Dikotomien dialektikak arakatu ditu Ainhoa Urienek bere lehen ipuin liburuan

Ignacio Aldekoa beka irabazi ostean plazaratu du 'Ehun zaldi trostan' lana Urienek. Zazpi ipuinez osatutako liburu bat den arren, «nobela traza» ere badu, egilearen esanetan. Elkarrek argitaratu du.

Ainhoa Urien idazlea, Donostian, liburua eskuan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Urien idazlea, Donostian, liburua eskuan duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko martxoaren 29a
04:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Zuri edo beltz. Gora edo behera. Ezker edo eskuin. Bataren edo bestearen alde egin behar da batzuetan, baina badira grisak eta erdiko puntuak ere. Bada, erdibideen alde egiten du Ainhoa Urien idazleak Ehun zaldi trostan ipuin liburuan. Arabako Foru Aldundiak lehenengoz antolatutako Ignacio Aldekoa bekaren irabazlea izan zen Urien —ipuin liburuak sustatzeko antolatu da beka—, eta haren bultzadari esker kaleratu du liburua. Elkarrek plazaratu du.

2020an Poesia zaurien ukendu (Xabier Leteren arrastoan) saiakera argitaratu zuen Urienek Pamielarekin, eta hau da bere fikziozko lehen lana. Zazpi ipuinez osatuta dago Ehun zaldi trostan. Independenteak direla azaldu du egileak, baina gehitu du «elkarreraginean indar handiagoa» dutela. Duela bi urte idatzi zuen lehenengo ipuina; liburuaren izenburu bera du. Ipuin horretan sortutako unibertsotik abiatuta sortu ditu gainerako seiak Urienek. «Hasierako ipuin hori gabe zaila zait gainerakoak kontzebitzea». Izan ere, lehen idazki hark «lurrikara bat» sorrarazi ziola gogoratu du, idatziz jaso nahi zituen egoera eta «atmosfera» batzuk zeudela deskubritu zuelako. Ipuinak dira liburuaren muina, baina bildumak badu beste kutsurik Urienentzat: «Nobela traza duen ipuin liburu bat da».

Bi espazioren, bi munduren edota bi sentimenduren artean dialektika sortzen saiatu da egilea: baserria eta hiria, joan eta etorri, ihes egin eta iraun, izana eta izena... «Izan daitezke desberdin, baina ez ditut dikotomian aurkeztu nahi izan. Hibridazioan ulertu nahi izan ditut, elkarreraginean». Era berean, sortu dituen pertsonaiak biko horietan eraiki ditu, baita haien erlazionatzeko moduak eta identitateak ere.

Istorio sorpresak

Ipuin batzuetan protagonistak direnak bigarren mailako pertsonaiak dira besteetan. Pertsonaiek zer garrantzi duten, irakurleari gauza bat ala bestea iradokiko diote, Urienek aipatu duenez. «Pertsonengan aurki daitezkeen istorio sorpresekin konektatzeko egin dut hori. Begirada norbere zentrotik desplazatzeko gonbita bat da». Pertsonaia guztiek euren identitatea bilatzeko nahia dutela ere azaldu du idazleak: «Leku baten bila ari dira, etxe deituko duten horren bila». Eta horretarako, usainek duten ahalmenaz mintzatu da Urien. Haren esanetan, jendea toki zehatzetara eramateko eta «identitate bat garatzeko indarra» dute usainek. Izenaren usainean ipuinean aipatzen dira, esaterako, horiek.

Pertsonaia guztiek euren identitatea bilatzeko nahia dutela azaldu du idazleak: «Leku baten bila ari dira, etxe deituko duten horren bila»

Kontakizun guztietan hirugarren pertsonan mintzatzen den narratzaile bat dago, bitan izan ezik. Horietako bat da Olinpiadek lasaitu egiten naute ipuina. Lehen pertsonan idatzita dago. Egileak azaldu duenez, gehiegi pentsatu gabe egindako hautua da hori, irakurleari kontatu beharrekoa «interpelatu gabe» egin nahi zuelako. Atzera kontaketa bat katastrofera-n, aldiz, animalien ahotsetik idatzi du Urienek. Espezieen arteko harremanak eta botere eskalak islatzen saiatu da. «Ikuspegi hiritarretik animaliekin erlazionatzeko moduak sortzen dit zalantza», gehitu du. Hori dela eta, baserri munduaren bueltan animaliekin duten harremana kanpotik azaldu nahi izan du, eta bertan kokatu du kontakizuna.

Lehenengo ipuinean bide bat kontatzen da; protagonistak —Irenek— egiten duen bide bat. Liburuaren sinopsiak dioen bezala, A-8 autobidearen mutur batetik bestera bizi da protagonista hori. Idazleak adierazi moduan, lehenengo ipuinetik azkenera, liburuak ere egiten du bere bidea, eta «zoriontasun tonuaz» amaitzen da.

Ipuin bakoitzaren hasieran marrazki bat aurki dezake irakurleak; Aitane Goñi marrazkilariak egin ditu horiek.

Kaosa, intuizioa eta diziplina

«Asko txunditzen» dute kasualitateek Urien, eta, hain zuzen, kasualitateak berak eragin du, haren esanetan, liburua idaztea. Halaber, prozesua bera nahiko kaotikoa izan dela gehitu du. Batetik, proiektua gauzatzeko zuen denboragatik, eta, bestetik, intuizioz sortu zaizkiolako ipuinetarako gaiak eta abiapuntuak: «Zoriari adi, eta sormenari zori. Hori bai, erromantizatu gabe».

Hasieran, eskuz idatzi zituen ipuinak. «Paparrean ehun zaldi trostan izango banitu bezala; gordinean». Gerora, ipuinak pixkanaka txukundu eta berridatzi zituen ordenagailuz. Urien: «Intuizioaren eta diziplinaren arteko zerbait izan da prozesu osoa». Kaosak kaos, egilea pozik da narrazio liburua argitaratu izanagatik, ñabardura bat gehitu duen arren: «Jabetzen naiz zenbat baldintzek egon behar duten zure alde horretarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.