Haizea Barcenilla
Begiz

Diplomazia

2025eko martxoaren 18a
04:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Trumpek AEBetako boterea berreskuratu duenetik asko hitz egiten ari da diplomaziaz. Alde batetik, mehatxuz mehatxu ari delako presidentea bere politika ekonomikoa eraikitzen. Eta, bestetik, Ukrainako gerraren inguruan duen jarreragatik, non egun batean Zelenskiri diktadore deitzen dion, hurrengoan hori esan duenik gogoratzen ez duela adierazten duen, eta biharamunean munduko komunikabide guztien aurrean errieta egiten dion ukrainarrari. Ez da nazioarteko politikan aditua izan behar ondo kudeatutako diplomaziaren garrantzia ulertzeko, helburu eta ikuspegi desberdinak dituzten giza taldeen elkarbizitza ahalbidetu nahi bada behintzat.

Pradales lehendakariak gogoeta bera egin duela dirudi, aurreko astea AEBetan bidaian eman baitu, euskal enpresen eta industriaren alde lan egiten. Bere adierazpenetan ez du zuzenean bertako presidentearen kontra hitz egin, baina ulertarazi du lan egiteko eta adostasuna lortzeko moduak bilatu behar direla akordioetara iristeko, denon hobe beharrez. Ekonomiaz ari zen, noski. Kulturarekiko ikuspegi erabat desberdina du.

Hain zuzen, bidaiaren parte New Yorkeko Guggenheimera bisita egitea izan da, Urdaibain ireki nahi den museoari buruzko informazioa emateko. Zorionekoak New Yorkeko Guggenheimekoak: guk baino gehiago dakite jada, Euskal Herrian ez baitzaigu esan nolakoa izango den museo hori eta zein helburu kultural dauzkan. Izan ere, esan zaiguna kontrakoa da, proiektua ez dagoela oraindik onartuta eta «ebaluazio prozesuan» dagoela. Bide horren barnean entzute prozesu bat jarri zuten abian, eta horretaz ere mintzatu da Pradales.

Lehendakariak esan du entzute prozesua ez dela loteslea –hori aurretik ere bagenekien– eta Bilbon Guggenheim eraiki zenean ere jende asko kontra egon zela. Jende horrek guztiak hasierako iritziak jan behar izan zituela eta hasieratik alde egon zela esaten duela gaur, lotsatuta. Alegia, Pradalesek aditzera eman du entzute prozesua iruzur hutsa dela, bi helburu dituelarik: kasu egin zaiela sentiaraztea parte hartzaileei, hasieratik erabakia zegoena berdin egingo bada gero ere; edo, are, kontra dagoen jende horri guztiari ulertaraztea oker daudela, Guggenheim zoragarria izango dela Busturialdearentzat, euren inteligentzia txikiak hori ikusten uzten ez badie ere.

Alegia, entzute prozesu deitu duten horretan, kontra daudenek alde daudenen argudioak entzun behar dituzte, boterea eta arrazoia dutelako. Alde daudenek, aldiz, ez dute ezer entzun beharrik; entzuten dutenarena egin behar dute, besterik ez, tentelei begira irribarre egin bitartean, pazientziaz josita. Egia esan, narraskeria apur bat gutxiago erakutsi du lehendakariak, baina, estrategia aldetik, ez diot Trumpekiko desberdintasun handirik sumatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.