Dimentsio kapitaletik at

Bestelako eredu pornografikoak aurkeztuko dituzte zenbait artistak Bilboko La Fundicion aretoan asteburuon emango duten 'Pulsiones SX' ikuskizunean.

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Egungo pornografiak besteak beste kapitalismoak planteatzen duen eredu heterosexistari erantzuten diola iritzita, Pulsiones SX proiektuari heldu diote zenbait jendek Bilbon. Eta, horren barruan, izen bereko ikuskizuna aurkeztuko dute La Fundicion aretoan gaur, bihar eta etzi, 20:00etan.

Barbarina Dar-darrek zuzenduta, pornografiatik postpornografiarako jauzia egingo dute hiru aktorek, Jon Koldo Vazquez, Juanjo Otero eta Raketa Brokobitxek. Sexua Playboy inperioak ezarritako ereduaz bestela praktikatu eta kontsumitu daitekeela azaltzen ahaleginduko dira, «kabaret antzeko proposamen eszeniko baten bitartez». Adrian Garcia de los Ojosek ikuskizunerako beren beregi sortutako musika erabiliko dute, bideo eta argazkiez gain. «Umorea eta kritika ere nahasiko ditugu, plazer handiz», esan du zuzendariak.

Pulsiones SX proiektuaren lehen urrats gisa, Zer porno? izenburuko galdetegia banatu zuten hainbat jenderen artean. Zer pornografia mota kontsumitzen duten, gustuko al duten, zeintzuk fantasia dituzten... Galdera horiei jendeak emaniko erantzunak ikuskizun bihurtu dituzte, eta Beatriz Preciado filosofo eta queer ekintzailearen gogoetekin uztartu, Pulsiones SX obran.

Dar-darrek dioenez, Preciadoren liburu bi hartu dituzte kontuan batik bat:Pornotopía. Arquitectura y sexualidad en 'Playboy' durante la guerra fría (2010) eta Testo Yonqui (2007).

Horrenbestez, egungo pornografiaren jatorria auzitan jarriko dute, generoen arteko mugei gaina hartu, eta sexua praktikatzeko eta kontsumitzeko modu estereotipatu eta heterosexista haustearekin bat. Horretaz gain, «kapitalismo farmakopornografikoaz» hitz egingo dute, Preciadok landutakoaren haritik: «Kapitalismoak industria farmakologikoari loturiko gizaki alienatua planteatzen duela dio Preciadok, Internet eta pilulei loturiko pertsona hormonatua».

Pornografiaren «dimentsio kapitala» salatzeaz gain, bestelako ereduak aurkeztuko dituzte Pulsiones SX-n. «Azalduko dugu kapitalismoak proposatzen dituen moduez gain badaudela eredu orekatu, libre eta zintzoagoak. Postpornoak jorratu ditu horietako batzuk. Jende arruntak egin eta kontsumitu dezake pornografia, eta ez du ezinbestean binarioa izan, alegia, emakume eta gizon biren artekoa».

Orobat, erakutsiko dute pornografiak ez duela zertan gizonentzako soilik izan, hots, emakumeek ere izan ahal dutela hartzaile, eta bide horretan, gizonak plazer emaile. Hala, Zer porno? galdetegian jendeak adierazitako fantasiak argazki serie batean jaso dituzte. Eta ikuskizuneantartekatuko dituzte.

Pulsiones SX proiektuaren hurrengo urratsak Zer desira? izena izango du. Ikusmena eta entzumena ez beste zentzumenei jarriko diete arreta, ukimena eta dastamenari, esate baterako. Udazkenean aurkeztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.