Dickinson, Drummond de Andrade eta Hernandezen aldi

Angel Errok, Koldo Izagirrek eta Josu Landak euskaratu dituzte Munduko Poesia Kaierak bildumako bigarren labealdiko poeten lanak

Sarasola, Erro, Izagirre eta Landa, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Emily Dickinson, Carlos Drummond de Andrade eta Miguel Hernandezen poema hautaketa bana kaleratu du Susa argitaletxeak Munduko Poesiak Kaierak bildumaren bigarren labealdian, udaberrian Georg Trakl, Maria Merce Marçal eta Aime Cesairerekin hasitako bideari jarraipena emanez. Angel Erro arduratu da Dickinsonen poemak hautatu eta itzultzeaz; Drummond de Andraderen liburuaz, Koldo Izagirre; Hernandezenaz, Josu Landa.

Angel Errok uste du Dickinson XIX. mendeko poeta izanagatik ere haren poemak gaur egun ez daudela inondik ere zaharkituak, eta haren poemak itzultzean ez du, gainera, aurretik irudikatzen zuen bezain poeta iluna aurkitu. «Ez da bakarrik heriotzaz ari. Maitasunaz eta naturaz ere ari da, umore eta ironia fina dauka, bestelako kezkak ere baditu…».

«Drummond de Andrade ez da poeta teorikoa izan, baina borroka guztietan egon da», Koldo Izagirrek azaldu duenez. «Kontzientzia txarra» sentitu zuen Izagirrek Drummond de Andraderen poemen itzulpen lana amaitzean, haren lanaren berri emateko askoz ere poema gehiago itzuli beharko liratekeela uste baitu, «mende oso bat» hartzen duen obra poetikoa osatu zuenez gero. Nolanahi ere, liburua poetaren «ezaugarri batzuen berri» izateko baliagarria izango dela uste du.

Bertso lerroen neurriak zehatz errespetatu gabe, poemen «musikalitatea» mantentzen saiatu da Josu Landa Miguel Hernandezen itzultzaile lanetan. Poema itzuliak jatorrizko lanaren «bertsio berri bat» diren neurrian, poema horiekin «gozatzeko modu berri bat» eskaintzen dutela uste du Landak, «poemen bertsio musikatuek eskaintzen duten modu berean». Asko dira kantu moduan oso ezagun egin diren Hernandezen poemak, Haur itzainaTipularen sehaska kanta edoOlibazaleak, besteak beste.

Urtero sei liburu kaleratzeko asmoz sortu zuen Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak bilduma, eta sailaren zuzendariak, Beñat Sarasolak, 2015eko liburuak zein poetarenak izango diren iragarri du: Ingeborg Bachmann (Nagore Tolosak itzulia), Gabriel Ferrater (Aritz Galarraga), Sophia de Mello (Iñigo Roque), Eugenio Montale (Anjel Lertxundi), Jorge de Sena (Rikardo Arregi) eta Anne Sexton (Harkaitz Cano).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.