago eszena-proposamena guztiz koherentea dela erretratatu nahi duten estimuluz betetako mundu honekin: argiak, musika elektronikoa, bederatzi interprete taula gainean, testuaren zuzeneko ahoskera... XXI. mendeko fedeen krisian, gizakiak sentitzen duen hutsunea eta berau nolabait betetzeko, bizitzari zentzua emateko desesperazioaren oihu bat da; behar horiek bultzatuta, berehalako plazera eskuratzeko egiten ditugun praktiken —«lifting, lifton, láser, botox, hilaurónico»— erakusleiho ironiko eta lazgarri bat.

Sute honen erdian, burua zulatzen digun mandatu bat: «Distira egizu, argia zara eta». Hau da hau zoriontasuna eta arrakasta helburu omen dituen korrikaldi frenetikoa; iraganagatik penatuta, eta, aldi berean, etorkizunagatik antsietateak jota jirabiraka garamatzana.

Barka dezala irakurleak hitzok nahasgarriak badira, baina, halako espektakuluaren ondoren, goizean goiz etxetik dir-dir egiteko asmoz atera nintzen arren, dardarka atera bainintzen antzokitik; beren gorputza amildegiraino eraman zutenen izerditik gertu, erritual basati baten ondorengo mozkorraldiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.